Adinekoek elkartzeko duten beharrari erantzun diote

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko eka. 17a, 15:00

Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Bidania-Goiazko Adinekoen Zentroa eta Albizturko adinekoen arreta zerbitzuak martxan jarri ditu.

Telefonoz eta bideo deien bidez etengabean aritu dira lanean Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean, baina, orain, ateak irekitzen ere hasi dira adinekoen beharrei behar bezala erantzuteko. Bidania-Goiazko Adinekoen Zentroa zabalik dago, eta Albizturren adinekoen arreta zerbitzua ere martxan jarri dute. «Pixkana» hasi direla martxan jartzen adierazi du Elena Rikondo gizarte langileak. «Pixka bat konplikatua izan da irekitzea. Protokoloak eta dena prestatu behar izan ditugu», argitu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta baimena izan dituzte Bidania-Goiazko Eguneko Zentroa irekitzeko. Medikuarekin eta bertako langileekin elkarlanean egin dutela protokoloa nabarmendu du, «egingarria izateko». «Argi ikusten genuen hasi beharra zegoela, eta beharrezkoa da martxan hastea», azpimarratu du. Garraiotik bertatik hasita berrantolatu behar izan dute guztia. Hasteko, tenperatura hartzen diete guztiei, eskuak garbitu eta maskararekin sartzen dituzte ibilgailuan.

Eguneko Zentroan erabiltzaile guztiak egon daitezke Bidania-Goiazko kasuan, leku handia dutelako. Bakoitzaren tokia izendatuta dute. «Materiala ere ezin dute partekatu, bakoitzak bere materiala dauka», gaineratu du Rikondok. Eta «pedalak edo erabiltzen badituzte, langileak erabat garbitzen ari dira».

Adinekoak beraien bizitzan «asko ikusitako eta bizitako» pertsonak direla dio Elena Rikondok, eta gehiengoak segituan ulertu duela bete beharreko araudia. Astebete pasata, «beraientzat garrantzitsuena berriz elkartzea eta hitz egitea zen. Bizi poza behar zuten», kontatu du. «Zailena» langileen lana dela esan du, «beraiek denbora guztian adi egon behar dute higiene neurriekin, eta horrek lana zailtzen du».

Itxi behar izan zutenean lasai egoteko mezua jaso zuten adinekoen aldetik Saiaz mankomunitatean, baina luze egin zaie. «Orain, jada irekitzeko beharra ikusten genuen. Telefonoz hitz egitean tristura nabaritzen zen». Baina, orain, martxa hartuta «gustura» daudela adinekoak nabarmendu du. Lagunartea behar zuten, eta egunak «luze» egiten zitzaizkien.

Beldurraz galdetuta, adinekoek ez dutela beldur handirik izan dio. Familiako kideren batzuk izan dutela azaldu du, baina era berean, «familiako kideek ere argi zuten aurrera egin behar genuela», argitu du Rikondok. «Zaintza lanaz arduratzean eta beraiekin bakartzean beraiek bizitu dute, eta konfiantza zuten gugan, eta guk beraiengan». «Beldurraren gaia landu egin behar dugu, eta adinekoei ere ezin diegu bizi poza moztu beldurraren izenean». Pausoak eman eta irekitzen joateko garai dela uste du Rikondok.

ALBIZTURREN, KALEAN

Herri txikiek dituzten abantailak aprobetxatu behar direla kontatu du: «Herri hauetan plaza ederrak eta espazio zabalak ditugu, eta eguraldiaren arabera kanpoan egiteko aukera dugu».

Bihar bertan, Bidanian eguneko arreta zerbitzuarekin ere hasiko dira, eta Albizturren, astelehenean izango dute lagunartean elkartzeko hurrengo hitzordua.

Ikasturte amaierak harrapatu ditu, ordea, baina hastea garrantzitsu ikusten zuten: «Behar handia ikusten genuen, eta bestetik, Covid-19aren neurri berri guzti hauekin probatzen hastea zen helburua, eta guztiok konfiantza hartzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!