Babestutako edukia

"Oso gustura nago egindako aukeraketarekin"

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 2a, 20:30

Kimika Industriala goi-mailako heziketa zikloa egindako ikasle ohia da Yashira Navas, Don Bosco LHII -Paper Eskola ikastetxean. Egun, Ahlstrom-Munksjö Paper enpresan ari da lanean.

Zergatik aukeratu zenuen Lanbide Heziketa?

Unibertsitatean kimikako ikasketak burutu ondoren, urte betez egon nintzen lana bilatzen. Elkarrizketa guztietan, aurreko esperientzia eskatzen zutenez, zerbait gehiago ikastera behartu nintzen, jakinduria pixka bat zabaltzeko. Hortaz, Lanbide Heziketako ikasketak burutzea pentsatu nuen, gaur egun aukera gehiago dagoelako lan munduan sartzeko mota honetako ikasketak egitean, enpresa eta lantegiekin lotura handiagoa dagoelako.

Non egin zenituen praktikak? Zer moduz joan zitzaizkizun?

Praktikak Praxair enpresan egin nituen, Olaberrian. Oso gustura egon nintzen ikasitakoan oinarritutako praktika bat delako. Modu berean lan munduan sarrera bat izateak ere gogotsuago jokatzera bultzatzen zaitu.

Zer moduz Ahlstrom-Munksjö Paper enpresan? Nola izan zen hasiera?

Ahlstrom-Munksjö-n bi urte daramatzat, eta oso gustura nago. Amatasun baja bat betetzeko sartu nintzen eta azkenean bertan geratu naiz. Lanbide Heziketako lan poltsari esker nago hemen, zentrora deitu zuten pertsona baten bila ari zirelako, eta elkarrizketa bat egin ondoren sartu nintzen.

Zein da zure lanpostua gaur egun? Zer moduz zure lana? Ikasitakoak balio izan al dizu?

Hasieran, bezeroei ekoitzitako paperaren laginak bidaltzen hasi nintzen, amatasun baja bat betetzen. Ondoren, laborategian lana zegoenez, postu bat eskaini zidaten, bertako ikerkuntza desberdinak betetzeko. Gaur egun, laborategi hori kudeatzen duen pertsona naiz. Bertan, iristen diren lehengaien analisiak burutzen ditugu, edota bezero batek nahi dituen kolore berriak sortzen ditugu, eta baita ikerkuntza mota desberdinak ere. Oso lan interesgarria eta polita da, azkenenean egun guztia koloreekin jolasean ibiltzen garelako eta hori beti da entretenigarria. Nik aurretik beste ikasketa mota batzuk nituen, baina hala ere, beti da baliagarria ikasitako edozer gauza gehiago edukitzea, beti datorkigu ondo gauza berriak ikastea.

Zer esango zenuke Lanbide Heziketari buruz?

Lanbide Heziketak, lan munduan sartzeko ateak irekitzen dituen erreminta oso baliagarria da, aldi berean, ikasteko eta lan egiteko aukera ematen duelako. Irakasleekin sortzen den lotura ere gauza garrantzitsua da, azkenean lantaldeak txikiak direnez, bakoitzaren ezaugarrietara bideratutako ikasketa bat da eta modu honetan era errazago batean ikasi ahal duzu, horrek dakartzan erosotasunekin.

Gustura zaude egindako aukerarekin eta lortu duzunarekin?

Oso gustura nago egindako aukeraketarekin eta batez ere, lortu dudanarekin. Unibertsitateko ikasketak bukatu ondoren, zerbait gehiago egin behar nuela konturatu nintzen lan munduan sartu ahal izateko, eta esperientzia lortu ahal izateko. Lanbide Heziketa batean sartzea izan zen aukerarik onena niretzat, azken finean, nire arloko enpresa batean sartzeko aukera eman didalako.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!