Tolosaldea eta Goierri lotzen dituen bidegorrian barrena egingo da Alegiatik Ikaztegietarako ibilbidea. Alegiako tren geltokitik hasiko da, eta bertan Alegiako Gaztetxearekin egingo du topo ibiltariak. 1987. urtean okupatu zuten herriko gazteek, eta kolore biziz margotuta dago eraikina. Errepidea gurutzatu, eta Tontokalera jaitsiko da.
Alegiako herritarren bilgune da Tontokale. Mugimendu handia dago, eta ibilbideari hasiera emateko, San Juan kalea eskuinetara hartuko da. Udaletxe aurretik pasa, eta kale estuan zehar elizaren ondotik pasako da. Kale amaieran, Oria ibaiaren ertzeko paseotik egingo da bidea. Eskuinetara bidegorria izango du, eta baita baratzeak ere.
Oria ibaian dagoen presa ikus daiteke, eta atsedena hartzeko aulkiak ere badaude, baina bueltarako uztea hobe izango da. Hasi besterik ez da egin ibilbidea. Errepidea bidegorrirantz gurutzatu beharko da, baina zebrabiderik ez dagoenez, arreta handiz egin beharko da.
Behin bidegorrian egonda, ez dago galtzeko arriskurik. Aldabako bidegurutzera iritsiko da. Bertan ezkerretara begiratuz gero, Gorotzenea baserria dago. Gipuzkoan Bergarako beste baserri batek baino ez duen bitxikeria du: garaia edo horreoa. Galizian edota Asturiasen ohikoak dira ikustea. Oinplano errektangularra eta bi isuriko teilatua dituen eraikin osagarria da. Buruan arbelezko plaka bana dituzten sei pilaretxoren bidez dago altxatua, lurretik. XIX. mendearen bukaera aldera eraiki zuten baserriarekin batera, eta, Norteko burdinbidea zela medio bota behar izan zuten lehengo baserria ordezkatzeko eraikia izan zen.
Bidegorrian aurrera jarraituz, ezker aldean, industrigunea pasako du ibiltariak. Zelai berdeak, eta autobia ere begien bistan izango ditu. Ia Ikaztegietara iristear dago, eta lehen etxeak ikusiko ditu. Eskuinetara, lau arku dituen zubia dago; azpitik Oria ibaia pasatzen da, eta gainetik, trena. Ibilbideko lehen maldatxoa igo behar da. Herrigunera sartzearekin batera bidegorria amaitu egiten da, eta herrigunerainoko bidea espaloi bidez egingo da. Iritsi ahala, eliza eta udaletxeko eraikin berria ikusiko dira. Herriko Ostatua, berriz, ezkerretarako geratzen da.
Ikaztegieta errepideak eta trenbideak erdibitzen dute. San Lorentzo izenez ezagutzen dira herriko ia kale guztiak. Zubia gurutzatuz gero, plazara sartuko da. Lasaia da, eta haurrekin jolasean ibiltzeko modukoa. Parkea ere bertan dago, udaletxearen aurrean. Eta alboko eraikinean, eguzki erlojua ikus daiteke.
Etorritako bidetik egingo da Alegiarako bidea. Herrira iristerakoan, ordea, San Juan kaletik jaitsi beharrean, Oria ibaiaren ertzeko pasealekutik pasako da. Tartean, herriak duen puntu xarmagarrienetako bat dago, zubi zaharra. Udaletxearen atzeko aldeko arkupetik pasa, eta Larraitz auzora doan errepidea gurutzatuta Kale Beherara iritsiko da, ibilbidea bertan amaituz. Atseden hartzeko toki paregabea dago.