Plazer txikiak, baratzetik

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko eka. 7a, 19:59

Ilarrak, tomateak, piperrak, bainak edo lekak,... baratzera joan, jaso eta jatea, ederra da. Beste zapore bat dute, eta gorputzari eman beharreko plazer txikiak dira. Euskal Herrian betidanik izan dira baratzeak baserrietan. Eta baserria ez duenak ere, lur zati bat nahikoa izan du baratzeko lanetarako. Baratzetik ateratzen zuten edo dute oraindik ere, etxerako beharreko uztaren zati handia. Familia askotan, etxerako baino gehiago ere erein edo landatzen dituzte barazkiak. Nork ez du ezagutzen aitona-amonek, osaba-izebek edota aldameneko bizilagunek oparitutako barazkiak jaten dituenik?

Lana du baratzeak. Hori horrela da, baina bueltan ematen duen opariak ez du ase gabe utziko baratzezaina. Lanaren ordainetan jasotako barazkiak platerean ikusteak merezi du. Ederra izan daiteke, zuk landatutako hori zerorrek jatea. Gehien estimatuko dena, ordea, zaporea izango da, eta behin probatuta... ona zer den ikasiko du.

Baratzeko ilar jaso berriek edota tomate heldu batek duen zaporea ezin da alderatu supermerkatu handietan erositako barazkiekin. Baratzean helduta jasotzeak badu bere garrantzia. 

Askotan, erretirodunekin lotu izan da baratzea, baina ez du zertan horrela izan. Denbora librerako aukera polita izan daiteke edozeinentzat. Aisia izan daiteke baratzea, edo afizio bilakatu daiteke. Familia elkartzeko gunea ere suertatu daiteke, edota familia handiago bat egin daiteke baratze parke batean bada.

Gero eta ugariago dira hain landa guneko herriak ez direnetan ere herri baratzeak. Eskualdean, Tolosa edo Amasa-Villabonako herritarrek baratze bat izateko aukera dute baratze parkeei esker. Edota Alegia, Anoeta, Berrobi edo Ikaztegietan ere, aukera hori eskaintzen diete udalek herritarrei. Lur zati ez hain handi batetik, uzta oparoa jaso daiteke. Garaian garaikoa erein, eta garaian garaikoa jatekoa.

Negu partea arinagoa izan ohi du baratzeak. Aldiz, udaberri eta udan, barazki asko eta asko puri-purian egoten dira. Egunero bisita egin beharrik ez dago baratzera, baina maiztasun handi batekin joatea komeni, gainerakoan, piperrak handiegi, tomateak helduegi edota kuiatxoak handiegi topatzeko arriskua izango da.

Belar txarrek sarri izaten dute landatutako landareek baino indar handiagoa. Horiek kentzen lan pixka bat izaten da. Aitzurra izaten du lagun baratzean dabilenak, eta pazientzia. Landare batzuk ia ez dute zainketa berezirik behar, beste batzuk, mimoz zaindu beharko dira.

Baratzearen diseinuari ere erreparatu beharko zaio. Zer non landatu, edota zer zeren ostean. Negutik udaberrirako jauzi horretan, landare batzuk erretiratu ahala, beste batzuk landatzen hasi beharko du baratzezainak. Landare batzuek gorako joera dute: bainak, babek, babarrunak, ilarrek, tomateak, piperrek,... Baina, aldiz, kuiak baratzearen zati handiagoa hartuko du. Beste batzuen fruitua berriz lur azpitik atera beharko da, patata kasu.

Lur zatirik ez duenak, gaur egun, balkoia izatea ere aski du. Balkoietan baratzeak jartzeko modu asko daude herritarren eskura, eta gero eta gehiago dira balkoiko zatitxo batean baratze propioa jartzen dutenak. Loreez gain, uraza, piperrak edota tomateak balkoian eman dezakete beren fruitua.

Garaiko zenbait barazki

Alberjinia. Landatuta izan beharko da, eta uztaila eta urria bitartean gutxi gorabehera loratuko da. Beroa du gustuko, baina lur hezea nahiago du.

Babarruna. Neguan platerean gozo-gozo jateko maiatza edo ekaina hasieran erein beharko da. Iraila eta urria artean biltzeko garaia izango da.

Eskarola. Urte osoan izan daitekeen landarea da.

Errukula. Udaberrian erein eta bi hilabete baino lehen jaten hasteko moduan izango da. Hosto berriak eman ahala bildu beharko dira hostoak. Landarea zahartzen joango da, eta mikazten.

Erremolatxa. Maiatzean landatuta, bi hilabetera gutxi gorabehera jateko moduan izango dira.

Kuia. Mota askotako kuiak daude, eta toki asko behar du baratzean, edo zutikako hesiren bat beharko du. Eguzkia behar du.

Kuiatxoa. Berozalea da, eta landare oparoa. Zenbat eta txikiago bildu hobe; hazirik ez du izango eta xamurragoa izango da. Bere lorea ere jan daiteke.

Leka. Udaberrian hasi eta udazkenera bitarte biltzen den barazkia da. Makila edo parda jarri beharko zaio igokaria delako. Lekak txikiak direnean biltzea komeni da.

Luzokerra. Beroa gustatzen zaio, eta uda osoan emango du jatekoa. Maiz-maiz bildu beharko dira aleak.

Patata. Orain baratzean ikusiko dugu landarea, baina udaberrian erein behar da. Beroa ez du gustuko eta bero handienetarako uzta bildu egiten da.

Piperra. Beroa maite duen landarea da, eta mota askotakoa da: Ibarrakoa, Ezpeletakoa, Gernikakoa,... Fruitua eman ahala bildu daiteke, tamaina egokia duenean. Emankorra da.

Porrua. Ia urte guztiko landarea da, eta udazkenean jatea nahi bada udan landatu beharko da.

Tomatea. Landare klase asko daude gaur egun. Toki babestu eta beroan landatzea komeni da. Makila edo parda jarri beharko diogu eta bertara lotu. Behin gorri dagoenean jasotzea hobe.

Uraza edo letxuga. Landatzeko erraza da, eta jango den kantitatea kalkulatu beharko da landatzerakoan, denak batera haziko baitira. Denboraldi luzez uraza jan nahi bada, hamabost egunero edo hiru astez behin landatu beharko dira.

Zerba. Hostoz hosto biltzeko landarea. Maiatzean landatuta hilabete luzez emango du jatekoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!