Pilota hotsak frontoietan

Imanol Garcia Landa 2020ko mai. 20a, 20:00

Pilotariei aukera zabaldu zaie berriro frontoietan sartu eta pilotakadak emateko; bere aldetik, Miren Larrartek badaki Emakume Master Cupeko finala jokatuko duela, data zehatzik ez badu ere.

Pilotariek hainbat egun daramatzate frontoietan entrenatzen, eta horietako bat da Miren Larrarte bidaniarra. Emakume Master Cup txapelketaren finalerako sailkatu zen, binaka pilota mistoaren modalitatean, baina partida hori jokatu aurretik iritsi zen etenaldia. Oraindik ez du data zehatzik, baina uztailean zehar izango da finala. «Hasiera batean ekainaren 21ean jarri zuten finaleko data, baina gero atzeratu egin dute», esan du Larrartek. «Finaleko egunean pilota goxoaren binakako finala ere jokatuko da, eta modalitate horretan finalerdiak oraindik jokatzeke dituzte. Uztailaren hasieran jarri diete finalerdietarako data, beraz, finalak geroago izango dira».

Data ez baina lekua jakina da, Irungo frontoian izango baita finala. Ez da aurreikusten publikorik izatea, eta telebistaz emango dute zuzenean jardunaldia. «Horrelako partidetara jende asko joan ohi da, eta giroa oso animatua izaten da, baina oraingoan ezberdina izango da. Isiltasun handia egongo dela iruditzen zait, eta animo falta hori sumatuko dugu. Baina, behintzat, jokatu egingo da, eta alde horretatik gustura gaude», azaldu du Larrartek.

Etxetik kanpo kirola egiteko aukerarekin batera, frontoietan entrenatzekoa da gehien nabaritu dutena pilotariek. Larrarte Bidaniako frontoira joaten da: «Eskuak egiten jarraitzeko, eta teknikoki berriz pilotan hasteko, alde handia dago». Emakume Master Cupeko finala jokatu behar duenez, udaletxean baimena eskatu zuen frontoia erabiltzeko, eta eman zioten, bakarrik aritzeko baldintzarekin, besteak beste. «Frontoi batean denbora asko ibili gabe nengoela nabaritzen nuen hasieran, baina egia esan pixkana hobetzen joan naiz, gustura sentitzen naiz, eta faltan asko botatzen nuela nabaritu dut».

LEHIAN HASTEKO ZAIN

Pilotari profesionalek ez dute lehian hasiko diren dataren inguruan oraindik zehaztasunik. Jokin Altuna amezketarrak azaldu duenez, «dirudienez enpresek ekaina bukaera edo uztaila hasiera aldera hasi nahi dute. Ematen duenez, akordio batera iritsi dira, eta ze egoeretan hasiko garen pilotariekin adostea izango da hurrengo pausoa. Dirudienez eskaintza ekonomiko bat egingo digute eta akordio batera iritsi beharko dugu. Beraz, pentsatzen dut udaran pilotan jokatuko dugula».

Etenaldia ezarri zenean, Erik Jaka lizartzarra Binakako Txapelketaren finalerdietako ligaxka jokatzen ari zen. Txapelketaren etorkizunaz ez du oraingoz berririk: «Hasieran esan zena dakit, hau dena bukatzen zenean, txapelketari bukaera ematea zela asmoa, baina ez dugu jaso beste albisterik». Oraindik aldi baterako erregulazio espedientea dute pilotariek, eta dirudienez, horrela jarraituko dute alarma egoerak iraun bitartean.

Askoz ere gusturago sentitzen dira pilotariak etxetik ateratzeko aukera dutenetik. «Buelta eder batzuk egin ditut, baina fisikoa garajean egiten jarraitzen dut», esan du Altunak. «Alergiarekin nahiko gaizki ibiltzen naiz eta kanpoan horren eragina pixka bat nabaritzen dut». Amezketarra herriko Larrunarri frontoian ari da entrenatzen, astean hiru bat aldiz. «Berriz ere pixkana pilotari sentitzen hasita gaude», esan du. Ez du egunero entrenatzen frontoian: «Kolpean egunero hastea ez litzateke ona izango. Hasi aurretik sekulako gosea nuen hasteko, eta hori ere pixka bat mantendu egin behar da».

Iñaki Artola alegiarrak azaldu duenez, «oso berri ona izan zen guretzat etxetik kanpora atera ahal izatea kirola egitera. Konfinamenduan aukera izan dut etxetik ateratzeko herrian daukagun baserriari esker, eta ez zait hain gogorra egin. Kirola egin ahal izan dut, korrika saioak eginez». Frontoia botatzen zuen faltan alegiarrak. Inguruko frontoi irekietara joaten ari da eskuak egiten joateko. «Frontoia eta gimnasioa izaten ditugu gure entrenatzeko bi lekuak. Gimnasioa ez dugu zapaldu, baina beste mota bateko ariketak eginez, hori ordezkatu dugu. Orain frontoietan aritzeko aukera zabaldu zaigu. Pilota ez da bakarka egiteko kirola, baina behintzat eskuak egiteko balio du». Hasierako egunetan herriko Kalebeherako frontoian aritu da, eta azken egunetan Orendaingo frontoian eta Aldabakoan ere aritu da.

Kirola egiteko etxetik atera ahal izatearen inguruan, iritzi berekoa da Jaka: «Beste puntu bat da. Etxetik atera gabe egon behar izan dugu, eta orain ateratzeko plus horrekin eramangarriagoa egiten da. Aire librean egoteak, niri behintzat, beste oxigenazio puntu bat eta animoa ematen dit». Jakak gustuko du mendira joatea, eta entrenatzeko bakarrik ez, gustura sentitzeko ere baliatzen ari da. Udalari herriko frontoian eskatu zion entrenatzeko aukera: «Legeak garbi ez zeudela eta momentuz baiezkorik ez nuen jaso, eta hori ikusita Orexako Udalari galdetu nion ea bertako frontoian entrenatu ahal nezakeen, alde batetik irekia baita, eta baiezkoa esan zidaten».

ENTRENATZEKO AUKERA

Pilotari profesionalek kezka bazuten entrenatzeko aukeren inguruan, ez baitaude federazio baten barruan. «Profesionaletara saltoa egin bitartean, Gipuzkoako federazioan geunden federatuta», esan du Jakak. «Baina Aspe eta Baiko enpresa pribatuak dira, beraien arteko liga profesionala dute, eta hasiera batean zenbait arazo izan ziren kirolari profesionalak ginela erakusteko. Gero ikusi zen gure hitzarmenekin profesionalak ginela erakusten zela, eta modu horretara ez dut arazorik izan».

Frontoiaren lehenengo egunean arraro sentitu zen Altuna: «Jarrera pixka bat galduta, besoa motelago... Bi hilabetetan pilotan ibili gabe, nahiz eta fisikoa egiten aritu, besoaren azkartasuna galdu egiten duzu». Konfinamenduaren aurretik eskuetatik nahiko gaizki zebilen amezketarra, eta partida bat ez zuela guztiz ondo bukatzen: «Konfinamenduan nabaritzen nuen oraindik koskorra hor nuela, pilotan ibili gabe eta masajerik hartu gabe ez baita joaten». Baina frontoian entrenatzen hasi denetik, takoekin asmatzen ari dela dio eta eskua hobeto sentitzen duela.

Jakak ere frontoiko lehenengo egunetan sentsazio arraroak zituen: «Eskuak pixka bat beherago, gorputza motelago, baina pixkana hobeto sentitzen ari gara. Partidak hasterako nahiko denbora izango dugu, ez agian etenaldiaren aurretik nuen puntua berreskuratzeko, baina bai antzeko batera iristeko».

Bere aldetik, Artolak sentsazio onak izan ditu. «Nahiko ondo aurkitu dut nire burua. Niretzako ez da sentsazio berririk izan denbora dezentean geldirik egon beharra». Aurretik ere lesioengatik egokitu zaio denbora luzeagoan geldirik egotea, eta egoera horietan gehiago nabaritu zuela azaldu du: «Ez dut uste hainbeste galtzen denik fisikoa mantentzen baduzu. Nik uste dut pare bat ibilitan berriz ere berreskuratzen dituzula sentsazioak, beti ere eskuek behintzat eusten badute. Nik ondo dauzkat, eta gustura nago». Partidak noiz jokatzen hasiko diren jakitea falta da orain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!