Giro epelerako platera prestatuko dugu gaurkoan. Hawaiitik datorren platera, hain zuzen ere: poke hawaiiarra. Gurera ekarrita, gure osagaiak baliatuta, entsalada bat dela esan dezakegu. 'Poke' hawaiiar hizkuntzan, moztu esan nahi omen du; bertako arrantzaleek arrainari mozteko erari esaten omen zioten. Horrela, guk arraina base bezala izango duen entsalada bat prestatuko dugu.
Bezperan izokina izoztu egingo dugu. Sukaldatu baino marinatuko dugunez, izoztuko dugu, arazoak ekidinez. 24 orduz izozturik utzi eta denborarekin, hozkailuan, desizozten utziz.
Hurrengo pausoan arroza egosiko dugu. Arroz integrala aukeratu dugunez, 40 minutuz egosi beharko dugu. Lapiko azkarrean eginez gero, 20 bat minuturekin nahikoa izango da. Arroz neurri bati, bi ur neurri botako dizkiogu. Arroza hozten utziko dugu, jarraian. Presaka ibiliz gero, ur hotzetik pasatzearekin nahikoa da.
Arroza egosten dugun bitartean, arraina prestatzen joango gara. Horretarako, dado forman moztuko dugu. Eta ondoren, izokina marinatzen jarriko dugu. Horretarako, bol edo plater batean soia saltsa jarriko dugu, sesamo olio pitin batekin, eta jengibrea birrindurik gehituko diogu. Izokin dadotxoak bertan, 10-15 minutuz uztearekin nahikoa da. Izokinak berehala laranja izateari utzi eta marroi kolorea hartuko du.
Ondoren, wakame alga hidratatu beharko dugu gure entsaladari itsas zaporea gehitzeko. Ur epelean 10-15 minutuz izatearekin nahikoa izango da.
Hurrengo pausoa ilarrei eskainiko diegu; 4 minutuz egosiko ditugu. Azkenik, tomatea garbitu eta dadotxoetan moztuko dugu eta azenarioa xaflatan.
Errezeta amaitzeko, osagai guztiak bol batean txukun-txukun jartzea dagokigu. Arroza base bezala jarriko dugu, eta gaikaldean gainontzeko osagaiak: tomatea, azenarioa, algak eta izokina bere saltsa eta guzti. Azken-azken momentuan, ahuakatea gehituko dugu, ez oxidatzeko. Eta goxatzea dator azkenik: sesamo haziak, gatz lodia eta olio tanta bat gainetik botaz.
OSAGAIAK
Arroz integrala.
Izokin xerra bat.
Soia saltsa.
Sesamo olioa.
Wakame alga.
Azenario bat.
200 gr. ilar.
Tomate bat.
Ahuakate bat.
Sesamo haziak.
Jengibre zatitxo bat.
Gatz lodia.