Gogoratu dute Espainiako Estatua dela abiadura handiko trenbideetan kilometro gehien duen herrialdea, eta aldi berean kilometro bakoitzeko bidaiari-ratio txikiena duena. Hego Euskal Herrian, “iragarritako AHTko tarte guztiak eraikiko balira, espainiar estatuaren bikoitza izatera iritsiko litzateke milioi biztanleko kilometro ratioa”.
Horrek ekonomikoki esan nahi duena nabarmendu dute manifestuan: “Koronabirusaren krisia dela eta, Eusko Jaurlaritzak hasieran autonomoentzat bideratu zuena adibidez, AHTren 100 metro eraikitzearen baliokidea da (3 milioi euro). Era berean, kultura alorreko profesionalei emandako 2,5 milioi euroak aldiz AHTren 83 metrori dagokio. Nafarroako Ospitale Konplexuko Laborategi Bateraturako eraikinak AHTren 656 metro suposatzen ditu. Bestalde, Gasteiz eta Iruñea arteko AHTren zatiak duen kostuarekin, Eibarren duela urte eta erdi inauguratu zen ospitalea bezalako beste 32 eraiki litezke. Gobernuek AHT bezalako azpiegitura handietan inbertsio erraldoiak egin dituzten bitartean, murrizketa handiak izan dira bizitzarako oinarrizkoak diren hainbat alorretan, hala nola Osasunean eta Gizarte Zerbitzuetan. Honen isla izan da azken asteetan ikusi izan duguna: ospitaleak gainezka, osasun-langileen txanda bikoizketak, hiltegi bilakatu diren adinekoen egoitzak, bakardadean hil den jendea, bat-batean ospitaletan eraldatutako hotelak, beraien etxeetan maskarak fabrikatzen ari diren emakume ugari...”.
Ohiko tren sarea hobetzearen alde
Hori guztia kontuan hartuta, AHTren obrak “berehala etetea eta bere proiektu berriak bertan behera uztea” eskatu dute sinatzaileek. Horren ordez, egun daukagun ohiko tren sarea mantentzearen eta hobetzearen alde egiten dute: “Herriak, hiriak eta industrialdeak elkar komunikatzen dituena, pertsonak zein merkantziak garraiatzen dituena, zonalde oro komunikaturik egotea bermatzen duen lurralde antolaketan oinarritzen dena eta ekonomikoki edonorentzat eskuragarri izango dena”.
AHTko inbertsio ekonomikoa premiazkoak diren alorretara bideratzea eskatzen dute: “Nahikoa langile eta baliabide dituen osasun publiko bat; adinekoen, mendekoen eta hauek zaintzen dituzten pertsonen zaintza; pentsio duinak; oinarrizko diru sarrerak guztiontzako; kalitatezko hezkuntza publikoa; euskararen sustapena; elikadura burujabetzaranzko hautua; kalitatezko zerbitzu sozialak; zainketen balioztatzea; Covid-19aren krisiak gogor kolpatu dituen sektoreez bizi diren pertsonen babesa (komertzio txikiak, kulturgileak…)”.
Krisi ekologikoa eta soziala kontuan izango dituen eredu ekonomiko berrien beharra azpimarratu dute.