Hego Euskal Herrian ezingo da plastikozko mahai tresnarik saldu 2021etik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko eka. 2a, 11:30

Hondakinen legearen aurreproiektua onartuko du ekainaren 2an Espainiako Ministroen Kontseiluak eta baita Ekonomia Zirkularraren Estrategia 2030 ere. Hauek dira ezarriko dituzten neurrietako batzuk: derrigorra izango da iturriko ura eskaintzea tabernetan, eramateko janaria saltzen dutenek kobratu egin beharko dituzte plastikozko baso, tapa eta ontziak 2023tik aurrera eta ezingo da plastikozko pajitarik eta kubiertorik saldu 2021etik aurrera. Ipar Euskal Herrian aurten sartu da indarrean plastikozko mahai tresnak eta platerak debekatzen dituen Frantziako Gobernuaren legea.

Ekainaren 2an ekingo dio bideari hondakinen legearen aurreproiektuak, lege izatera iristeko. Egun eskura ditugun plastikozko tresna asko saltzea galeraziko du 2021eko uztailetik aurrera: pajitak, bastoitxoak, poliestirenozko zorroak...

Prestatutako janarietan zorroen salmenta %50 murriztu beharko da 2026rako, erreferentzia gisa 2022an salduko dituztenak hartuta. 2030erako %70 murriztu beharko dute zorro horien salmenta.

Iturriko ura sustatzen du legeak: taberna eta jatetxeek iturriko ura doan eskaini beharko dute derrigorrean, nahiz eta botilako urak ere eskaini. Administrazio publikoek ahalik gehien murriztu beharko dute botilako uraren kontsumoa beren egoitzetan. Osasun etxeetan eta eskoletan erabilera bakarreko botilak saldu ahalko dira, lege honen aurreproiektuaren arabera.

Ekonomia Zirkularraren Estrategiak 20 milioi tona murriztu nahi ditu 2030rako

2030erako 20 milioi tona hondakin murriztea du helburu, estatu osoan. Ekonomia Zirkularrak hierarkia bat ezartzen du hondakinak kudeatzeko, eta lehen maila prebentzioa da, ondoren berrerabilera, gero birziklapena, ondoren "balorizazioa" (hor sartzen dute errausketa ere) eta azkenik zabortegia. Besteak beste, hiri hondakinen %60 birziklatzea du helburuetako bat eta ekonomiak eragindako hondakinak %15 murriztea, 2010ean zenbatu ziren 137 milioi tona horietatik.

Eraikuntza sektorea da hondakinetan ekonomia jarduera kutsakorrenetakoa: baliabideen %40 kontsumitzen du eta hondakinen %40 sortzen du. Horregatik da lehentasunezkoa Estrategia Zirkularrarentzat, baita industria, turismoa eta oihalgintza industria ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!