Obaba munduaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2020ko eka. 10a, 19:00

Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo herrigunea ezagutzeko aukera ematen du gaurko ibilbideak. Pasa den asteko proposamenaren zati bat egin behar da berriz ere.

Ibilbide honek Tolosaldeko beste hiru herri ezagutzeko aukera emango digu: Asteasu, Larraul eta Zizurkil. Aurrekoan proposatutako irteerako zati bat berriro pasako dugu. Hau ere nahiko zelaia da, bi tontor izanik bakarrik: Larraul (239 m) eta Zizurkilgo herrigunea (113 m).

Tolosatik abiatuz, Anoetara joan (GI-3650) eta ibaiaren eta trenbidearen arteko bidexka asfaltatutik joango gara Villabonara, aurrekoan bezala. Zubimusuraino jarraitu ibaiaren ezkerraldetik eta Zizurkilgo Elbarrena auzoan futbol-zelaiaren atzetik bidegorria hartu eta industria pabiloien atzetik Asteasura joango gara. Oinezko batzuk topa daitezke, baina bide lasaia da, nahiz eta batzuetan aldapatxo batzuk izan. Asteasura iritsi eta plaza, udaletxea, Usarrabi frontoia, Bernardo Atxagaren Muskerraren Bidea, Tranpazulo eskultura eta kultur etxea ikus daitezke bertan. San Pedro eliza, Santa Kruz baseliza eta eskolak ikusteko Elizmendi auzora igo behar da, 50 metroko desnibela gaindituz.

Asteasu ikusi ondoren, atzera bueltatu eta berehala eskuinera aterako da Larraulera joaten den errepidea (GI-3481). Bi kilometro daude eta igoera da, baina ez oso gogorra (140 metroko desnibela) eta ia trafikorik gabe. Udaletxea, San Esteban eliza, museo etnografikoa eta Murgilazpi frontoia daude kaskoan, eta pixka bat urrutiago Antton Amonarriz Kultur Gunea. Jaitsiera lasai hartu eta Villabonara doan bidegorria hartuko dugu, baina bide erdian (Irurzun garraioen ondoan) ezkerrera biratu, GI-2631 errepidea gurutzatu eta Zizurkilgo herrigunera joateko GI 3281 errepidea hartu beharko dugu, kilometro batean desnibel txikia igoz (40 m).

Zizurkilgo udaletxea, San Millan eliza eta Intxaur frontoia ikus ditzakegu herriaren kaskoan. Bide beretik itzuli beharrean, aurrera jarraitu eta Villabonara jaitsi gaitezke, San Migel ermita pasatuz eta 15. industrialdera iritsiz.

Handik berriz ibaiaren ondoko bidetik Anoetara eta Tolosara itzuliko gara.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!