Bost aste falta dira

Imanol Garcia Landa 2020ko eka. 4a, 19:30

ETE liga uztailaren 11n hasiko da eta guztira hamabi estropada izango dira jokoan, lau uztailean eta zortzi abuztuan; Tolosaldea traineruko arraunlariak irrikan daude datorren astean uretan entrenatzen hasteko.

Emakumeen Traineruen Elkartearen liga, ETE liga, uztailaren 11n hasiko da, Pasaian. «Espero dugu egun horretan hastea liga, eta aurretik ezer ez gertatzea bizi dugun egoera berezi honekin», esan du Sabino Alijostesek, Tolosaldea Arraun Klubeko (TAK) lehendakariak. «Bilerak egin ditugu eta nahiko lotuta dago dena».

Hirugarren urtea izango da TAKeko Tolosaldea traineruarentzat ETE ligan. Aurten bederatzi traineru izango dira lehian, iaz egon ziren Hernani eta Colindres ez baitira aterako, eta hamabi estropada egitea aurreikusten da. Horretarako bost eremu zehaztu dira: Pasaia, Getaria, Getxo, Castro Urdiales eta Santander. Pasaian izango da lehenengo estropada, eta azkena Castro Urdialesen, abuztuaren 30ean. Hain justu, uztailean lau estropada jokatuko dira eta abuztuan beste zortziak.

Liga balekoa izateko gutxienez zortzi estropada jokatu beharko dira. «Dena lotuta dago, baina ligan sartuta gaudenean, talderen batean infekzioren bat sortzen bada, agian ezingo dira pare bat estropada egin», esan du Alijostesek. Izan ere, hainbat osasun neurri hartu beharko dituzte kirolariek jardunaldi bakoitzean. Esaterako, estropada egingo den lekura autoetan edo autobusean joaterakoan maskarak eraman beharko dituzte, tenperatura hartuko zaie, eskuak garbitu, eta trainerua eta arraunak desinfektatu beharko dira.

Eusko Tren eta Eusko Label ligetan ez bezala, ETE ligan testak egitea ez da derrigorrezkoa izango. «Norbait sintomak izaten hasten bada, orduan talde horrek bere testak eta bere berrogeialdia egin beharko du», esan du Alijostesek. TAKen ez dute oraingoz aurreikusten testak egitea.

Igoerari dagokionez, iaz bezala izango da: ETE ligako lehen bi sailkatuek parte hartuko dute eta Eusko Tren ligako azken sailkatuak. Beste bi estropada egingo lirateke, eta horietan erabakiko da hurrengo urtean Eusko Tren ligan egongo den trainerua. Estropada horietan testak egin beharko dituzte ere ETE ligatik sailkatzen diren bi traineruko kideek.

Liga egin ahal izateko, «sekulako lana» egin dela esan du Alijostesek. «Ez da erraza gertatu den egoera guztiarekin. Ez da bakarrik denboraldia atera behar dela eta listo, bilera asko izan dira, guk egin ditugunak, KAE ligakoak Eusko Jaurlaritzarekin egindakoak eta beste hainbat». Hain justu, estropada eremuak zeintzuk diren zehaztea izan da puntu garrantzitsuenetako bat. «Talde bakoitzak izango du bere lekua, hortik ezingo da mugitu, bakarrik uretara joateko eta buelta. Segurtasun neurriak oso zorrotzak dira, eta horiek denak antolatzeko leku aproposak lotu behar izan dira. Izan ere, talde asko izango gara: KAE 1 eta KAE 2 ligetatik hamabina, eta gurean bederatzi».

Alarma egoeran zehar bi arraunlari berri sartu dira Tolosaldea traineruan: Itsaso Aranburu tolosarra, Hernaniko traineruan zegoena, eta Carol Garcia trintxerpearra. Azken hau San Pedro klubeko azpiegituretan entrenatzen zuen, Tolosaldea trainerukoak bezala, eta taldean sartu zitekeen eskatu zuen. «Beste guztiak harrobikoak dira», esan du Alijostesek. «Talde asko ibiltzen ziren nahiko normal, eta gero azkeneko momentuan ekartzen zituzten galiziarrak, valentziarrak edo kataluniarrak, eta plus horrekin maila igotzen zuten. Aurten hori egitea zailagoa dute, izan ere, etortzekotan denboraldia hasita izan beharko luke, Katalunian, adibidez, oraindik lehenengo fasean daudelako».

ASTELEHENEAN, URETARA

«Oso pozik» hartu dute arraunlariek ETE ligaren egutegia zehaztuta dagoela jakitea. «Zurrumurru asko entzun dira berrogeialdian eta azkenean ofizialtasun hori iristea pozgarria da eta helburuak jartzen laguntzen dizu», esan du Malen Oiarzabal Tolosaldea traineruko arraunlariak. «Entrenatzen ari ginen, baina ezjakintasun baten barruan. Egun bat eta leku bat jartzea motibazio oso handi bat da».

Astelehenean, fase aldaketarekin batera, uretaratzeko aukera izango dute. Konfinamenduan zehar pixkanaka lortu dituzte taldeko kide guztientzako ergometroak, eta astearte arratsaldean joan ziren lehenengo aldiz San Pedro klubeko azpiegituretara entrenatzera. «Patxi Frances entrenatzailearekin hasi ginen zulogunean arraunketa berriro gureganatzen», esan du Oiarzabalek. «Hor hasi gara eskuak moldatzen eta ipurdiak ohitzen, baina arraunarekin ura ukitzearena dagoeneko beste sentsazio bat da».

Urduri joan ziren lehenengo entrenamendu hori egitera Pasaiara. «Gure sentsazioa zen Patxi ezagutzera joan ginen egunean bezalakoa, urduritasun hori. Iritsi ginenean, emozioa, urduritasuna, baina oso gustura. Sentsazio onekin bukatu genuen, ikusita ergometroan egindako lan hori guztia uretan nabaritzen zenuela, indar eta erresistentzia puntu bat hor zegoela», esan du Oiarzabalek. «Oso pozik bueltatu ginen Pasaiatik, denak irribarre batekin». Orain irrikan daude uretara sartzeko. «Uste dut sentsazio arraroak izango direla hasieran, baina pixkanaka bueltatuko gara».

Zaila izango da jakitea traineru bakoitzaren maila zein izango den behin liga hasterakoan. Urruti geratzen dira neguan egindako estropadak. «Orduan oso sentsazio onak izan genituen, ontzia oso solte zihoan, eta berriro puntu horretara iritsi eta hori hobetzeko esperantzarekin gaude», esan du Oiarzabalek. Beste traineruak nola egongo diren jakitea ez dela posible dio: «Lehen gutxienez uretan entrenatzen ari zinela ikusten zenuen ondokoa nola zihoan, baina orain ez dakigu. Gure aldeko dugu ia denak etxekoak garela, iazko bizkar hezurra mantentzen dugula, eta ez dugula kanpotik etorriko zaigun errefortzu edo taldekiderik. Horrek uste dut indar puntu bat emango digula, baina beti ere aurkariak gutxietsi gabe».

Aurten ez dute Tolosaldea trainerukoek aurkezpenik egingo, ez dutelako horretarako aukerarik, osasun neurriak direla eta. «Hemendik hogei egunetara-edo aterako ditugu orri batzuk eta utziko ditugu udaletxeetan, elkarteetan, taberna batzuetan... Bertan azalduko dira taldeko arraunlariak, eta ligako egutegia jarriko dugu», azaldu du Alijostesek. «Horrekin gutxienez arrauneko giro pixka bat sortu nahi dugu eskualdean».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!