Lagunekin elkartzeko unea

Irati Saizar Artola 2020ko ekainaren 17a

Udaleku irekiak antolatzeko pausoa eman dute hainbat herrik eskualdean; egoerak ahalbidetzen duen neurriekin eta modu berezian egingo dituzte.

Martxoaren erdialdean joan ziren azkenekoz haur eta gaztetxoak eskolara. Ordutik, askok ez dute aukerarik izan lagunekin elkartu edo beraien kidekoekin jolasteko. Laster amaituko zaie ikasturtea eta gainean dituzte udako oporrak. Aurtengo udan, egoerak baimentzen duen neurrian, aisialdi eskaintzak prestatzen ari dira eskualdeko hainbat herritan. Udaleku irekiak prestatzen ari dira, gehienetan, talde txikiagoetan eta modu ezberdin batean.

Eusko Jaurlaritzak ateratzekoa duen dekretuaren zain dira Ibarran, baina, hala ere, Oporretan euskaraz zerbitzua martxan jartzeko erabakia hartua dute. «Haurrek hainbeste denbora etxean igaro ostean, badutela elkartzeko beharra ikusi genuen», dio Nagore Zubillaga Ibarrako zinegotziak. Aurten, behar gehien duten haurrengan jarri dute fokua. Izena ematerakoan lehentasuna izango dute egoera zaurgarrian dauden haurrek, eta baita lanaren kontziliazioan arazoak dituzten familietako haurrek ere. Gainerako haurren artean zozketa egingo dute 50eko kopurura iritsi arte.

Oporretan Euskaraz zerbitzua 2 eta 10 urte arteko haurrei eskaintzen zaie. Beste urteetan 100 haurrentzako lekua eskaini izan dute, baina aurten 50era murriztu beharrean ikusi dira. Gainera, bi hamabostalditan banatu dute zerbitzua, beraz, haur bakoitzak hamabostaldi bakarrean parte hartu ahalko du, horrela, ahalik eta familia gehienengana iristea dute helburu. Haurrak 5 laguneko taldetan banatuko dituzte, eta talde bakoitzak begirale bat izango du.

Ibarran, horrez gain, GazteZulo Udan zerbitzua ere eskainiko dute. Hau, 11 urtetik 16 urte artekoentzat izango da, eta orain arte egun osoko ekintzak antolatzen baziren, orain, goiz pasak edo arratsalde pasak egingo dituzte, talde txikiagoetan bilduta. Talde bakoitzak astean bi ekintza egingo ditu.

Amezketan ere neurri berriak hartuta hasiko dira zerbitzua eskaintzen. Uztailaren 6tik 23ra 2 urtetik 12ra bitarteko haurrek udalekuez gozatzeko aukera izango dute. Izaskun Urrestarazu koordinatzaileak azaldu duenez, astean hiru egunetan elkartuko dira haurrak: astearte, ostegun eta ostiraletan. Aurten, 5-7 haurreko taldeak osatu dituzte eta talde bakoitzarekin begirale bat arituko da. «Neurri horiekin aurten begirale kopurua igo beharra izan dugu, guztira, zazpi begirale, praktiketako kide bat eta koordinatzailea arituko gara Amezketan lanean», dio Urrestarazuk.

Herriko gune ezberdinetan ibiliko dira haurrak, eta programazioa osatu gabe badute ere, hainbat ekintza mugatu egin beharko dituzte: «Argi dago haurrak ezin ditugula denbora luzez eserita mantendu, baina saiatuko gara materiala elkar banatzen ez den jolasak egiten, bakoitzak bere materiala erabiliz eskulanak egiten, horra mugatu beharko dugu aurten».

Elduain, Irura eta Lizartzan ere, esaterako, udaleku irekiak antolatzen ari dira uztailerako. Haiek ere nabarmendu dute, neurri bereziak hartu beharko dituztela aurten, eta talde txikiagoetan eta protokoloa betez eskaini beharko dutela zerbitzua, betiere begirale eta haurren osasuna lehenetsiz.

UDALETIK, LEHEN ALDIZ

Orain arte Guraso Elkartearen lana izaten zen udako ludoteka zerbitzua antolatzearena Berastegin. Azken urteetan, enpresa bat kontratatzen zuten zerbitzua eskaini ahal izateko. Aurten, ordea, udala egingo da horren kargu eta Goizak Lagunartean izeneko udalekuak prestatzen ari da Gazteria saila. «Bizitzen ari garen egoerara egokitutako zerbitzua izango da», dio Garazi Otxandorena gazteria suspertzaile eta aldi berean udalekuetako hezitzaileetako bat izango denak.

Egoerak hala behartuta, talde txikiagoak egitea erabaki dute aurten, eta talde bakoitzak astean bi egunetan soilik jaso ahalko du zerbitzua. «Horrela, ez dira elkarren artean nahastuko eta begirale berarekin ibiltzeko aukera izango dute», dio Otxandorenak. Guztira 52 haurrek eman dute izena, beraz, sei talde osatuko dituzte. Datorren astean, ekainaren 22an dira hastekoak udaleku irekiekin, eta iraungo dituen sei asteetan zehar, talde bakoitzak hamar egunetan jasoko du zerbitzua.

ESKAINTZA DISEINATZEN

Udari begira aisialdi eskaintza zehazten ari da Tolosako Udaleko Gazteria saila, herriko hainbat eragileekin, aisialdi taldeekin eta ikastetxeekin elkarlanean. Hala ere, dagoeneko zehaztuta dituzte hainbat neurri orokor: aire zabalean egin daitezkeen ekintzetan, gehienez ere berrehun pertsonek parte hartu ahalko dute aisialdi eskaintzan, begiraleak barne. Jarduerak leku itxietan egin behar badira, laurogeira mugatuko da kopurua. Batean zein bestean, jarduerek irauten duten bitartean parte hartzaileak 15 kideko taldeetan antolatu beharko dira.

Aisialdi ekintzak Tolosan garatu ahal izateko kokapenez eta segurtasun alorraz ere udala arduratuko da, eta koordinazio mahai bat eratu dute herriko eremu ezberdinak aztertzeko.

Era berean, kontziliazio arazoak izan ditzaketen familiei bideratutako zaintzaileen lan poltsa osatzen ari da udala, Tolosaldea Garatzenekin batera. Zaintzaile baten beharra izan dezaketen familiek Tolosako Udaleko Gazteria sailarekin edo Tolosaldea Garatzenekin harremanetan jarri daitezke zerbitzuari eta lan poltsari buruzko informazio gehiago eskuratzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!