Normaltasunera bidean

Josu Artutxa-Eneritz Maiz 2020ko mai. 26a, 10:26

Bigarren fasean sartu zen, atzo, eskualdea. Aldaketa berri horrek, berekin dakartza zenbait neurri. Herritarren egunerokoan izango du eragina, bereziki, hezkuntzan, kulturan eta kirolean.

Faseka bizitzera ohitu dira herritarrak, eta bigarren fasean sartuta, atzotik, araudi berria dago indarrean. Ordutegiei, saltokiei, taberna eta jatetxeei, hezkuntza zentroei, kirol jarduerei, eta igerileku eta hondartzei eragingo die.

Hezkuntza izan da aldaketa eman duen alorretako bat, eta baita zalantza asko eragin dituenetako bat ere. Ikastetxe guztiek erabaki ezberdinak hartu dituzte. Hori bai, hasi direnetan, errefortzu lana behar duten ikasleak baino ez doaz klasera. Guztiek aipatu dute, ikasle gutxi izango direla gela bakoitzean eta hartu beharreko segurtasun neurriak betez ariko direla.

Alegiako Aralar Institutuan, eskolak eta gurasoek ez hastea erabakia bazuten ere, atzera egin, eta denbora laburra bada ere, errefortzua behar duten ikasleak bakarrik hasiko direla argitu dute, egutegi bat osatuta. Ikasleen %25 baino ez da joango klasera, hau da, hamabost ikasle baino ez dira izango. Ikasle bakoitza errefortzua behar duen ikasgaian baino ez da egongo.

Amasa-Villabonako Erniobea ikastetxean ere errefortzua behar dutenei laguntzeko irekiko dituzte gelako ateak. DBH4ko ikasleetan berreskurapenak dituzten ikasleak baino ez dira joango, eta azterketak egingo dituzte Organo Gorenean horrela erabakita. Hilabete amaierako ezohiko errefortzuko azterketetara ere joango dira, baina ikasle gutxi batzuk baino ez izatea aurreikusten dute.

Ibarrako Uzturpe ikastolan, aldiz, geratzen diren bi asterengatik ez hastea erabaki dute, eta orain arte egin moduan, on line emango dituzte klaseak.

Herrikiden atzo hasi ziren batxilergoko bigarren mailako ikasleekin. Selektibitatea prestatzen ari dira, eta ikasleek beraiek erabaki dute zein klasetara joan behar duten. Bi orduko klaseak jarri dituzte. Mailaka joango dira klaseetara batzen, eta ostegunean batxilergoko lehen mailakoak hasiko dira, baina gaindituak ez dituzte ikasgaiak prestatzeko izango dira. Aldiz, DBH4ko ikasleak ekainaren 1ean hasiko dira, eta soilik, lehen eta bigarren ebaluazioak gainditu gabe dituztenak joango dira ikastetxera.

Orixe Institutuan Organo Gorenean erabakitakoari eutsi diote. Egutegi berezia egin dute, eta astelehen eta ostegunetan aurrez aurre emango dituzte errefortzua behar dutenekin edota selektibitatea prestatzen ari direnekin klaseak. Beste egunetan, orain bezala, Internet bidez jasoko dituzte klaseak. Aldiz, lehenengo batxilergoko ikasleek edota DBH4koek etxean jarraituko dute klaseak hartzen, eta ekainean azterketak egitera baino ez dira joango.

Laskorain ikastolan ere errefortzua behar duten ikasleak baino ez dira hasiko gaurtik aurrera. Gaur batxilerreko lehen mailakoak eta bihar bigarren mailako ikasleak joango dira. DBH4koak ekainean hastea aurreikusi dute, eta gainerako klaseak orain arte moduan etxetik jasoko dituzte.

EPAri dagokionean, Villabonako egoitza itxita izango dute, eta Tolosan baino ez dira hasi klaseekin. Hautazko moduan utzi diete ikasleei klasera joatearena, ikasle bakoitzak etxean egoera ezberdina bizi baitu. Dituzten mailen artean, bakarra baino ez da hasi aurrez aurreko klaseekin: Gradu 3 modulo 4, hau da, DBH 4ren baliokidea. Bestetik, irakasleek ekainaren 5etik aurrera ikastetxetik egin beharko dutela lana argitu dute.

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuaren kasuan, ez dute aukerarik izan eta atzo hasi behar izan zuten errefortzu klaseekin. Ez dituzte ebaluaziorako kontuan hartuko, eta ikasleek ez dute nahita nahiezkoa klaseetara joatea. Besteekiko berezitasuna tailerreko orduena dute, eta hori ezin dute telelana bidez egin. Errefortzuekin ikasleak laguntzea dute helburu, eta beharra dutenen kasuan izango da. Internet bidez egin daitezkeen irakasgaiei eutsi egingo diete. Irakasleek erabaki dute zein ikasle joango den klaseetara, beti ere, joatea posible badu. Segurtasun neurriak betetzeko protokolo oso bat garatu dute ikastetxeak eta ikasleek bete dezaten.

HAUR ESKOLARIK, EZ

0-3 urteko haurrak irailera arte ez dira itzuliko haur eskoletara. Covid-19aren ondorioz, martxoaren 13tik etxean daude haurrak. Atzo Haurreskolak Partzuergoak gurasoei jakinarazi zienez, irailera bitarte ez dira itzuliko.

KIROL EREMUAK EKAINEAN

Kirol arloan ere aldaketak datoz. Estalita dauden kirol azpiegiturak ireki ahal izango dira, gehienez edukieraren %30a beteta. Goi mailako kirolariek, profesionalek eta federatuek erabili ahal izango dituzte, aurretik txanda eskatuz. Hala ere, edozein erabiltzailek izango du txanda eskatzeko aukera. Lehiatzen hastear diren kirol klubetako eta elkarte anonimoetako kirolariak elkarrekin entrenatu ahal izango dira aurrerantzean, gehienez hamalau laguneko taldeetan. Txandaka aritu beharko dute, erabiltzen den azpiegituraren edukieraren erdia gainditu gabe.

Eskualdean, hiru eremuri eragiten diete neurri horiek: Tolosako Usabal Kiroldegiari eta Berazubi estadioari, eta Amasa-Villabonako Olaederra Kiroldegiari. Hirurak ere Kirolzer enpresak kudeatzen ditu, eta Prebentzio Plana lantzen ari dira, guztiak ere, segurtasun eta osasun neurri guztiekin irekitzeko. Oraingoz, Tolosako eremuak ekainaren 15ean irekiko dituztela aurreratu dute. Olaederrari buruz ezer baieztatu ez badute ere, data horretan irekitzea aurreikusten da.

Aurreratu dutenez, hasiera batean soilik bakarkako kirola egiteko aukera izango da, oraindik ere, kontaktua duten kirolak egitea ezinezkoa delako. Halaber, aurretik hitzordua eskatuta jardungo da, eta horretarako, sistemak eta plataformak antolatzen ari dira.

Datozen egunetan enpresako zein udaletako ordezkariek irekierari buruzko argibide guztiak emango dituzte ateak zabaldu aurretik herritarrek informazio guztia izan dezaten. Hala ere, beste askoren artean, ezinbesteko lau neurri nabarmentzen dituzte Usabal Kiroldegitik: zerbitzuen edukiera gutxitzea, garbiketa eta desinfekzio neurriak maiztasunez handitzea, instalakuntza barruko igarobideen kontrola bermatzea eta norberaren segurtasunerako eta zaintzarako materiala erabiltzea.

KANPOKO IGERILEKUEN DUDA

Uda gerturatu ahala, kanpoko igerilekua irekitzea izan ohi da herritar askoren nahia. Fase berri honetan, kirola egiteko nahiz aisialdirako ireki ahal izango dira aire zabaleko eta estalitako igerilekuak, gehienez leku osoaren %30 beteta.

Usabalen, ordea, Osasun Sailak eman beharreko baimenaren zain daude. «Uda honetan kanpoko igerilekuak martxan jarri ahal izateko ahal dugun guztia egiten saiatuko gara», diote. «Hori bai, neurri asko hartu beharko ditugu zerbitzu hori modu seguruan martxan jarri ahal izateko. Guztion artean egin beharreko lana izango da». Zerbitzu hori irekitzekotan, gainera, oso neurri zorrotzak hartu beharko dituztela gogorarazi dute.

Asteasun ere badute aire zabaleko igerilekua, nahiz eta oraindik ez duten irekitzea pentsatzen. «Uztaila arte ezingo da ireki», dio Pili Legarra alkateak. «Aurre-prestaketa sakon bat egitea eskatzen du. Ezarritako baldintzekin, gainera, asko mugatzen zaigu erabiltzaile kopurua».

Jakitun da zenbait neurri hartu beharko dituztela. «Eguneko sarrerak saldu ezingo direnez, urteko bonua bakarrik hartu ahalko da, eta herritarrei soilik baimenduko zaie sarrera.

Hori dela eta, galdeketa bat luzatu dute herrian «herritarrak baldintza horietan joateko prest egongo liratekeen jakiteko». Ostirala bitarte dute erantzuteko epea.

ZINEMA ARETOAK

Fase honetan hasiko dira zenbait kultur jarduera eskaintzen. Eskualdean, besteak beste, Tolosako Leidor eta Amasa-Villabonako Gurea antzokiei eragiten diete neurri berriek. Tolosako Udaletik adierazi dutenez, Gipuzkoako aretoek, ekainaren 26an irekitzea adostu dute. Sanjoanak direla eta, uztailera arte atzeratuko da Leidor aretoaren irekiera. Prebentzio plan bat osatzen dabiltza, itzulera ahalik eta modu seguruenean gauzatzeko. 

JAKIN BEHARREKOAK

Harreman sozialak

Distantzia. Norberaren etxetik kanpo bizi direnekiko harremanetan bi metroko segurtasun distantzia gorde behar da, eta, eskuak garbitzeaz gain, distantzia hori mantendu ezin denean, maskara erabili.

Turismoa. Turismo aktiboa edo mendi bueltak gehienez hogei pertsona arteko taldeetan egin ahal izango dira, eta aldez aurretik antolatuak izan beharko dute.

Elkarte gastronomikoak. Ireki ahal izango dira gehienez leku osoaren %50 beteta, segurtasun neurri batzuk betetzen badira.

Bilerak. Kongresuak, topaketak, bilerak eta konferentziak baimenduta egongo dira, izan publikoak edo izan pribatuak. Horietarako aretoak prestatuko dira.

Ezkontzak. Nahi den tokian egin ahal izango dira, izan publiko edo pribatu, baina lekuaren erdia beteta. Aire zabalean, gehienez 100 pertsona elkartuko dira, eta, toki itxietan, 50. Segurtasun distantzia eta osasun arauak bete behar dira.

Beilatokiak. Aire zabalean 25 pertsona arte elkartu ahal izango dira; leku itxietan, berriz, gehienez 15..

Ordutegi eta mugak

Probintzia barruan. Muga geografikorik gabe mugitu ahal izango da, baita aisialdirako ere, hamabost pertsonako taldeetan.

Ordutegia. Desagertu egingo dira, eta haurrek ez dute izango kalera ateratzeko ordubeteko muga.

70 urtetik gora. Jarduera fisikoa 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara egin beharko dute. Gainontzeko herritarrei eskatu zaie hiru ordu horiek adin tarte horretan daudenentzat uzteko.

Zahar egoitzak

Bisitak. Baimenduta egongo dira aldundiak zehaztutako araudia eta egutegia betez.

Ostalaritza

Taberna eta jatetxeak. Barruan zerbitzatu ahal izango dute, gehienez lekuen %50 beteta. Lokalaren barruan soilik eserita daudenei zerbitzatuko zaie, ahal dela jatetxetan aurrez txanda eskatuta. Ezingo da zuzenean barran eskatu.

Eramateko. Etxera eramateko janaria eta edaria eskatu daiteke.

Terrazak eta materiala. Terrazek edukieraren erdia izango dute, eta mahai batean gehienez hamar pertsona elkartu ahal izango dira. Bezero bat joan eta beste bezero bat eseri bitartean, bezeroek ukitu duten guztia garbitu beharko dute. Mantelak behin erabiltzekoak izango dira, eta kreditu txartel bidezko ordainketa sustatuko da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!