Lau pertsonatik hiruk bere bizitzan zehar, noizbait, odola jasoko dute. Sabin Urzelai Gipuzkoako odol emaileen elkarteko lehendakaria da eta odol bankuko arduraduna: «Guk behar dugun egunean izan dezagun, onena ahal dugunean odol pixka bat ematea da». Emaile izateko jartzen dituzten baldintzak betetzen errazak dira: 18 eta 60 urte artean edukitzea, 50 kilo baino gehiago pisatzea, tentsioa ondo izatea, anemiarik ez edukitzea eta osasun baldintza normalean egotea. «Odol emaile bakoitzari azken hilabeteetan arrisku praktikarik izan ote duen galdetzen diogu, bai praktika sexualak, kanpora egindako bidaiak edo botika gogorrak hartu ote dituen azkenaldian. Behin protokolo hori beteta, %95ak trankil-trankil eman dezake odola eta momentuan ezin duenak, handik bi-hiru hilabetera arazorik gabe eman dezake», nabarmendu du Urzelaik.
COVID-19aren pandemiagatik erietxeak jendez lepo egon diren garaian, odol eskaria jaitsi egin da, neurri handi batean operazio gelak geldituta egon direlako eta normalean egiten direnak baino ebakuntza gutxiago egin direlako. Odol emateek bere horretan segitu dute, ordea, oinarrizko beharrak ase ahal izateko. Galdakaoko zentroan pilatzen da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako odol erreserba guztia eta handik egunero ospitaleetara bideratzen da behar den odol kopurua. Litro erdiko poltsatan antolatuta, zentroko erreserba 2.500-3.000 poltsek osatzen dute. Urzelaik argitu duenez odola iraungi egiten da, plaketak zazpi egunetan eta globulu gorriak 42 egunetan. «Beraz, erreserba etengabe berritu behar da».
Osasun larrialdi egoeran egonagatik, odol ematea baimendutako jarduera bat izan da eta elkartetik, ahal den neurrian, mantendu egin dituzte herriz herri izan diren odol ateratzeak. Ibarran izan ezik. Urzelaik nabarmendu duenez, martxoaren 26rako bertako anbulatorioan saioa antolatzeko asmoa zuten, baina ezusteko batzuen ondoren bertan behera utzi behar izan zuten. Ekaina hasieran beste egun bat jartzekotan dira elkartetik Ibarran odol ateratzeak egiteko, eta aurrekoan egin ez ziren odol emateak errekuperatu ahal izateko.
Izan ere, osasun egoerak horretara behartuta, odol emaileen elkarteko kideek ezin izan dituzte odol ateratzeak osasun etxeetan egin eta beste kokaleku batzuk topatu behar izan dituzte. «Egia esan jendea zoragarri portatu da. Egun hauetan itxita egon diren kiroldegi, liburutegi, zahar etxe eta bestelakoak jarri izan dituzte gure eskura. Orain, normaltasunera itzuli ahala toki berriak bilatu beharko ditugu. Guretzako buruhauste txiki bat izango da, baina gaitz erdi, pandemia gainditzen ari garenaren seinale izango baita», dio Urzelaik.
Gainerako jardueretan bezala, segurtasun neurriak bermatu dituzte odol ateratzeetan. Musukoa jantzita, eskuak garbiarazi dizkiete emaileei sarreran eta eskularruak jantzarazi ondoren. Gipuzkoako odol emaileen elkarteko lehendakariak dio, 20 minutuz behin 6-7 lagunei atera ahal izan dietela odola. Espazio zabaletan aritu dira eta ohatila batetik besterako bi metroko distantzia mantendu ahal izan dute. «Odola ematerako orduan, ezinezkoa da beste gaitzaren batekin kutsatzea eta berdin gertatzen da COVID-19arekin ere».
Jende pilaketak ekiditeko aurrez ordua hartuta funtzionatu dute bi hilabeteotan eta ez dakite funtzionatzeko era hori aurrera begira ere mantenduko ote duten. «Herri txikietan ez dago jende multzo handiak pilatzeko arriskurik, baina 50 odol ateratze baino gehiago izaten direnetan, ilaran itxaron baino hobea da aurrez emaileekin hitzordua jartzea. Jendea, oso txintxo portatu da eta egoera honetan ere erantzun egin du», dio eskertuta Urzelaik.
Alarma egoerak iraun duen aldi honetan, aurrez emaile izan direnekin egin izan dute lan. Aurreneko aldiz odola eman nahi duenak, galdetegi zehatzago bati erantzun behar izaten dio, beldurrak eta urduritasunak handiagoak izaten dira eta egoera horrek atzeratu egin dezake lana. «Ez nuen inoiz pentsatuko odol emaileei ez etortzeko esaten jardungo nuenik, baina bi hilabete hauetan horrela gertatu da, gauzak arintzearren aurrez emaile izan direnekin egin dugu lan. Baina ekainetik aurrera, nahi duen guztiak izango du aukera».
Salbuespena maiatzaren 25ean egin zuten Albizturren. Lehen aldiz antolatu zuten saioa odola emateko eta jende asko gerturatu zen. Elkartetik esker hitzak izan dituzte eta herritar guztiei luzatu diete mezua: «Egongo dira herritar batzuk osasuntsu ez daudelako edo beldurra dutelako odola eman nahi ez dutenak. Haiei ere esan nahi diegu lagundu dezaketela gure mezua zabaltzen edo herrietan lokalak bilatzen, boluntario bezala jardun dezakete. Azken finean guri iruditzen zaigu ospitalera joaten garena odola gure zain egongo dela, denok dugula eskubidea odola jasotzeko behar dugun guztietan. Baina hori horrela izateko, odola aurrez eman egin behar da eta hori guztion ardura da».