Koronabirusa

Bigarren fasean ez da kalera ateratzeko ordutegirik izango Hegoaldean

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Larretxea Agirre 2020ko maiatzaren 21a

Bigarren fasera pasatzen diren probintzietan kalera ateratzeko ordutegiak kenduko ditu Espainiako Gobernuak. Egoerarik zaurgarrienean dauden herritarrek ordutegi zehatz bat izatea gomendatuko du Madrilek.

Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak gaur arratsaldean aurreratu duenez, bigarren fasetik aitzinera orain artean ezarritako orduetegiak ezabatuko ditu Espainiako Gobernuak. Orain artean 5.000 biztanletik gorako herrietan hiru tarte bereizi ditu Espainiako Gobernuak kalera ateratzeko: 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara, kirol jarduerak egiteko edo paseatzera irteteko; 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunen bat dutenak eta 70 urtetik gorakoak irteteko; 14 urtetik beherakoak, 12:00etatik 19:00etara. 

Bihar aurreratuko du Espainiako Gobernuak zein probintzia igarotzen diren bigarren fasera astelehenetik aitzinera. Ordutegiak ezabatuko dituztela aurreratu du Simonek, hala ere nabarmendu du Espainiako Gobernuak egoerarik zaurgarrienean dauden herritarrentzat ordutegi zehatz bat ezartzeko gomendatuko duela. Udalen eta autonomia erkidegoen esku egonen da ordutegi hori zehaztea. 

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak dagoeneko bidali diote Espainiako Osasun Ministerioari fasez aldatzeko eskaria. Jaurlaritzak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia bigarren fasera osorik pasatzea nahi du, baina herrialdeen arteko mugimenduak galarazita, orain arte bezala. Nafarroako Gobernuak, berriz, atea zabaldu dio osasun eremu batzuk lehenengo fasean gelditzeko aukerari.

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun Kontseilaria baikor mintzatu da gaur eta nabarmendu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa prest daudela normaltasunera itzultzeko bigarren fasean sartzeko. Gaur arratsaldean da biltzekoa Murga Salvador Illa Osasun Ministroarekin fasez aldatzeko erabakia aztertzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!