Koronabirusa

«Ikasleak agurtu ezinak ematen dit pena gehien»

Irati Saizar Artola 2020ko eka. 20a, 06:00

Erretiroa hartu aurreko azken laneguna gogoan geratzen den horietakoa izango da askorentzat; Agustin Amiano irakaslearentzat ere halaxe izango da, eta are bereziagoa, osasun krisiagatik ikasleak aurrez aurre agurtu gabe egingo duelako.

Ikasturte amaierara gerturatu dira ikastetxeak, eta ikasleak agurtzeko tartea hartzear dira irakasle asko. Agustin Amiano (Altzo, 1960) irakasleak, ordea, behin betiko agurtuko ditu ikasle eta inguruan dituen irakasleak, baita 25 urtez lan egin duen Amezketako Zumadi ikastetxea ere, udan erretiroa hartuko baitu.

Hainbeste urte irakaskuntzari lotuta, eta egoera berezi batean agurtuko duzu ogibidea. 

Bai, halaxe da, oso egoera xelebre batean gainera. Ez guk nahi bezalakoa, baina hala tokatu da, eta zer egingo diogu ba.

Ohiko egoeran egonda ere, beti geratuko da buruan azken lan egun hori.

Hainbeste urte lanean ibili ondoren, eta ikasturtea normaltasun osoz eta gustura hasi ondoren, ibilbidea behar bezala ezin bukatzea nahiko tristea da. Ikasleak nire aldamenean ez izateak, gertutasunak ematen duen goxotasun hori gabe, pena pixka bat ematen dit. Pena handiena eskolako ikasle zaharrenek ematen didate, hainbeste urte beraiekin egon ondoren, haiek ere ezin ditugu behar bezala agurtu, eta horrela joango dira beste ibilbide bat hastera, merezi bezala agurtu gabe.

Noiz hartuko duzu erretiroa zehazki? 

San Inazio egunean, uztailaren 31n. Berez hala neukan pentsatuta, nahiz eta urteak bete berriak ditudan, kurtsoa behar bezala amaituta utzi nahi nuen.

Agur festarik edo egingo duzu lankideekin? 

Hamaiketako bat egin genuen gure artean, izan ere, gauza handiegirik egiterik ez daukagu. Ez naiz oso zalea ere, gainera, ez zait gustatzen jende multzo bat niri begira egoterik. Gero, urtero bezala bazkari bat egingo dugu, eta hori izango da gure amaiera.

Beti irakaskuntzari lotuta aritu izan zara lanean?

Bai, 21 urte nituenetik. Garai hartan erraz hasten ginen lanean, oztopo handiegirik gabe, izan ere, garai hartan sartu zen euskara eta euskaraz irakasteko aukera, eta ikasketak egin orduko aukera genuen lanean hasteko. Horrela hasi nintzen.

Etxetik gertu aritu izan zara beti?

Eskualdean tokatu izan zait beti, bai. Anoeta, Ibarra eta Zizurkildik pasa eta Amezketan egin ditut lan azken 25 urteak.

Ikasturte nahasi samarra izan duzue aurtengoa. 

Bai, eta ez erretiroagatik soilik. Historiarako oso data berezia izan da aurtengoa, bai gure eta baita gazteen memorian geratuko dena.

Nola doa Zumadiko ikasturte amaiera? 

Posta elektroniko eta dei bidez mantendu dugu kontaktua ikasleekin. Ez da erraza izan, izan ere, ordenagailua hotza da, eta ez dakizu pantailaren beste aldekoa nola dagoen, lan zailak bidaltzen ari ote zaren, gurasoak erotzen ari diren zure lanekin. Hala ere, egin dugun lanarekin oso gustura nago, ez nuen uste horrenbesteraino egiteko gai izango ginenik.

Zorrotzegia izan zara ikasleekin? 

Ez dut uste. Astean behin egiten ditugun bideo deietan galdetzen nien ea gehiegi ote zen, eta bakarren batek esan zidan gutxiegi jarri niela ere. Oso ikasle txintxoak ditut, nonbait. Egin beharreko lanak baino gehiago, lan proposamenak izan dira, baina ia-ia denek eta ia-ia denak egin dizkidate.

«Hainbeste urte lanean ibili ondoren, ibilbidea behar bezala ezin bukatzea nahiko tristea da»

Amezketako eskolan antzerki lan mordo bat idatzi dituzu haurrentzat. Sortzeari ere tartea eskaintzen diozu. 

Duela 25 urte ikasturte amaieran antzerki bat egin genuen, eta arrakastaren ondorioz, antzerki tailerra antolatu genuen. Gaur arte antzerki tailerreko arduraduna izan naiz. Lehenengo mailatik seigarrenera bitarteko ikasle guztiak pasatzen dira tailer horretatik, eta horrek esan nahi du, urtero sei antzerkitxo prestatzen nituela. Batzuk nik sortutakoak izan dira, eta beste batzuk hartu eta moldatutakoak. Gustura egin dut lan hori, nik uste oso polita izan dela.

Eta orain zu gabe, izango al da antzerkitik Zumadin?

Nik uste baietz, lankide batek agindu baitit. Oso gustura hartu nuen berria, sekulako poza eman zidan. Azken batean, eskolako beste atal bat da; beste gauza askotan hain trebea ez dena izan daiteke antzerkian oso ona, eta gainera hizkuntza lantzeko ere oso-oso aberatsa da.

Oporren ostean iraila iritsiko da ikasle zein irakasleentzat, baina, zure kasuan, buruhausterik ez da bueltatuko. 

Beste eginkizun batzuk hartu beharko ditut, baina ez naiz aspertuko. Natura asko gustatzen zait, baratzea ere bai, baita idaztea ere, irakurtzea... beste hainbat zeregin izango ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!