San Joan su gehienak, bertan behera

Ataria 2020ko eka. 18a, 11:59

Urtero San Joan bezperan, suak piztu ohi dira Tolosaldeko herri eta auzo gehienetan, aurten ordea, ez da horrela izango, ez udalek edo eragileek antolatuta behintzat.

Tolosan modu sinbolikoan piztuko dute, baina ezingo da herritarrik gerturatu. Ekainaren 23an 22:00etan piztuko dute sua, Andre Mari plazan, eta Udal Txistulari Bandak San Joan zortzikoa joko du ondoren. Plaza itxita egongo da eta herritarrek streaming bidez ikusi ahal izango dute sua. ataria.eus webgunean ikusi ahal izango da.

Altzo da sua piztuko duen beste herria. Iluntzean piztuko dute, plaza inguruan, eta herriko Artea Dantza taldeak dantza pare bat eskainiko ditu batetik, eta Ane Labaka eta Unai Mendizabal bertsolariak ariko dira, bestetik. Alegialdea osatzen dute beste herrietan ordea, suak bertan behera uztea erabaki dute, Baliarrain izan ezik; bertan ez dute erabakirik hartu oraindik.

Gauza bera egingo dute Aiztondon. Villabonan ez dute surik piztuko, baina 21:30etik aurrera adar hotsa entzutean herritarrak balkoira atera eta kandelak piztera animatu nahi ditu udalak. Era berean, Gemma loradendan San Joan erramuak eskuratzeko eta etxe atariak edo balkoiak apaintzeko gonbita luzatu du. Zizurkilen bere aldetik, udalak eta Bukalai dantza taldeak erabaki dute ohiko festa ekimenik ez egitea aurten. «Udan zehar, ahal bada, pixkanaka hasiko gara ekimenak egiten, baina beti ere segurtasun eta distantzia neurriak errespetatuz», esan du Maite Amenabar kultura zinegotziak.

Anoetaldean ere surik ez piztea erabaki dute udalek, eta baita Ibarrraldean ere. Ibarran Hauspoa elkarteak dantza emanaldia eta afaria antolatzen ditu urtero, baina aurten ez dute egingo.

BAITA FESTAK ERE

Sanjoanak ospatzen dituzten herrien artean ere, ez ospatzea erabaki dute. Tolosaldean Tolosan, Belauntzan eta Abaltzisketan ospatzen dira, baina denak geratu dira bertan behera. Tolosan sua modu sinbolikoan piztearekin batera, San Joan eguneko elizkizunak mantendu dituzte. Eta 19:30ean Kalean txarangak ere joko du, baina hori ere streamnig bidez ikusi beharko da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!