«Pribatizazioari ez biribila esateko unea da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko eka. 21a, 06:00

Konfinamendua hasi aurretik egin bezala, kalera atera eta aldarrikapenekin jarraitzen dute erretirodunek; ekainaren 27an, manifestazioa egingo dute Tolosan.

Oneka mugimenduko kidea da Nekane Berriotxoa. Urte luzez aldarrikapenak egiten jarraitu arren, argi du genero ikuspegitik oraindik lan handia dagoela egiteko. Hori bai, «pertsonak erdigunean jartzea» eskatzen du. Iñaki Elduaienek, berriz, argi du zein den bidea: eragile guztien indarrak batu eta mahai bat eratzea, tarteka deialdi bateratuak egiteko. Biek ere bat egiten dute osasun sistemak erabat publikoa izan behar duela aldarrikatzean.

Behin eta berriz biltzen zarete udaletxeen aurrean. Nolakoa izan da hasieratik erakundeen aldetik jaso duzuen tratua?

Nekane Berriotxoa: Hiru aldiz eskatu zaizkie elkarrizketak erakundeei, bai Eusko Jaurlaritzari, baita Nafarroako Gobernuari ere. Azkenengoari buruz, oraingoz behintzat, ez dugu erantzunik jaso. Lehen bietan, berriz, Iñigo Urkullu lehendakariarekin egotea eskatu genuen. Ez zuen ezezkorik eman, baina gizarte eta osasun arloko arduradunengan ezarri zuen gaia.

Ez du, beraz, ardura bere gain hartu nahi izan.

N. B.: Hala da, bai. Gainera, harrituta geratu gara, beste behar batzuk zituzten herritarrekin zuzenean bildu delako. Guretzako kolpe handia izan da.

Herritarrek, berriz, bat egiten dute zuekin.

Iñaki Elduaien: Bi urte dira bizitza, soldata eta pentsio duinak eskatuz, aldarrikapen desberdinekin kalera atera ginela. Pentsiodunek, eragile ezberdinekin, baina batez ere sindikatuekin, iaz egindako proposamen baten erantzuna jaso genuen urtarrilaren 30ean Euskal Herrian eman zen greba orokorrarekin. Mobilizazio indartsuak izan ziren. Gizarteak bikain erantzun zuen, eta herritar guztion aldarrikapenak irudikatzea lortu genuen. Herritarrek erantzun duten bezala, bistakoa da egoera larri honen aurrean nola ezkutatu diren erakundeak.

Egoera pixka bat lasaitu denean, berriro bildu zarete. Maiatzean Tolosan egindako elkarretaratzean, Espainiako Gobernuak EH Bildurekin adostutako lan-erreforma legearen eragina goraipatu zenuten. Zuei zertan eragiten dizue erabaki horrek?

N. B.: Oraindik eztabaidarekin jarraitzen dute. Adostasun batetara heldu ziren, eta berez sinatuta dago, baina dirudienez, behin-behinean atzera egin du Madrilek, eta beraz, ikusteko dago zertan geratuko den. Hala ere, une honetan, eragin handiagoa du lanean ari direnengan. Noski, epe luzera begira, etorkizunean erretiroa hartuko dutenak dira horiek.

I. E.: Murrizketa ugari izan dira azken urteetan, eta gaur egun erretiroa hartua dugunetariko batzuei jada eragin digute horietako bik. Batetik, bikoiztu egin da bataz besteko pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen zen denbora-tartea. Bestetik, murriztu egin da lehendik ezarrita zegoen sei hilabeteko langabezi sorospena. Horregatik, garrantzitsua da Jaurlaritzarekin akordio batera heltzea, nahiz eta jakitun garen horrek ez duela murrizketa guztiak desagertzea ekarriko. Jarrera kontua da, besterik ez.

Gaur, Eskubide Sozialen Gutuna eratzeko prozesuaren barruan, mobilizazioetan parte hartzeko asmoa duzue, ezta?

N. B.: Hiriburuetan izango da, goizez. Arratsaldean, berriz, eskualde mailako deialdia egingo da Tolosan, kontzentrazio batekin.

I. E.: Sindikatuek egindako deialdia babestuko dugu, orain inoiz baino gehiago, behar desberdinak ditugun norbanako nahiz eragileak elkartuta egoteko garaia delako.

Ekainaren 27an manifestazio bat egingo duzue Tolosan, ezta?

N. B.: Bai. Lehenik, bisita egingo diegu Iurreamendi zaharren egoitzako langile eta egoiliarrei. 11:00etarako igoko gara bertara. Arrazoi desberdinengatik, bertaratzeko arazoak izan ditzaketenei, 10:30ean, Tolosako Plaza Zaharretik, hau da, udaletxe paretik, autoz igotzeko zerbitzua eskainiko zaie. Behin Iurreamendiko ekitaldia amaituta, udaletxe atarira jaitsiko gara, 12:00etarako, manifestazioari ekiteko. Eskualde guztira zabaldutako deia da, beraz, bertaratzeko gonbita luzatzen diegu Tolosaldeko herritarrei.

I. E.: Eragile desberdinekin elkarlanean ari gara antolatzen datorren larunbaterako deialdia, hala nola, Tolosaldeko Asanblada Feminista, TOPA edota zenbait gazte mugimendu. Hilaren 27an, ekainaren 30az geroztik dagoen eskaera azpimarratu nahiko genuke, guztion artean sistema publikoa defendatzea. COVID-19ren pandemiak, gainera, ageriago utzi du behar hori. Pribatizazioari ez biribila esateko unea da, eta ez osasungintzan bakarrik. Hori da gure aldarrikapen nagusiena. Urrutira joan beharrik gabe, etxean dugu arazoa. Tolosaldekoa baita Gipuzkoa osoan erabat publikoa ez den ospitale bakarra.

Sistema publikoa defendatzeaz gain, gizarte-talde bakoitzak bere aldarrikapenak egiteko aukera izango du manifestazioan. Gure kasuan, 1.080, orain eta hemen mezua herritarrei helarazten jarraituko dugu. Gure ahotsa entzun nahi ez duen arren, aldarrikapen honek geroz eta indar handiagoa duela adierazi nahi diogu Urkullu jaunari. Badakigu kontu hau Madrilen esku dagoela, baina jarrera izanez gero, posible da osagarri modura lan egitea. Irailean, gainera, berriro hartu eta indar handiagoarekin ekiteko asmoa dugu. Eredu berri bat nahi dugu. Nola osatzen da hori? Osasungintza lehen planoan jarri, eta gainerako guztia, horren atzetik. Horiek ere ezinbestekoak dira bizitzeko, baina batek egon behar du lehen planoan.

Hilaren 27ko ekintza hori, baina, ez duzue soilik erretirodunentzako itxia izango den zerbait izatea nahi. Zergatik?

N. B. : Ezinbestekoa iruditzen zaigu adin eta alor desberdinetako herritarrek ere gure aldarriekin bat egitea. Ia hamarkada bat da osasungintzan etengabeko murrizketak izan direla. Orain, gainera, garbi ikusi da hori, azaleratu egin dira lan egiteko baldintzak. Azken 2-3 urtetan murrizketa horiek are handiagoak izan dira, eta ondorioz, arazo larriagoak sortu dira. Materialen kasuan, baliabideetan urri izan dira ospitaleak nahiz erresidentziak. Kasuei dagokienez, gaixo ugari izan ditugu, hildakoak ere bai. Halaber, nahiz eta heriotza batzuk ez diren COVID-19aren eraginez jaso, gero ezinezkoa izan da senide horiengandik agurtzea, edo ahal izan denetan ere, oso zaila izan da. Bisitetan ere eragin handia izan du. Guzti hori dela eta, osasungintzan beste kudeaketa mota bat bultzatu behar dela adierazi nahi dugu.

Iñaki Elduaien: «Garrantzitsua da akordioetara heltzea, nahiz eta horrek murrizketak ez desagerrarazi. Jarrera kontua da» 

Garrantzitsua izango da jatorri, adin edota arlo desberdinetako herritarrek zuei babesa adieraztea, bai zuentzat, baita beraientzat ere, zuek orain bizi duzuena bizitzea egokituko zaielako.

I. E.: Gure aldarrikapenek ere ondorioak izan ditzakete beraiengan. Egun, egoera oso larria bizi dugu; mundu guztia dago lur jota gai batengatik edo bestearengatik. Horri buelta emateko, ezinbestekoa da guztion elkartasuna eta babesa. Gu, bereziki, pentsioen gaiarekin aritzen gara, baina garaiak aldatu ahala, ikusten ari gara gai horretatik harago doazela gure aldarrikapenak. Prekarietatea ere kontuan izan behar dugu. Lehen salatzen bagenuen, zer esanik ez orain, pandemia bete-betean. Genero ikuspegia edota gazteen etorkizuna ere kontuan izan behar dira. Dirua badago edo ez dago? Dirua badago, bai. Hortaz, guztion artean erantzun bat emateko gai gara. Proposamen zehatzak egin behar dira, eta komunean jarri behar ditugu gure behar eta nahiak, bide bat egin ahal izateko.

N. B.: Dirua duenak, beste modu batera erabili beharko du, bestela beti berdinak izango gara prekarietate hori jasango dugunak. Pertsona da hemen garrantzitsuena, eta ez ekonomia. Herritarrak erdigunean jartzeko ordua da.

I. E.: Hainbat estamentu ere izan beharko genituzke kontuan. Monarkia, esaterako. Zergatik diru publikotik? Eztabaida gehiago egon daitezke, baina gutxienez, zehaztu dezatela hori. Une honetan, bakoitzak bere tokitik gai guzti hauek mahai gainean jartzen hasi beharko genuke, eta ondoren, tokiko gobernu bakoitzak erabaki dezala zer babestu eta zer bultzatu nahi duen, baina behintzat entzun diezaietela herritar guztiei.

N. B.: Lan baldintzak ere kontuan izan behar ditugu. Kontratu labur ugari izan dira, ordukakoak ere bai... Bestetik, genero ikuspegitik ere arazo ugari izaten dira. Eszedentziak direla eta, errazago uzten da lana. Aldi baterako kontratu gehiago izaten dira emakumeentzat, gizonezkoentzat baino. Guzti horrek, gerora, eragin nabarmena izaten du pentsioetan. Enpresek inplikazio handiagoa erakutsi behar lukete kontziliazioaren gaiarekin, bestelako proposamenak eginez.

Nekane Berriotxoa: «Dirua duenak beste modu batera erabili dezala, bestela beti berdinak gara prekarietatea jasaten dugunak»

Datozen egunetako mobilizazioen ondoren, zein da pentsiodunen asmoa eta zein izango dira hurrengo helburuak?

I. E.: Gure artean ere, askotan hitz egin izan dugu egin beharko genukeen horretaz. Oraingoz, mugimendu bakoitzak bere aldetik jarrai dezala aldarrikapenekin. Hori bai, noizbait, indarrak elkartu, bildu eta guztion artean mahai bat osatu beharko genuke, tarteka, deialdi bateratuak egin eta komunean lanean aritzeko. Beste perspektiba batetik begiratuta, mahai gainean jartzen ditugu herriko nahiak eta beharrak, eta horietatik abiatuta, presarik gabe, ezinbestekoa litzake eragileekin dinamika bateratu bat bultzatzea.

Ekonomikoki, zer-nolako eragina izan du COVID-19aren pandemiak erretirodunen artean?

N. B.: Zaila da orokorrean zein eragin izan duen jakitea. Hala ere, ikusi dugu ondorio desberdinak izan direla. Zenbait soldata ez dira iritsi, premiazko elikagaien prezioak igo egin dira eta zenbait gastu osagarri ere egin behar izan dira. Hortaz, argi geratu da guretzako bizitza garestiagoa dela orain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!