Felipe Gonzalezek ontzat eman zuen GAL sortzea, CIAren agiri baten arabera

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2020ko ekainaren 15a

Inteligentzia zerbitzuaren ezkutuko artxiboko zenbait dokumentu desklasifikatu dituzte, eta haietan ageri da Gonzalezek «mertzenario talde bat eratzea» adostu zuela. Tolosako Lasa eta Zabalaren bahiketa eta ondorengo erailketa izan zen estatuko aparatuek antolatutako GAL erakundearen lehenengo ekintza. 

AEB Ameriketako Estatu Batuetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak 1980ko hamarraldiko gerra zikina ikertu zuen, eta, desklasifikatu berri dituzten dokumentuen arabera, Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburuak ontzat eman zuen GAL Askapenerako Talde Antiterroristen sorrera, Espainiako La Razón egunkariak argitara eman duenez. «Gonzalezek adostu du mertzenarioen talde bat eratzea terroristei legez kanpo aurre egiteko», ageri da CIAren ezkutuko artxiboko dokumentu batean.

Egunkariak zabaldu duenez, desklasifikatutako testuen artean bada Espainia: euskal terrorismoa eta gobernuaren erantzuna izeneko txosten bat, eta gaiaren gaineko balorazio bat egin zuten han. «Espainiako Gobernuak aurrerapauso nabarmenak eman ditu ETAren aurkako borrokan azken bi urteetan, eta laster lortuko du euskal erakunde terroristaren muina bukatzea», jaso zuten han.

Gonzalezen gobernuaren erabakitasuna nabarmendu zuten, «oso ortodoxoa ez den estrategia bat» abiatzeraino. «Mertzenarioek ez dute zertan espainiarrak izan, eta haien egitekoa izango da ETAko buruak hiltzea Espainian eta Frantzian».

La Razón-ek adierazi du CIAk beste dokumentu batean idatzi zuela ETAren aurka legez kanpo arituak zirela lehenagotik ere. Anti Terrorismo ETA, Triple A eta Batallon Vasco Español taldeak aipatu zituzten oin ohar batean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!