Kalitatezko osasun publikoaren aldarria berriro ere kalean

Ataria 2020ko eka. 20a, 12:51

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak elkarretaratzea egin du Tolosako Trianguloan. Konfinamenduan egoerak okerrera egin duela adierazi dute.

COVID-19ak eragindako osasun krisialdian Asuncion klinikako zuzendaritzak ABEE bat egin izana salatu dute TOPAko kideek, "beste zentro batzuetan egin duten bezala, profesionalak beste leku batzuetan jarri beharrean". Aipatu dutenez, azken aldi honetan "etengabeak" dira profesional sanitarioen aldaketak, "mediku orokorrak kontratatzen jarraitu dute, espezialisten lana egiteko".

Plataformak adierazi duenez, hau guztia OSIaren zuzendaritzaren "inolako kontrolik gabe" ematen ari da. Beste eskualdeetako OSIetan bost lagunek lan egiten duten bitartean Tolosaldean bi lagun besterik ez direla aritzen salatu dute. Honenbestez, TOPAk berriro nabarmendu du gainerako eskualdeek jasotzen dutena baino arreta kaxkarragoa jasotzen duela Tolosaldeak. "Lehen aldiz, horrelaxe aitortu zuten Tolosaldeko Udaleko alderdi politikoetako ordezkari guztiek, martxoaren 5ean egindako osoko bilkuran".

Azken 35 urte hauetan gure eskualdea izan da inbertsiorik jaso ez duen bakarra, eskualdeko ospitale publiko bat egiteko, TOPAkoen hitzetan. "Orain 9 urte sinatu zuten hitzarmen bat, eta geroztik, 12 milioi gutxiago iristen dira gure eskualdera, besteekin alderatuta, eta arreta sanitario espezializatuaren %50 espezialista ez diren sendagile orokorrek egiten dute".

Gaurko elkarretaratzean, azpiegitura sanitarioak exijitu dituzte eta profesional sanitarioen kalitatea eskatu dute, hauentzako lan baldintza egokiekin batera. "Eskuek txalo jotzeko baino zerbait gehiagorako balio behar dute, kalera jaisteko garaia da, dagokiguna eskatzeko. Konfinamenduan balkoietara atera gara gure sanitarioek egindako lana txalotzera, eta gaur, jarraipena eman nahi diogu horri kalean. Ez esker ona erakusteko bakarrik, osasun publikoa indartzeko ere bai".

Eskualde ospitale publikoa, erabat hornitutako espezialitateen anbulatorioa eta behar adinako diru ekarpena eskatu dituzte Tolosako Trianguloan egindako elkarretaratzean. "Garaia da, gure ordezkari politikoek exijitu diezaioten, bat eginda eta dagokionari, Euskal Herriko gainerako eskualdeek daukatena".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!