Tolosan hasi eta bukatu

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2020ko eka. 3a, 12:20

21. kilometroko ibilbidea; Tolosa-Anoeta-Villabona- Aduna-Amasa-Irura-Tolosa modu errazean egiteko moduan.

Lehen ibilaldia nahiko laua da eta trafiko gutxiko errepideetatik, Aduna (128 m) eta Amasako (120 m) tontorrak bakarrik ditu. Tolosako erdialdetik aterata (Trianguloa plaza hartuko dugu erreferentzia gisa), Alde Zaharra zeharkatu eta Belate auzotik barrena abiatzen gara Anoeta aldera (GI-3650 errepidea).

Abraham Olano eta Anjel Mari Peñagarikanoren herrian, beste guztietan bezala, aurten ezingo dituzte Korputs jaiak behar bezala ospatu. Hurrengo batean izan beharko du. Errepide nagusia utzi eta Oria ibaia eta trenbidearen artean doan bidexka asfaltatua hartuko dugu, ia autoen trafikorik ez duena. Hori hartzeko bi aukera daude: Errotaldea auzotik edo, herrian sartuta, Alkizarako bidea hartu eta aldapa jaitsi bezain pronto eskuinetara hartuta. Irurara joateko oinezko zubi berria topatuko dugu laster. Oria ibaia atzera zeharkatu eta trenbide ondoko bidera itzuliko gara. Tren pasabidean kontuz ibiliko gara eta barrera jaitsita baldin bada, itxaron. Oso bide laua da, bizikletaz gozatzeko modukoa. Muino bakarra Sarobe baserrira joateko zubiaren parean dauka. Villabona parera iritsitakoan biribilgune bat dago, herrian sartzeko zubiaren parean. Eskualdeko bigarren herririk handienak bisita lasaiagoa merezi du eta beste baterako utziko dugu.

Hor ezkerrera jarraitu, Zizurkil aldera eta bidegorri berri batetik ibaiaren ezkerraldetik jarraituz Zubimusuraino jarraituko dugu. Han Asteasu aldera jo eta berehala beste biribilgune bat dago eta hor eskuinetara (Adunaraino eramango gaituen GI-3610 errepidea), Bulandegi aldera hartu, industria gune aldera. Zizurkilgo igoera ezkerretara utzita, segi eta berehala Adunara igotzeko seinalea agertuko da. Hor dago etapa honetako lehen igoera. Bide erdian Santa Kruz ermita ikusiko dugu. Eguneko lehen izerdiak bota ondoren, atsedena hartzeko eta Juan Kruz Igerabide idazlea, Paco Ibañez kantaria, Xabier Berasaluze Leturia pandero-jotzailea, Iñaki Gorostidi harri-jasotzailea eta Mendizabal anaiak herri kirolarien jaioterria ezagutzeko tartea har daiteke. Jasokundeko Mari (XVI. mendea), udaletxea, Torrea oinetxea (XV. mendea baino lehenagokoa), frontoia, ostatu-albergea eta kiosko modernoa ikus daitezke.

Bide beretik itzuli beharrean, Andoain aldera jaitsi daiteke, eta Asvinenea kultur zentroko bidegurutzean eskuinera hartu, industrialderantz. Bide lasai horretan esfortzu handirik gabe eragingo diegu pedalei eta igoera hasi den puntura itzuliko gara. Handik lehengo bidetik Villabonara itzuli eta Jesusen Bihotz Sakratuaren elizan ezkerrera hartuko dugu, Amasara igotzeko (GI-3751). Hemen ere igoeratxoa daukagu, azken pedalkada gogorrak eta izerdiak, beraz. Tourseko San Martin eliza, frontoia eta plaza ikus daitezke bertan. Bide beretik jaitsi Villabonara eta Olaederra kiroldegiaren ondoko zubitik Oria ibaia zeharkatu eta etorri garen bidetik itzuliko gara Tolosara.

Oinezko zubia aprobetxatuz, sartu Xarea praktikatzen den eta trinketea duen eskualdeko herri bakarrera, Irurara, alegia. Azken urteotan biztanlez gehien hazi dena ere bada. San Migel eliza gotikoa da eraikin nagusia. Garai bateko garbitokia mantentzen du, gainera.

Lehen txangorako, nahikoa. Ez dago gaizki!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!