Txapelketak, udazkenean

Imanol Garcia Landa 2020ko mai. 26a, 20:02

Danok Danena halterofilia taldeko pultsulariak hasi dira pixkana entrenamendu saioak egiten ohiko materialekin; Espainiako Txapelketan goian izatea dute helburu beste behin.

Halterofiliako txapelketak zeharo gelditu dira konfinamendua martxoan hasi zenetik. Danok Danena taldekoak Villabonako Olaederra kiroldegian duten entrenamendu eremutik atera ziren, eta ez dute aukerarik izan materiala hartzeko konfinamenduaren lehenengo fasera pasa arte. Batis Kortajarena taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, «pultsulariren batek pisuak bazituen etxean, horiekin aritu da muskulazioa lantzen. Baina, bestela, ahal den bezala ariketa fisikoa eginez, etxean bizikleta estatikoa izanez gero hori aprobetxatuz, eta horrela moldatu dira».

Txapelketak atzeratu egin dira eta udazkena aldera egiteko asmoa dute. Nazioarteko Federazioak Europako Txapelketa egiteko nahia du, urtea ez galtzeko ezer egin gabe. Izan ere, aurtengo Olinpiar Jokoak atzeratu egin dira urtebetez, eta Europako Txapelketa erabiliko da datorren urteko Olinpiar Jokoetara joateko puntuak lortzeko. «Urriaren bukaeran-edo jarriko dute Europako Txapelketa, eta orduan Espainiako Federazioak Espainiako Txapelketa antolatu beharko du horren aurretik, Europako Txapelketarako sailkapena egiteko», zehaztu du Kortajarenak.

Urrian, beraz, egingo lirateke Espainiako txapelketak, eta mailak pilatu egingo dira. «15 eta 17 urte azpiko mailak batetik, eta junior eta absolutu mailakoak bestetik, batera egingo dira, aurretik bananduta egin izan direnean», azaldu du Kortajarenak. «Orain dauden arauekin, txanda bakoitzean hamabi pultsularik parte hartu dezakete, eta hainbat neurri kontuan hartuta, larunbata eta igandea iraungo dute txapelketek». Espainiako Txapelketara sailkatzeko, aurretik Euskadiko Txapelketak antolatu beharko dituzte. «Bilatu beharko dugu data eta lekua Euskadiko Txapelketak egiteko».

Bestalde, Liga Nazionala bertan behera geratu zen, baina Espainiako Kopa egin nahi dute, hau da, taldekako Espainiako Txapelketa izango dena. Azaroan egitea aurreikusten dute, aurretik sailkapen saio bat eginez, finalera pasako diren hamabi onenak erabakitzeko.

FRONTOIAN ENTRENATZEN

Udazkenera aldatu diren txapelketak jomugan, Danok Danena taldekoak ez daude geldirik egoteko. Olaederra kiroldegitik materiala hartu zuten, eta kiroldegira berriro bueltatzeko aukera izan arte, entrenamenduak egiten ari dira ahal duten moduan. Horrela, lau pultsulari ari dira Zizurkilgo Intxaur frontoian entrenatzen arratsaldeetan, binakako txandatan, udalak baimena eman ondoren. Larraulen eta Zizurkilen ere zenbait pultsularik egokitu dituzte garajeak entrenatu ahal izateko, taldearen materiala eskuratu ondoren.

Konfinamendu garaian, aurretik egindako lana galdu egin dela dio Kortajarenak: «Nahiz eta beste gauza batzuk egin etxean, eta fisikoa landu, galdu egiten da. Egia esan, kirolariak bere pisuan nahiko ondo mantendu dira. Baina mugimenduak egiten hasten direnean, pisuak hartzerakoan, nabarmentzen da oso berde daudela. Orain fase bat behar da, hilabete edo hilabete eta erdikoa, bolumen pixka bat hartzeko. Ea hirugarren hilabetean lortzen dugun %90era iristea. Kosta egiten da hor goian zabiltzanean, egunero entrenatzen, horrelako etenaldi bati aurre egitea».

Pultsularientzat denboraldia berriro hasi dela suposatu du etenaldiak. Ekaina, uztaila eta abuztua aprobetxatu nahi dute berriro beren onenean jartzeko. «Ikusi egin beharko da abuztuan ze aukera dugun entrenatzeko», zehaztu du Kortajarenak. Irailera «nahiko ondo» iristeko aukera izango dutela uste du entrenatzaileak, «urte bukaera horri ondo aurre egiteko». Ahal dutenean Olaederra kiroldegira itzuliko dira, baina ikusi egin beharko dute zein izango diren baldintzak. «Horren arabera, agian komeni zaigu Intxaur frontoia entrenatzeko leku bezala mantentzea. Zizurkilgo Udala oso ondo portatu da beti gurekin, eta hitz eginez uste dut moldatu gaitezkeela, denak entrenatu ahal izateko».

EMAITZA ONEN BEHARRA

Espainiako Txapelketetan emaitza onak lortzea da Danok Danenakoen helburu nagusia. Batetik, taldekako txapelketan finalera iristea dute asmoa. Bestalde, goi mailan dabiltzan pultsulariek banakakoan goiko postuetan sailkatzea dute helburu. «Asko dute jokoan pultsulariek txapelketa horietan», esan du Kortajarenak. «Berez ia urte osoa horri begira lantzen dute. Jasotzen duten beka txapelketa horretan lortzen duten emaitzaren araberakoa izaten da. Talde bezala ere diru laguntza dugu Espainiako Txapelketan egon ahal izateko, eta, beraz, guk ere emaitza jakin batzuk lortu behar ditugu, eta nahi ditugu horiek lortu ere».

Goiko postuetan geratzeko aukera, absolutu mailan, Susana Davila, Jon Sasian, Igor Sasian, Ekaitz Kortajarena, Mikel Alvarez eta Jon Ander Iriarte pultsulariek dute. 17 urte azpiko mailan, Jon Kepa Kortajarenak aukera asko ditu irabazi edo bigarren geratzeko. Junior mailan ere Xabier Amonarrizek aukerak ditu goiko postuetan sartzeko. «Pultsulari horiek guztiek saiatu behar dute postu onak lortzen, eta ondoren bekak etortzen badira, urtea aprobetxatzen».

Europako Txapelketara sailkatzeko aukera Susana Davilak eta Mikel Alvarezek izan dezakete. Madrilgo goi errendimenduko zentroan egon zen Davila, baina handik ateratzea erabaki zuen, ez baitzegoen gustura bertan. Madrilen bizi da, eta crosfiteko gimnasio batean aritzen da entrenatzen. «Ez luke zailtasunik izan behar nazioarteko mailan lehiatzeko, baina ikusi egin behar da nola dabilen», esan du Kortajarenak.

Mikel Alvarez da maila altuena duena taldean, baina oraindik ez du aukerarik izan entrenatzeko. «Fadurako goi errendimenduko gimnasioan eskaera egin zuen bertan entrenatzeko, eta erantzuna itxaroten ari da». Hala ere, aurkariak nola dauden ikusi egin behar dela gaineratu du Kortajarenak: «Kanariar Uhartekoek, adibidez, normal entrenatu badute konfinamendu osoan, zaila izango da beraiei aurre egitea, egoera normal batean dagoeneko zaila izango zelako».

Gogoz eta ilusioz daude taldeko kideak, baina txapelketaren unea iristean ikusiko da lehiakideen sasoia nolakoa den. Bitartean, Kortajarenak argi du: «Garrantzitsuena guk funtzionatu ahal izatea da. Modu horretan ondo ibiliko garela uste dut, eta ez dugu zertan gainontzekoei begira egon behar».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!