Gizonezkoen esku pilota asteazken honetan itzuliko da

Ataria 2020ko ekainaren 22a

Aspe eta Baikok bihar aurkeztuko dute uda guztia iraungo duen txapelketa. Bikoteak "mixtoak" izango direla iragarri dute. Altuna III.a eta Artola bertan egongo dira.

Esku pilota ekainaren 24an itzuliko da. Eibarko Astelena pilotalekuan iragarri dute jaialdia, eta dagoeneko sarrerak salgai daude. Enpresek bihar aurkeztuko dute udako jaialdi berria, eta dirudienez, Eibarkoa lehen jardunaldia izango da. Aspek iragarri duenez, elkarren aurka ariko diren aurrelariak Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia izango dira. Atzelariak zehaztea falta da. Estelarra jaialdiko bigarren partida izango da. Lehenengoan Peña II-Bikuñak eta Salaberria-Mariezkurrena II.aren aurka jokatuko dute. "Normaltasun berria"-ren barruko lehen jaialdia Alberdi-Erasun eta Egiguren V-Untoriaren arteko lehiak itxiko du.

Eibarko jaialdia 17:00etan hasiko da eta EITB-ko kamerak bertan izango dira.

Aste honetako beste jaialdiak

Baikok jakitera eman duenez, ostiralean, Zeanurin jokatuko dira hurrengo partidak. Hilaren 27an Bilboko Bizkaia Frontoian antolatu dute jaialdia eta uztailaren 1ean Irunen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!