"Salatzen ez den LGTBIfobia, gertatzen ez den LGTBIfobia bezala da"

IƱigo Terradillos/Irati Saizar 2020ko eka. 10a, 12:01

LGTBI kolektiboari lotutako edozein arazo edota laguntza eskatzeko zabalik izan dira Gehitu elkarteko kideak konfinamenduan; ekainaren 28ra begira, LGTBI kolektiboaren oinarrizko lege bat aldarrikatu nahi dute.

Lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen eskubideak ontzat hartuak izateko lanean ari da Gehitu elkartea. Bertako lehendakaria da Ramon San Sebastian tolosarra. Gertu da ekainaren 28a, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna, eta aurten, egoerak hala behartuta, beste modu batera ospatu beharko dute.

Zer da zehazki Gehitu elkarteak egiten duena?

Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkartea da. Helburuen artean, LGTBI+ kolektiboa deitzen diogun horren eskubideak aldarrikatzea eta ahal den heinean lortzea daude, eta baita esparru politikotik harago esparru sozialean normaltasuna lortzea eta espazio publikoetan gure presentzia aldarrikatzea ere. Horretarako, alor ezberdinetan gai ezberdinak lantzeko taldeak osatuta ditugu boluntarioekin, ekimen ezberdinak aurrera eramateko.

Azken egunetan asko entzuten da 'normaltasun berria'.

Zer da normaltasuna? Nik beti jartzen dut zalantzan. Gure ikuspuntutik, normaltasuna gure kolektiboaren askatasuna lortzea da, eta gizarteko gainontzeko pertsonak bezala eskubide berdinak eta eguneroko bizitzan arazo berdinak izatea, ez arazo gehiago.

Kolektiboak nola eraman du osasun krisia? Gizartearen maila berean kokatua izan da?

Hausnarketa hori oraindik egiteko daukagu elkarte barruan, eta ez naiz ausartzen esatera. Ni boluntario bezala etxean egon naiz, eta azkenean, etxetik, zuk daukazun perspektiba zeurea da. Ez duzu ezer ikusten, eta zaila da esatea zer gertatu den besteen etxeetan. Guk ez dugu aparteko arazorik izan, kontsultarik ez dugu izan. Baina badaezpada ere, telefonoa eta korreo elektronikoa zabalik utzi ditugu denbora tarte guztian, edozeinek edozer arazo balu kontsulta egiteko eta laguntza eskatzeko.

Hartzen joan diren neurriak, ordea, kolektibo zehatz batengan pentsatuta izan dira gehiago?

Badakigu gauzak bidean utzi direla, adibidez, hezkuntza arloan. Azken batean, bullingaren kontua eta LGTBIfobia modu fisikoan ematen dira eskoletan, baina azken finean, egun, gazteak sare sozialetan sartuta ere badaude. Espainiako LGTBI federazioak Europa mailako inkesta batean hartu zuen parte, eta azaldu zuten, bertan parte hartutako LGTBI pertsonen %60 baino gehiagok LGTBIfobia jasan zutela sare sozialetatik. Beraz, gaur egun, nahiz eta ikasleak konfinatuta egon eta eskola bizitza telematikoki egin, sare sozialetatik fobia hori jasan dezakete lasai asko. Hori saihesteko detektatzen jakin behar da zer den LGTBIfobia, hau da, ez da soilik fisikoa, irainak ere izan daitezke. Eta salatzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, zeren salatzen ez den LGTBIfobia, gertatzen ez den LGTBIfobia bezala hartzen da azken finean.

Azken asteetan ez duzue laguntza eskaera handiegirik jaso, baina hala ere, gertatu direla uste duzue?

Gerta zitezkeen eta gertatu dira, nahiz eta ez diren salatu. Izan ere, jende askorentzat beste lehentasun batzuk egon dira mahai gainean, lan arloan sortutako arazoak adibidez, eta agian, LGTBIfobiak eragindako arazoak albo batera utzi dira. Badakigu Gipuzkoan bizi diren hainbat errefuxiatu, LGTBI kolektibokoak direnak, lanik gabe geratu direla, eta diru bilketa bat egin da haiei laguntzeko. Bestetik, GIB-a duten pertsonek medikamentuak behar izaten dituzte, eta pertsona zaurgarri bezala hartu dira koronabirusaren aurrean, eta informazio hori zabaltzen saiatu gara, pertsona horiei laguntzeko.

Nola ikusten dituzue udalak egiten ari diren berdintasun planak?

Azken urteetan berdintasun arloak sortzen joan dira. Bereziki genero berdintasunean jarri da azpimarra, genero arrakala ere beste pandemia bat delako, baina egia da LGTBI arloa ez dela hainbeste landu; gauzak egiteko nahia dagoela ikusten dugu, baina ez dakite nola egin. Udaletxe bakoitzak modu autonomoan lan egiten du, eta berdintasun arlo horiek udalen artean ez ditugu konektatuta ikusten. Momentu zehatzetan laguntza eskatzen digute, askotan, interes politikoak tarteko, egun berezietan zerbait antolatu nahi dutenean. Esaterako, ekainaren 28an edo maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren nazioarteko egunaren inguruan, baina gero urte guztian zehar jarraipen baten falta ikusten dugu. Zentzu horretan hankamotz geratzen dira berdintasun sailak. Aipatzekoa da, ordea, Gipuzkoako Foru Aldunditik, LGTBI+ kolektiboaren probintziako diagnostiko bat egin genuela, eta nahiz eta oso orokorra izan, probintziako ahulguneak ikusi ahal izan ditugu arlo ezberdinetan: osasunean, administrazioan eta justizian, etxean, aisian, kulturan eta horrelako arloetan. Ahulguneak ikusi eta politikak garatzeko lehen pauso bat egin dugu.

Ekainaren 28an harrotasunaren eguna ospatuko da. Aurten, era ezohikoan.

Guk behintzat segurtasun distantziak mantenduz ospatu egingo dugula erabaki dugu. Ekintza fisikoak, kalean egiten direnak eta jende elkarketak saihestu egingo ditugu. Leloari dagokionez, aurten, hauteskundeak uztailaren 12an egingo direnez, interesgarria iruditu zaigu LGTBI lege bat aldarrikatzea Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiarentzat. Legearen helburua, gure eskubideak bermatzea eta hutsuneak dauden leku horiek zuzentzea izango da. Espainiar estatuko zenbait komunitatek dagoeneko badute, eta guretzat ere oinarrizko eta ezinbestekoa da.

Harro plataforma sortu zen iaz, ikusgarritasuna emateko. Aurten ezingo da gehiegi zabaldu.

Gu saiatuko gara eta espero dugu beste elkarteak ere saiatzea ikusgarritasuna beste modu batean ematen, adibidez, banderak jarriz balkoietan. Badakit ez dela berdina izango, baina gure kolektiboari ikusgarritasuna emateko beste modu bat izan daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!