Antzinako erromesen bideetan

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko ekainaren 11

Villabonatik Tolosara bidean, antzinako Donejakue bideak gaur egungo trenbideari jarraitzen dio, soro eta belazeen albotik. Herrigune batetik bestera bidea egingo du ibiltariak, Anoetatik pasaz.

Lehenengoz XII. mendean agertu zen Amasa dokumentuetan. Villabona, berriz, beranduago sortu zen, eta hainbat urtetan Amasako auzo izan omen zen. Amasarrek, Gaztelako bideak nahiz Donejakuerako erromesen ibilbideek erakarrita erabakitzen zuten Villabonara jaistea, eta hain zuzen ere, antzinako erromesen bide haietatik barrena burutu beharko da, Villabonatik Tolosarainoko ibilbidea.


TREN GELTOKITIK

Villabonako tren geltokitik jaitsi eta Oria gainetik zeharkatzen duen zubitik, Errebote plazara iritsiko da ibiltaria. Egungo pilota jokorik zaharrenetakoa dena Ipar Euskal Herrian sustraituagoa den arren, Hego Euskal Herrian, Donostiako Zubieta auzokoa eta Oiartzungoa dira bakarrak, Villabonakoarekin batera.

Udaletxea ere bertan dago gaur egun. Errebote plazatik Berdura plazak zubi lanak egingo ditu, Jesusen Bihotza elizara iristeko. Hain zuzen ere, parean hartu beharko du ibiltariak, kiroldegi atzetik, Donejakue bidea.

Erromesen bidexkak, egungo trenbideari jarraitzen dio gertu-gertutik, eta inguruko nekazarien soro eta belazeak lagun izango ditu bisitariak.

ATSEDEN HARTZEKO AUKERA

Anoetara iritsi eta plaza eta eliza bisitatu ondoren, Donejakue bidea jarraitu beharko da herri sarreran, Tolosara ibai ertzetik iritsi arte. Bertan, Berdura plazako eserlekuetan atseden hartu ahal izango du ibiltariak, erdiguneko geltokian trena hartu aurretik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!