Erresistentzia kutxa sortu dute, etxeko langileei laguntzeko

Irati Saizar Artola 2020ko mai. 28a, 19:57

SOS Arrazakeriak eta Tolosaldeko mugimendu feministak diru bilketa bat egin nahi dute egoera zaurgarrienean dauden etxeko emakume langileei laguntza ekonomikoa emateko.

SOS Arrazakeriak bultzatuta eta Tolosaldeko mugimendu feministak lagunduta erresistentzia kutxa bat antolatu dute, osasun larrialdiak eraginda egoera zaurgarrian geratu diren etxeko langileei laguntzeko. Langile horietako asko emakumeak, atzerritarrak eta kontratu zein paperik gabekoak dira. Oarsoaldean ekimen bera jarri zuten martxan, eta egun Tolosaldera ekarri dute.

Konfinamendua hasi ostetik, SOS Arrazakeria elkarteak etxeko langileen jarraipena egin du: orokorrean 250 emakumerekin jarri da harremanetan, eta horietatik 40 egoera larrian daudela azaldu du Ana Telleria Tolosaldea Garatzeneko Migrazio saileko teknikariak. SOS Arrazakeriak elkarteak Tolosaldeko etxeko langileen talde bat sortuta dauka, eta hortik ere eskualdeko emakumeei jarraipena egin zaie.

Lanpostua galdu dute askok, edota lanaldia eten zaie beste batzuei. Hala ere, oinarrizko gastuak, etxebizitza zein elikagaienak berdin-berdin ordaintzen jarraitu behar dute, biziraun nahi badute. Gainera, Telleriak dio geroz eta egoera larriagoan aurkitzen direla: «Egunez egun bizi dira emakume hauek; haien herrialdeetatik ekarritako aurrezkiak amaitzen ari zaizkie eta ez daukate gehiago ezer».

Emakume horietako gehienak egoera irregularrean daude, hau da, «ezin dute gobernuko diru laguntzarik jaso». Izan ere, «diru laguntzak jasotzeko baldintza batzuk bete behar izaten dira, eta horietako bat alokairuko kontratua izatea da; askok ez daukate kontraturik, beraz laguntza gabe geratzen dira». Denborak aurrera egin ahala, egoera zailtzen ari zaie. «Elikagai bankuetatik jasotzen ari dira janaria batzuk, baina alokairua ezin ordainduz daude; eta lana galdu dutenez oso zaila daukate orain lana aurkitzea, ezkutuko ekonomian lan egiten baitute».

Egoera «oso larria» dela dio Maite Aranalde Ibarrako Deabruak Kalera Asanblada Feministako kideak. «Konfinamendu aurretik ere ez zen egoera batere erraza etxeko langileena, bada, orain, asko okertu da».

ELKARTASUNEZ

Ekimenarekin bat egin dute Tolosaldeko mugimendu feministako kideek. Hasiera batean, Ibarrako Deabruak Kalera Asanbladako kideak elkartu ziren gaiaren inguruan buelta bat emateko, eta zerbait egin beharrean ikusi zuten haien burua, «bai emakume haiei ekonomikoki laguntzeko, baina baita gaiaren inguruan hitz egin eta sentsibilizatzeko ere». Hori horrela, Ibarrakoez gain, eskualdeko hainbat mugimendu eta kolektibo ere batu dira ekimenera: Villabonako Lurgatz, Anoetako Matraka, Altzoko Mariren alabak, Irurako Mugimendu Feminista, eta Divinas, Ereite eta Jatorkin elkarteak.

Emakume horiei lagundu ahal izateko crowdfundinga jarri dute martxan honako helbidean: www.gofundme.com/f/tolosaldeaerresistentziakutxa. Bestalde, eskualdeko hainbat denda eta tabernetan itsulapikoak ere jarri dituzte, bakoitzak bere ekarpena egiteko. Edo bestela, transferentzia bat egin daiteke Kutxabankeko kontu honetara: ES16 2095 5013 70 9114122235. Ondoren, bildutako diru hori SOS Arrazakeriak elkarteak kudeatuko du.

«Ekimen hau larrialdi egoera bati erantzuteko da, baina argi dago kolektibo horri laguntzeko pausoak eman eta haien egoera hobetzeko aldarrikatzen jarraitu behar dugula», gogorarazi du Aranaldek. «Badakigu honekin ez direla behar guztiak aseko, baina lehen pauso bat da bizitzak eta pertsonak erdigunean jarriko dituen sistema bat eraikitze bidean». 

«Ezin dut alokairua ordaindu eta janaria erosteko ere ez daukat dirurik»

Osasun krisiagatik lanik gabe geratu da Laura -ez da bere benetako izena-. Tolosan bizi da egun, alokatutako logela batean, eta diru sarrerarik ez duenez, jateko eta alokairua ordaintzeko arazoak ditu. Egoerak zer ekarriko dion beldur da.

Zein da zure egungo egoera?

Ordu batzuk egiten nituen lan etxe batean, eta osasun krisia etorri denean lan hori galdu dut. Mugikorrera deitzen zidaten nire beharra zutenetan, baina ez zen lan finkoa, izan ere, ez dut paperik eta horrela lana bilatzea ere oso zaila da.

Diru sarrerarik ez duzu momentu honetan, beraz.

Ezin dut alokatuta dudan logela ere ordaindu. Eta janaria erosteko ere ez daukat dirurik, ezta mugikorra diruz kargatzeko ere. Egoera latza bizitzen ari naiz. Udaletxera joan behar izan nuen laguntza eske, eta gizarte langileek laguntza eskaini zidaten. Logelaren erdia ordaintzen lagundu didate, baina beste erdia ordaindu gabe daukat oraindik, izan ere, 250 euro ordaindu behar izaten ditut ura eta argia barne.

Lana aurkitzeko zailtasunak gehitu egin dira egunotan?

Asko okertu da egoera. Adineko asko hil da koronabirusagatik eta beldurtuta daude. Baldintza zorrotzagoak eskatzen dituzte gainera. Arratsaldeetan kalera ateraz ibili naiz, jendeari galdetuz ea lana lortzen ote nuen. Baina ez dut zorterik izan, ez dago lanik. Bizirauteko ordea zerbait behar dugu.

Elikagai bankura joan ohi zara?

Bai, duela hamabost egun haiek eman zidaten jatekoa. Baina asteartean pasa nintzen berriro eta itxita dago, hurrengo abisura arte. Ez dakit nola moldatuko naizen hurrengo hilabetea pasatzeko. Ez dut izango jatekorik, eta egoera oraindik eta larriagoa izango da.

Kanpaina honekin egoera hobetzen joango den esperantza duzu?

Espero dut baietz. Pentsatu nahi dut ekonomikoki gu baino hobeto dagoen jende zintzoa badagoela mundu honetan eta lagunduko gaituztela. Gutxienez, oinarrizko elikagaiak erosteko adina izan dezagun behintzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!