«Dibertigarria dela esaten didate eta asko pozten naiz»

Jon Miranda Labaien 2020ko eka. 12a, 11:59

805 kilometro orduko abiaduran eta 30.000 metrora, Paristik Loiura doan hegaldi batean gertatzen dena kontatzen du Erika Elizari Salvadorrek (Hernani, 1988) bere lehen nobelan. Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak idazle gazteentzat antolatzen duen Igartza sariketa eskuratu ondoren kaleratu du, aurtengo udaberrian.

Hegazkina hartzen duzunean inguruko bidaiariengan erreparatzeko ohitura izaten al duzu?

Bai, uste dut antzematen dela liburua irakurrita. Asko gustatzen zait besteen bizitzak irudikatzea. Baina elkarrizketetan behin eta berriz esaten ari naizen bezala, ez naiz kuskusera hutsa, ez da hori bakarrik, gustatzen zait gizakia nolakoa den ulertzen saiatzea.

Zergatik aukeratu duzu hegaldi bat?

Alde batetik nahi nuen kontakizuna toki bakar batean gertatzea eta denbora tarte mugatu batean. Alde horretatik, hegaldi batek aukera paregabea ematen zidan. Bestalde, hegazkinak berak ere baditu ezaugarri oso partikularrak, lagun ziezadaketenak bidaiarien buruetan gertatzen den hori intensifikatzen. Beraiek buruhauste ezberdinak dituzte eta hegazkin batean egoteak, nolabait, tentsioa areagotzen du. Hortaz gainera, hegazkina ere bada hermetikoa. Niri iruditzen zait hegazkinean sartzen naizenean eten egiten dela denbora eta kanpoarekiko loturak ebaki egiten direla. Hori guztia interesgarria zen jorratu nahi nuen gaia jorratzeko: nola geure buruarekin eta gure pentsamenduekin bueltaka ibiltzen garen, eta nola batzuetan on egiten digun eta besteetan kalte.

Zazpi protagonista dira nobelan ageri direnak, zazpiak doaz hegaldian. Bakoitzaren profila asmatzen denbora asko eman zenuen?

Ez dago pertsonaia bat nire inguruko pertsona jakin batekin %100ean identifikatzen denik. Baina bai, handik eta hemendik hartu ditut ezagutzen ditudan pertsonen ezaugarriak eta horrela osatu ditut. Pertsonaiak gutxika eraikitzen joan diren arren, hasieran ahalegin bat egin nuen aniztasun bat egon zedin, adinari, lanbideari edota generoari dagokionean. Lana izan da, baina aldi berean xehetasunez xehetasun eraikitzen joan direnez, ez dut hain kontzienteki egin.

Kronologikoki antolatu duzu kontakizuna, eserlekuz eserleku zoaz protagonista bakoitzari ahotsa ematen, kasu batzuetan badaude pertsonaien arteko elkarrizketak, baina nagusiki haien barne gogoetak dira, lehen pertsonan egiten dituztenak.

Bai. Nik hitz egin nahi nuen pentsatzen dugun guztiari buruz. Zenbat pentsatzen dugun. Nik neuk behintzat, neure buruarekin etengabeko konbertsazioa daukat. Iruditzen zitzaidan interesgarria izan zitekeela era horretan jorratzea. Aldi berean, liburuan ez dira elkarrizketa asko baina dauden horiek bilatu egin ditut. Ez nituen zazpi istorio isolatu kontatu nahi, pertsonaien arteko elkar eraginak egon zitezen ere nahi nuen. Bi modu horiek uztartu ditut.

Gutxi asko, denok bizi ditugun kontraesanak dira protagonista hauek dauzkatenak.

Bai. Miseria horiek norberak nola ikusten dituen eta kanpotik nola ikusten diren azaldu nahi nuen. Beraientzako kristoren dramak dituzte, baina seguruenik beste bidaiarien buruetatik pasatzen ari dena jakingo balute esango lukete, 'hori tontakeria bat da'. Hori da islatu nahi nuena, zenbateko garrantzia ematen diogun guri gertatzen zaigunari eta beharbada kanpotik ikusita zenbateko huskeria den. Drama kutsu hori kendu nahi nuen. Guk eraikitzen dugu besteei zer gertatzen zaien eta gero norbere esku dago besteek zer pentsatuko ote duten horrek zenbat eragiten eta zenbat baldintzatzen dion erabakitzea.

Zergatik aukeratu duzu Izaroren kantu batetik hartutako aipua liburua zabaltzeko?

Kantu hori asko gustatzen zait eta iruditzen zait ondo kondentsatzen zuela esan nahi nuenaren zati bat. Berak esaten du: «Sinistu nahi dut denok dugula errotuta kaosa, hura maitatzen ikastea ote bizi honetan poza?». Uste dut horrela dela. Kaosik gabe bizi nahi izatea oso utopikoa iruditzen zait eta ez dakit gomendagarria den ere. Ikasi behar duguna da, gure kaos horiek ulertzen edo horiekin bizitzen. Hori lortu nahiko nuke nik behintzat. Oraindik bidean nago.

Azkeneko atalean epilogo moduko bat osatu duzu eta pertsonaia bakoitzak hegazkinetik kanpora hartzen dituen bideak kontatzen dituzu. Zergatik?

Egia da hor estilo aldaketa bat dagoela. Kapitulu gehienetan topatzen duguna da pertsonaia bakoitzak bere buruarekin duen elkarrizketa. Atal horietan lehenengo eta bigarren pertsonak uztartzen dira. Epilogo horretan, berriz, hirugarren pertsona erabiltzen dut eta kanpo narratzaile batek kontatzen dizkigu beraiei gertatutakoak. Denak ez dira bukaera itxiak, ez zaie bidaiarekin bizitza aldatzen, baina bai irekitzen zaizkiela bide berriak bidaia bukatzerakoan.

Argitaletxeak nobela 'labur, fresko eta dibertigarri' bezala jotzen du kontrazalean idatzitako erreseinan. Ados zaude?

Ez dakit. Hori da jasotzen ari naizen iritzia eta beraz pentsatzen dut horrela izango dela. Hala ere, zaila egiten zait esaten. Ni oso murgilduta egon naiz istorioan eta zaila egiten zait perspektiba hartzea, distantzia jartzea eta baloratzen jakitea nola geratu den lana. Egia esan jendeak asko aipatu dit oso arina egin zaiola, irakurtzen erraza dela, beharbada asteburu bakar batean hasi eta bukatzeko modukoa dela. Aizu, ez dira laudorio txarrak. Dibertigarria dela esaten didatenean asko pozten naiz, hori lortu nahi bainuen.

Eta zu dibertitu al zara liburua idazten?

Gorabeheratsua izan da prozesua, dena ez da izan ondo pasatzea, ezta gutxiago ere. Hori ere kontatu eta azaleratu nahi izan dut: presio bat bizi izan dudala. Ez hainbeste epeengatik, gehiago izan da pentsatzea emaitza txukun bat lortzeko gai izango ote nintzen edo ez. Sari bat irabazi eta badirudi egingo duzun hori oso ona izango dela, baina kasu honetan saritzen dutena proiektu bat da, lagin bat, hamabost orrialdekoa, gero askoz gehiago idatzi beharra dago. Sortzen diren espektatiba horiek presio bat eragin zidaten. Baina horren gainetik, energia txute bat bezala izan da liburua idaztea. Ilusio handia ekarri dit, adrenalina puntu bat ere bai. Disfrutatu dut, zalantzarik gabe.

Sarira aurkeztutako lagin horretatik azken emaitzara alde handia al dago?

Nahikoa fidel mantendu naizela esango nuke. Horrek ere laguntzen du. Laginaz aparte, proiektu bat idazteko eskatzen dizute azaltzeko nondik nora joango den kontakizuna, zein estilo erabiliko duzun, pertsonaia bakoitzaren deskribapena... Horrek asko lagundu zidan zehazten eta hasieratik bukaerara zein itxura izango zuen irudikatzen. Gero bidea errazagoa izan da. Liburua mantendu da ia-ia proiektuan azaldu nuen bezala. Ez da aldatu, baina bidean sortu dira aukera ezberdinak. Adibidez, egia da bukaera ez nuela itxita, bi bukaera posible izan nituen eskuartean.

Ikus-entzunezko komunikazio ikasketak egin zenituen. Hizkera zinematografikoa nabari da zure nobelan?

Bai, esan izan didate. Egia da bisuala ere egin nahi nuela, uste nuelako hegazkinak berak horretarako jokoa ematen zuela. Aitortu beharra daukat, igande arratsaldeetako Alemaniako telefilma horiek asko gustatzen zaizkidala eta liburuak horietatik baduela zerbait. Beste jende batek aipatu izan dit antzerkirako modukoa ikusten duela eta horrek ilusio handia egiten dit. Ez dut baztertzen saiakera egitea, liburua oholtza gainean interpretatzeko moduko zerbaitetara egokitzeko.

Zure sorkuntza ikus-entzunezko alorrean garatu duzu. Esan daiteke hau dela zure lehen literatura lana?

Batik bat ikus-entzunezkoen bitartez atera dut nire sorkuntzarako gogo hori. Txikitatik gustatu izan zait idaztea baina niretzako oso gauza berria izan da idaztea. Duela urte batzuk enkarguz ipuin klasiko batzuk egokitu nituen, baina prozesu hori oso ezberdina izan zen. Hau izan da benetan nire lan purua, bai helduentzat eta baita bestela ere, goitik behera nik eraikitako lehen idatzi luzea.

Ez da azkena izango, ezta?

Gustatuko litzaidake besteren bat egitea, aitortuko dut. Gustatu zait esperientzia eta errepikatu nahiko nuke. Ideiak ere baditut, baina egia esan ez dakit aukera izango dudan. Saiakera egin egingo dut, baina ez dakit noiz. Ea besterik baden.

Bien bitartean, lehenengo honekin kritika positiboak jaso dituzu?

Bai, gehienbat inguruko jendeak egindakoak dira, horregatik ez dakizu zenbateraino egia esaten dizuten. Esan eta esan ari naiz, kritika egiazaleak nahi ditudala eta nahi ditudala, gainera, idazkuntzan hobetzeko. Gustatuko litzaidake iritzi gehiago jasotzea.

Zergatik 'Zendabalitz'?

Proiektuan bertan izenburu hori jarri nion. Keinu egin nahi die, zenak, denak eta izan daitekeenak sortzen dizkigun gorabeherei. Zen, da eta balitz horiek elkartuta gustatu zitzaidan nola geratzen zen. Mantentzea erabaki nuen, apego handia hartu niolako izenburuari. Joko pixka bat ematen duela iruditzen zait, zuzenean ez, baina zeharka liburuan aipatzen diren gauzei buruz hitz egiteko.

'ZENDABALITZ'

ç

ELKAR ARGITALETXEA

Idazle gazteentzako XXI. Igartza sariaren irabazlea.

121 orrialde.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!