Koronabirusa

Aberastasunaren banaketa eta sektore publikoa indartzea eskatu dute

Ataria 2020ko eka. 20a, 09:59

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak mobilizazioa egin du Tolosako Trianguloan. Zazpi proposamen zehatz bidali dizkie Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu diren alderdiei

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dira manifestazioak, eta eskualde guztietan mobilizazioak burutu dira ostiral iluntzean. Tolosan ere egin dute eta jende asko inguratu da Triangulora.

Laida Zubillaga, LAB sindikatuko ordezkariak hitz egin du bildutakoen izenean. Aldaketa sozialean oinarritutako eta pertsona guztien duintasuna eta eskubideak lehen lerroan jarriko dituen eredu baterantz urratsak egiten jarraitzeko deia luzatu du: "Ez dugu normaltasunera itzuli nahi, ezta ustezko normaltasun berri batera jauzi egin nahi ere. Krisialdia iraunkorra da okerren dauden pertsonentzat".

Osasun krisiak sektore guztiak baina bereziki zaurgarrienak kolpatu dituela uste dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren sinatzaileek. Langile prekarioek, migranteek edota emakumeek jasandako indarkeria areagotu egin dela esan dute eta nabarmendu dute egoera horren aurrean kapitala ez dela geldirik egon, "gehien dutenen interesak defendatzen jarraitzeko". Ezinbestekoak ez ziren sektoreak irekita mantentzeko ahaleginak edota Foru Aldundiek egin duten zerga birmoldaketa aipatu dituzte adibidetzat, besteak beste.

Hala ere, konfinamendu garaian egoera zaurgarrian dauden pertsonen autodefentsa kolektiboa auzolanean eraiki izana eta bizita duina defendatzeko mekanismoak sortu izana pozgarritzat jo dute sinatzaileek. "Langileak, ikasleak eta pentsiodunak izan gara gizarte hau benetan sostengatu dugunak. Gu gara mundua mugitzen dugunak eta gu gara bide horretan, mundua eraldatzeko boterea dugunak". Langileon eta herritarron interesak erdigunean jartzea da krisiari aurre egiteko Eskubide Sozialen Gutunak duen formula.

Azken greba feministak, urtarrilaren 30eko greba orokorra, pentsiodunen mobilizazioak, migratzaileen eskubideen aldeko ekimenak eta larrialdi klimatikoaren aldeko ekimenak aurrekari garrantzitsu bezala ikusten dituzte. "Ez gara 0tik abiatzen. COVID-19ak ez gaitu harrapatu oina aldatuta". Horregatik elkarlanean eta datorrenari erabakitasunez eta eraso klabean aurre egiteko deia luzatu dute. "Pertsonen eta mugimenduen arteko sareak eta aliantzak indartu behar dira, premiazkoa da mobilizazioa eta antolaketa behetik eraikitzea eta ezinbestekoa da kaleak hartzea. Etxean geratu gara eta orain kaleak hartuko ditugu".

Hauek dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak alderdi politikoei bidalitako zazpi eskaera zehatzak:

  • Zerga erreforma, krisia kapitalak ordain dezan.
  • Zerbitzu publikoak garatzea eta azpikontratak publiko egitea.
  • Zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa.
  • Diru sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatu eta etxebizitza eskubidea
  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioak.
  • 1.200 euroko gutxieneko soldata eta gehienez 35 orduko lan astea.
  • Pertsona guztien erregularizazioa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!