Koronabirusa

Zalantzak argitzeko aukera, eskualdeko ostalarientzat

Ataria 2020ko maiatzaren 23a

Astelehen goizean bideo-konferentzia bat eskainiko du Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak. Covid-19aren pandemia dela eta, eskualdean ostalaritzan aritzen diren langileak gonbidatzen dituzte, une honetan izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

10:30eatik 12:00etara izango da webinar saioa. Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren eta Goitur turismo agentziaren laguntzarekin antolatu du Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak, eta Kino Martínez idazkari nagusiak eta Demelza Pantigoso abokatuak hartuko dute parte. Ostalarien galderei erantzuteko saioa izango da. Besteak beste, ondorengo gaien inguruan ariko dira: Terrazen irekiera, ABEE-ak, autonomoen egoera, bitrina eta manparak, ekitaldiak eta ezkontzak eta ostatuentzako neurriak.

Kopurua mugatua izango denez, establezimendu bakoitzeko pertsona bakar batek eman dezake izena. Izena eman nahi dutenek, galdetegi bat bete behar dute, eta astehelen goizean lehen orduan jasoko dute bideo konferentziaren lotura. Izena emateko orduan, aipatutako gaien inguruko galderak egiteko aukera izango dute ostalariek, saioan erantzun daitezen.
 
Bideo konferentzian egon ezin dutenek, comunicacion@hosteleriagipuzkoa.com helbide elektronikora bidali ditzakete galderak. Galdera horiek erantzuten saiatuko dira asteleheneko saioan; hala ere, saio osoa ikusgai eta entzungai izango da aurrerago ere, amaitzen denean saioaren lotura bidaliko dutelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!