Tolosaldeko Lurralde Plan Partziala onartu dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 27a, 19:59

Orain arte ez dela adostasunik egon eta orain arte ezin izan dutela onartu nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak; azpiegitura berriak egiteko aukera eskaintzen du.

Tolosaldeko 28 herrietako arduradunak eta Gipuzkoako Foru Aldundia adostasunera iritsi dira Lurralde Plan Partziala (LPP) onartzeko. Eta honenbestez besteak beste, Villabona-Anoeta eta Tolosa-Ibarra hegoaldeko «lan estrategikoak» egitea ahalbidetu dela esan du Rafaela Romero Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasun diputatuak.

Esan duenez, azken urteetan ez da adostasunik egon, eta horregatik nabarmendu du akordiora iritsi izana. «Datozen urteetan Tolosaldeko herritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetu ahal izango dira», esan du.

Lurralde Plan Partziala onartuta udalek edota enpresek proiektuak garatu eta aurkeztu ahal izateko bidea ireki dela esan du Romerok, eta «garapen mistoa» eman ahal izango dela, jarduera ekonomikoa eta bizitokiak kontuan hartuz, eta ekipamendu berriei atea irekiz.

Diputatuak erakundeen arteko lankidetzan jarri du azpimarra; «horrenbeste urtetan geldirik egon den proiektua bideratu ahal izatea oso pozgarria da». «LPP honen onarpena konpondu gabeko arazo bat zen eta egin beharra zegoen», gaineratu du. Esan duenez, Donostialdeko LPPa 2016an onartu zen, eta Tolosaldea zen sei zonaldeetatik lurralde antolamendurako lan ildoak zehaztu gabe zituen bakarra. 2005ean eta 2006ean onartu ziren Debagoiena, Debabarrena eta Urola Kostakoak, eta 2009an Goierrikoak.

Romerok azaldu du, LPPak zonalde edo eremu bateko garapena ordenatzeko ildoak zehazten dituen erremintak direla, eta Tolosaldekoak eskualdeko herrietako etorkizuneko hirigintza orokorrerako planteamendua zehazteko oinarria zehazten duela.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!