Ertzaintzak, Nafarroako Polizia Foralak eta Espainiako Polizia Nazionalak elkarrekin operazio bat egin berri dute. Ondorioz, Iruran atxiloketak eta miaketak izan direla jakinarazi dute Barne Sailetik. Enpresetan "indarra erabiliz" lapurretak egiten omen zituen talde horrek, eta gutxienez 28tan sartu omen ziren.
2019 azken seihilekoan enpresetan lapurretak ugaritu zirela ikusi zuten, gehienak Gipuzkoan, baina baita Nafarroan, Araban eta Bizkaian. Ikerketa urte amaieran jarri zuten martxan. Taldea 10 pertsonek osatzen zutela diote, eta atxiloketen ondoren epaileak bakarra bidali du espetxera. Kontuan hartu behar da operazioaren aurretik 10 horietako bat Martuteneko espetxean zegoela. Barne Sailaren arabera, baimenekin ateratzen zenean elkartzen zen taldera lapurretak egitera. Karguekin aske geratu direnek autoritate judizialak eskatutakoan obligazioa izango dute haren aurrera azaltzeko.