Ibiliaren urratsaz egiten omen dira bideak, hala egin ere ondorengo hau: Tolosatik Izaskunera doan bidea, bide zaharra bezala ezagutzen dena. Erreferentzia puntuez gidatua, puntu batetik bestera ibilbide baten eredu da. Honek batzen dituen bi gune nagusiak, ibilbidean markatutako mugarriez lotuak diraute. Historian zehar garapen bat izan du. Ibilbideen eredu eta oinarri da, eta kriptopaisaian ezarri da. Esparruaren banaketa baten barruan, Erromatar garaian eta Erdi Aroan adibidez, lurraldekotasuna zehazteko elementuak ziren. Aipatzekoa da, Erromatar garaian behintzat, zuinak edo ibilbideak modu sakratu batean erabili eta kokatzen zirela. Mugak zehazteko termini delakoak ezartzen zituzten, hauek ordea, modu sinbolikoan inauguratzen ziren signa-k ezarriz bere oinarrian, hala nola, hautsak, ikatzak, teilak zein ontziak, beira zatiak, txanponak, karea edota igeltsua. Erromanizazioa aldaketa eta kultur arteko elkartrukean oinarritu zen garai bat da. Hartara, zuinak markatzearena indigenen ohitura bat dela ondoriozta daiteke. Lurralde markatzaile gisara ezagutzen dira eta horiek era badaude gure artean.
KRISTAUTASUNA
Kristautasunak ere eredu hori hartu zuen mugarri eta ibilbideen arteko erlazioan. Gurutzearen bidea deritzonaren barruan murgiltzen da. Hamalau geldialdiz osatua dago eta kristautasunaren oinarri sinbolikoan kokatu behar da, heriotzaren biderantz sufrimenduaren irudikapena litzateke.
Tolosatik Izaskungo ermitaraino doan bidean daude puntu sakratu horiek, errepide berrian. Errosarioaren hamabost misterioen bidea bestetik, bide zaharrean dago. Bidea nahiko hondatua dago eta jada gutxi batzuk bakarrik gogoratzen dira bidearekin; maiatzero errepikatzen dute, goizeko ordu txikitan. Ohiturak bizkar gainean hartuz, oraindik mantentzen diren harlanduz eginiko estela horien parada gozatzeko instanta izaten da maiatzean, beraz. Askorentzat paisaian barneratuta egongo da, eta ohitura eta bokazioaren parte izango da, beste askorentzat.
Berrogeialdiaz geroztik bideak bere sena jarraitu du, sastrakak inguru asko jan ditu, batez ere eguzkiak bete-betean jotzen duen inguruetan. Bitxia ordea sastraka hitzak hartzen duen konotazioa, sastraka inguruak, moztu beharrekoak, alegia. Egongo da horrek bideari xarma berezia ematen diola pentsatzen duenik ere. Denborak naturari eskaintzen dio eskua, paisaian eraldaketa bortitzak jasanez.
1917ko maiatzean hasi ziren bide honen lehen harriak lerrokatzen, orden berezi batean jartzen, alegia. Komunikazio bide baten erabilerak geroz eta handiagoak izateko, bide hura atontzeko aukerak handitu ziren eta beraz, bide berdinetik jarraiki hauek jendeztatu egin dira, egun espaloien bidea gisara ezagutzen dena adibidez, aurretiaz zegoen bide kaskarra ordezkatzeko eraiki zen. 80ko hamarkadatik aurrera ordea, bidearen zenbait zati apurtu eta birmoldatu egin ziren N-1 errepidearen eraikuntzak zuzenean bidearen erditik igarotzen baitzen. Egun dagoen bidea ezagutu arte. Bide zaharra deitzen zaio horri. Lehen harria ezarri zenetik egin bide diren birmoldaketa eta berrikuntza guztiak, eraikuntza zaharrarekin nahasten dira, eta magia berezia eskaintzen diote tokiari.
BIDEAK ETA SAREAK
Bideek ordea sare gisa jokatzen dute, sare sozial, politiko, ekonomiko edota biologiko gisa. 20ko hamarkadan hasi ziren ekologo, geografo zein matematikariak sare horien inguruan planteamendu ezberdinak plazaratzen, azken finean abstrakzioan oinarritzen diren planteamenduak dira, eta guregana, zentzumenen bitartez iristen dira, materialtasunak garrantzia handia duelarik horietan. Honek guztiak beraz, sare osatu batera eramaten du, atzokoaren eta gaurkoaren arteko erlazioa bilatzera. Kasu zehatz honetan ohiturak jarraituta, erlijiozko sare bat dela esan daiteke.
Izaskungo amaren kanonizazioak XX. mendearen erdialdera (1949ko irailaren 11), tolosar askoren artean festa sortarazi zuen. Hala aipatzen dute garaiko agiriek. Debozioa eta Izaskungo Amaren arteko lotura espirituala areagotzea bultzatu zuen. Kanonizazioaren ondorengoak dira bai Gurutzearen bidea eta Errosarioko hamabost misterioen bidea ere. Askorentzako paisaian ezarria dagoen zerbait da Errosarioko hamabost misterioen bide hori, beste askorentzat berriz, debozioz osatzen den mugarriz betetako bide bat. Hondatuta dago, egun, eta bertatik joatea galtzear dagoen ohitura dela esan daiteke. Hain aspaldikoa ez den garai batekoa, alegia. XX. mendeko Errosarioaren gurtzak nagusitu ziren parrokien kulturak Errosarioaren gurtzan oinarritzen ziren, hala egin ere herri askotako santuei begira.
Sare erlijioso horretan, Tolosatik Izaskun bitartean sortutako bideak, mugarri gisara jokatzen duten puntuez gozatzeko aukera dago, askorentzat esan modura, paisaiaren parte direnak bakarrik. Puntu zehatzak, bateratasunaren irudikapen batek azalduta, helmugara iristeko helburu izanik. Puntu horretan bertan, eta horrekiko gertutasuna mantenduz, hain markatuta dirauten ospakizun horien barruan, herritarren arteko premian oinarritzen dira. Birmoldaketa, edota hauekiko jabetasun bati begira, alegia. Garai bateko eta gaurko ohiturak bat egin dezaten garrantzia eman beharko litzaioke horri guztiari, ikuspuntu guztiak kontuan izanda noski. Hika-mika sortu dezake, noski. Historiako gertakari guztiek bezala, ordea, gaurdaino iritsi zaigun hura da aspaldikoa. Oraina, iraganetik datorrenaren konposizioa da, eta gaurkotasuna, atzokoaren oihartzuna ez ezik, gaurkoaren oinarri dela ulertzea premiazkoa.