Datorren denboraldirako gogoz

Imanol Garcia Landa 2020ko eka. 16a, 12:00

Emakumeen areto futboleko Gipuzkoako Liga bukatutzat eman zuten, eta bertan parte hartzen duten Anoeta FT eta TEEP Samaniego-Orixe Tolosaldea eskualdeko taldeek balantzea egin dute.

Hurrengo denboraldira begira jarri dira Anoeta FT eta TEEP Samaniego-Orixe Tolosaldea areto futboleko taldeak. Emakumezkoen Gipuzkoako Ligan lehiatzen dira bi taldeak, eta datorren denboraldian taldea mantentzeko asmoa dute biek.

Denboraldia «oso ondo» hasi zutela dio Naroa Ane Lasa Anoeta FT-ko jokalariak: «Taldea gustura zegoen, eta entrenatzeko jende asko elkartzen ginen eta horrek beti ere beste indar bat ematen du». Gerora, ikasketak eta lana dela eta, entrenamenduetan jokalari gutxiago elkartzen hasi ziren eta zailtasun batzuekin topatu zirela dio Lasak. «Halere ahalik eta ondoen egiten jarraitu genuen, eta orokorrean balantze positibo batekin geratu gara».

Denboraldi-aurrean hamar bat jokalari hasi ziren. Gero fitxa batzuekin arazoak izan zituzten eta azkenean hamar horietatik zortzi geratu ziren. Bost jokalarirekin jokatzen dira partidak, eta Anoeta taldekoak partida guztietara aurkeztu dira, baina batzuetan nahiko justu aritu direla esan du Lasak: «Bost jokalarirekin azaldu gara partida batzuetara, baina hala ere eusten saiatu gara eta beti aurrera egin dugu».

Etenaldia iritsi aurretik zazpigarren bukatu zuten sailkapenean, hamasei punturekin. Sailkapenean gorago egon ziren denboraldi hasieran. Ez dute jartzen helbururik denboraldia hasi aurretik, beste taldeen egoera normalean ez baitute ezagutzen. «Urtarrilean partida batzuk izan genituen irabazi beharrekoak, baina jende gutxiago azaldu ginenez ezin izan genuen gure onena eman, eta garaipen horiek lortu gabe, pixka bat atzera egin genuen sailkapenean», azaldu du Lasak. «Halere, gu gustura gaude egindakoarekin».

Anoeta FT-k ez du izaten joko mota edo estrategia zehatzik jokatzerakoan. «Denok gustura jokatzen saiatzen gara, bakoitza ahal dugun postu gehienetatik pasatzen, denok balioaniztasun hori izateko, eta azken finean, gure ahulguneak izan daitezkeen horiek zuzentzen saiatzen gara, ahalik eta talde osoena izateko», zehaztu du Lasak.

Ez zuten espero Anoetakoek konfinamenduarena hain luze joango zenik. «Pixka bat sorpresaz harrapatu gintuen etenaldiak», esan du Lasak. «Partida bat genuen dataz aldatu beharra eta hori ari ginen kudeatzen, eta bat-batean etorri zen egoera hori». Hasieran hau guztia pasako zenaren esperantza izan zuten, liga oraindik jokatuko zutela, baina gerora ikusi zuten liga bertan behera geratuko zela: «Egia esan, pixka bat deskonektatu egin genuen ligak aurrera ez zuela jarraituko ikustean, eta hurrengo urtera begira hasi gara gauzak antolatzen».

Datorren urtera begira orain gutxi egin dute bilera, eta taldea motibatuta dagoela dio Lasak. «Jarraitzeko asmoa dugu. Beti bezala, jende gutxirekin gabiltza, baina espero dugu animatuko dela jendea. Nahi duen oro etorri daiteke gurekin jokatzera». Denboraldi berria «positiboki» ikusten dute, baina federaziotik ez dutela ezer garbi esan gaineratu du Lasak: «Pentsatzen dut beraiek ez dutela zehazki jakingo. Arazo nagusia izango da ea liga egingo den, nola eta noiz hasiko den, baina guk talde bezala aurrera egiteko asmoa dugu». Normalean abuztu bukaeran edo irailaren hasieran hasten da taldea alde fisikoa-eta prestatzen. Gero iraila bukaera aldera saiatzen dira lagunartekoren bat jokatzen, eta urrian normalean liga hasten da. «Espero dugu liga aurrera ateratzea eta irailetik pixkana taldea martxan jartzea», esan du Lasak.

HOBETZEN JOATEKO HELBURUZ

Denboraldiaren balantzea egiterakoan «nahiko positiboa» izan dela dio Garazi Arregi TEEP Samaniego-Orixe Tolosaldea taldeko jokalariak. «Duela bost urte sortu genuen taldea, eta ikusita nahiko zailtasun izan genituela bai taldea osatzeko eta bai orain arte mantentzeko ere, eman dugun bilakaera oso handia izan da, eta alde horretatik oso pozik gaude».

Sailkapenera begiratuta, azken bigarren, zehazki zortzigarren, bukatu dute denboraldia. «Hasieratik jakitun gara ze alde dagoen goiko postuetan dauden taldeekiko», esan du Arregik. «Nahiz eta lortutako postua ez izan gehien gustatzen zaiguna, pozik gaude, batez ere partidetan bukaeraraino eustea lortu dugulako». Aurrera begira egin nahi duten hobekuntza partidaren azken unera arte gehiago eustea da: «Azken minutuetan partidak joan zaizkigu. Nahiz eta azkenean postu hori lortu, egindako lana oso ona da eta berez uste dugu zerbait hobea lortzeko ahalmena bagenuela». Jokoaren aldetik, Samaniego-Orixekoek defentsa lantzen aritu dira, arlo hori baitute indartsuena. Asmoa dute aurrera begira ere baloiarekin egiten den lanketarekin jarraitzea, arlo hori hobetzen joateko.

Konfinamenduak ere ezustean harrapatu zituen. «Bi jardunaldi jokatu ezinik genbiltzan, lesioak eta zenbait konpromiso zirela-eta jende oso gutxi geundelako. Gogoz geunden partidak jokatzeko, eta egoera hau dena etorri zen», esan du Arregik. Ez dute taldeko entrenamendu saiorik egin etenaldian, eta bakoitza bere aldetik aritu da ariketa fisikoa egiten, baina bideo deiak egin dituzte talde giroa mantentzeko.

Behin liga bertan behera geratzen zela jakitean, datorren denboraldiari begira jarri dira, «kontuan izanez aurtengoan egin duguna eta hori hobetzeko asmoz». Taldeko gehienek jarraitu egingo dute hurrengo denboraldian, eta beraien helburua da jende gehiago sartzea taldean, Arregik azaldu duenez: «Lesio pila bat izan ditugu, eta lanagatik-eta jende gutxi joan izan da partidetara, eta jendea behar dugu. Beraz, deialdia egiten diegu taldeko parte izan nahi duten guztiei. Oso ongi etorriak izango dira, eta kirolaz gozatzeko eta lagun berriak egiteko aukera izango dute».

Klubak urtero antolatzen du Gabonen inguruan 24 orduko areto futbol txapelketa. «Urtero onarpen ona izaten du txapelketak, baina aurten ez dugu lortu nesken talderen batek izena ematea», esan du Arregik. «Ez dakigu zehazki zein izan den arrazoia, eta alde negatibo hori izan zuen. Txapelketa egin zen mutilen taldeekin, eta oso ondo joan zen. Pena, esandakoa, nesken talderik ez zela egon». Areto futbola kirol gutxitua dela gaineratu du Arregik, eta emakumezkoetan are gehiago. «Horregatik gure esku dago sustatzen jarraitzea eta borrokatzea gero eta presentzia handiagoa izateko. Eta, batez ere, atzetik datozen neska gaztetxoei bidea errazago uzteko».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!