Babestutako edukia

"Lan mundua ezagutzeko aukera izan dugu"

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 2a, 18:00

Tolosaldea institutuan, Administraritza eta Finantzak goi-mailako heziketa zikloko bigarren maila egindako ikasleak dira Lorena Lertxundi eta Izarne Otamendi. Egun, Voith enpresan ari dira, DUAL prestakuntzan.

Zergatik aukeratu zenuten Lanbide Heziketa egitea?

Alde batetik, Lanbide Heziketari esker ikasleei lan mundura gerturatzeko aukera handiagoa ematen zaie, norberaren gaitasunak garatuz. Bestalde, iruditzen zaigu unibertsitateak ez zigula Lanbide Heziketak eskaintzen duen gertutasuna emango. Unibertsitateko gela batean ikasle kopurua handia izan ohi da, eta zaila da irakasleak ikasle guztiekin harreman eta gertutasun berbera izatea.

Zer moduz DUAL prestakuntzan? Zaila egiten al zaizue?

DUAL eredua oso aberasgarria dela iruditzen zaigu, hori dela eta, pertsona bakoitzaren gaitasunak aztertuta, ikasle guztiek probatu beharko lukete. Plangintza egoki bat izan dugu eta ez zaigu zaila egin. Garrantzitsuena eskola eta lana bereiztea da, bakoitzari behar duen denbora eskainiz.

Zer moduz Voith enpresan?

Zorte handia izan dugu enpresa multinazional batek hautatu gaituelako. Nahiz eta sail txiki batean mugitu, gai ezberdinak lantzeko aukera eman digu eta langile asko dituen enpresa izanda, pertsona ezberdinekin lan egin dugu, eta aberastasuna eman digu.

Zer moduz zuen lanpostuetan? Ikasitakoak balio izan dizue?

Lehenik eta behin, esan beharra dago, ez dugula sail berean lan egiten Izarne Otamendi kalitate eta segurtasun eta ingurumenaren sailean dago eta Lorena Lertxundi erosketa sailean. Ez gaude sail berdinean, baina sailek lotura zuzena dute; gauzak egiteko sail ezberdinen laguntza behar dugu. Eskolan ikasitakoa lan mundurako oinarriz izan da. Behin enpresa batera lanean zaudela, enpresa hori beste mundu bat da. Gauzak egiteko era ezberdinak daude, eta eskolan ikasitakoa erabilgarria izan daiteke edo ez. Horregatik esan dugu ikaskuntzan ikasitakoa oinarria dela.

Zer esango zenuke Lanbide Heziketari buruz?

Lehen esan dugun moduan, lan mundura zuzenduta dagoenez, mundu hori nolakoa den erakusten dute. Teorikoaz gain, pertsona bakoitzaren gaitasunei ere garrantzia ematen diote, eta gaitasun horiek garatzeko aukera eskaintzen da.

Gustura egindako aukeraketarekin eta lortu duzuenarekin?

Ez gara damutzen. Plangintza on baten bidez, enpresako lana eta eskolako lana ondo uztartzen jakin dugu, eta helburuak lortzea errezagoa egin zaigu. Eskolaz gain, beste aukera bat izan dugu lan mundua ezagutzeko. Horrelako aukera izanda, zaila da ezezkoa esatea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!