Gertu izan arren ezin zeharkatu

Irati Saizar Artola 2020ko eka. 10a, 20:00

Berastegik eta Lizartzak, esaterako, muga egiten dute Nafarroarekin, baina, egun, ez dago aukerarik EAEko probintzietatik Nafarroara pasatzeko; ohiturak aldatu behar izan dituzte herritar askok.

Astelehenetik aurrera EAEko hiru probintzien artean mugitzeko aukera ezarri zuen Espainiako Gobernuak, baina momentuz ez dago baimenik Nafarroara pasatzeko. Tolosaldeko hainbat herri, Berastegi eta Lizartza kasu, errepidez zuzen-zuzenean daude lotuta Nafarroarekin eta ez daukate modurik ondoko herrietara mugitzeko.

Lizartzan ez dute halako ohiturarik erosketak Nafarroan egiteko, baina ez da gauza bera gertatzen Berastegin. Leitza zortzi kilometrora aurkitzen da, eta herrian falta zaizkien zerbitzuak jasotzera Nafarroara pasatzen dira, asko eta asko. «Adibidez, gasolina eta pentsu bila herritar asko joaten da», dio Amaia Azkue Berastegiko alkateak. Ostiralero, gainera, azoka ospatzen dute Leitzan, eta hara joateko ohitura ere herritar askok dutela dio. «Gertutasunari begira, autoz joateko, Tolosa baino gertuago geratzen zaigu; Leitzara zortzi kilometro dauzkagu eta Tolosara hamaika».

Probintzia barnean mugitzeko aukera soilik zegoenean, esaterako Eibar eta Ermua arteko joan-etorriak baimenduak zeuden. Baina ez zen gauza bera gertatzen Berastegi eta Leitzarekin. «Jendeak zalantza asko izan ditu mugaren kontuarekin», dio Azkuek. «Madrildik, ordea, Nafarroa bere horretan hartzen da kontuan, eta agian, EAEn horrelako berezitasunak egiteko erraztasunak ikusiko dituzte».

Hasiera batean, «haserre» edo «ezin ulertuta» ikusi zituen herritarrak Azkuek bi probintzien arteko muga zeharkatu ezin zela jakitean. «Logikoki ez du zentzu handiegirik, baina hasiera batean, nik uste, jende gehiagok egiten zuela joan-etorria arrisku horiek hartuta orain baino». Gaur egun, herritarrak «errespetuz» jokatzen ari direla uste du Azkuek. «Hasieran, esaterako, gasolina bila gertuen zeneukan gasolindegi batera soilik joan zintezkeen, eta gure kasuan, kilometroei begira, Leitzakoa geneukan gertuen». Guardi Zibilek eta Foralek jarritako kontroletan, ordea, gogorarazten aritu dira muga zeharkatzea debekatuta dagoela, eta edozein kasutan probintziaren barnean mugitu behar dela.

Eta probintzien arteko kontua ez da soilik erosketak egitera mugatzen, bada senitartekoak hain gertu izan eta ikusteko aukerarik izan ez duenik. Amparo Villabonaren kasua da, izatez leitzarra da, baina urteak daramatza Berastegin bizitzen. Senideak mugaz beste aldera bizi ditu, eta orain arte ez du aukerarik izan haiekin aurrez aurre egoteko. «Konfinamendu garaian ez naiz batere pasa Nafarroara», dio. Harreman estua du familiarekin, baina muga zeharkatu ezinak telefono bidez deitzera edo bideo deiak egitera eraman du: «Ahizparekin, esaterako, batzuetan egunean bi aldiz ere hitz egiten dut, nahiz eta askotan gauza bera esateko izan; egunero deitzen diogu elkar».

Familia da gehien faltan botatzen duena, senideekin egotea. «Asko joaten naiz Leitzara, lana ere bertan egiten dudalako, baina bereziki familiagatik». Mahai inguru horren falta nabari du: «Igandetan, nire senide batzuk bazkaltzera Berastegira etortzeko ohitura hartua zuten, eta orain faltan botatzen dut». Gainerakoan, erosketei dagokionez ez du kezka gehiegirik Villabonak. «Herrian oinarrizko zerbitzu guztiak dauzkagu eta baratza ederrak ere baditugu, ez zaigu ezer falta».

ERDI ETA ERDI

Berastegik Nafarroarekin muga egiten duen lekuan atsedenleku bat dago, Urto deiturikoa. Erreka bat pasatzen da tartean, eta bainu bat hartzeko aukeraz gain, egurrezko mahai eta bankuak, parrilak, komun publiko bat eta haurrentzako parke bat ditu berdeguneak.

Errekak egiten du muga; errekaz alde batera Nafarroa da eta errekaz beste aldera Gipuzkoa. Atsedenlekua kokatuta dagoen ingurua Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen du, eta egun, haurrentzako parkea eta komun publikoa itxi egin ditu aldundiak, segurtasun neurriengatik. Egun hauetan, ordea, jende gehiago ibili daitekeela aurreikusi du udalak eta ahalik eta lasterren irekitzeko eskaera egin dio aldundiari. Osasun araudia malgutzen zihoan heinean irekiko zituztela baieztatu zieten.

Azken asteburuetan jende mordoa gerturatu dela baieztatu du Berastegiko alkateak, eta gogorarazi du «txukun» mantendu behar dela ingurua, «norberak eramandako hondakinak norberak jaso behar ditu».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!