Koronabirusa

Udazkenean egingo dituzte ikastolen aldeko jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Alberdi 2020ko mai. 20a, 14:43

Irailaren 20an ospatuko dute Herri Urrats. Kilometroak, berriz, urriaren 4an. Araba Euskaraz eta Ibilaldia egun berean egingo dituzte: urriaren 18an. Nafarroa Oinez bertan behera uztea erabaki dute.

Ikastolen Elkarteak data berriak ezarri ditu ikastolen aldeko aurtengo jaietarako. COVID-19ak eragindako pandemiaren eraginez, udazkenera atzeratu dituzte. «Udazkenean, udaberri berri bat edukiko dugu», adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk. Gauzak horrela, Herri Urrats izango da lehena, irailaren 20an, Senperen. Kilometroak jaiak bere data mantenduko du, urriaren 4an, AmasaVillabonan eta Zizurkilen. Araba Euskaraz eta Ibilaldia, berriz, egun berean ospatuko dituzte, urriaren 18an, Amurrion eta Elorrion, hurrenez hurren. Egun berean egitekoa ziren Nafarroa Oinez ere, baina bertan behera utzi behar izan dute aurtengo jaia.

Apirilaren 3an eman zuten antolatzaileek udaberrian egitekoak ziren jaiak atzeratzeko erabakiaren berri. «Saminez hartu behar izan dugu erabaki hau; ez zegoen beste irtenbiderik. Euskal Herrian eta munduan maiatzerako eta ekainerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu edo atzeratu egin badira, ezinezkoa zen gu salbuespen izatea», azaldu zuen Tellituk, Araba Euskaraz, Ibilaldia eta Herri Urrats iragarritako egunetan egingo ez zirela azaltzean.

Ordutik jai guztietako antolatzaileak elkarlanean aritu direla adierazi du elkarteko lehendakariak, noiz egingo diren zehazteko asmoz. Halere, egunak gerturatu ahala, osasun egoerak baldintzatuko du aldaketaren bat egiteko beharrik baden: «Ikusiko dugu aurrera egin dezakegun edo atzera egin beharko dugun; baina, gaur-gaurkoz, determinazio osoa dugu jaiak ospatzeko». Era berean, «arduraz eta erantzukizunez» jokatuko dutela azaldu dute, baldintza seguruetan egiteko beharrezko neurriak hartuta eta garbiketan sakonduta. «Ez dira orain arte ezagututakoak bezalakoak izango», argitu dute, baina beharrezkotzat jo dute «ahalegin berezi bat» egitea, «gizarteari erantzun bat emateko». Horregatik, «jaiak berrasmatzen» ari direla azaldu dute: «Sormena landuz, auzolanean eta tokian tokikoari garrantzia emanez».

Antolatzaileek azpimarratu dute ikastolen aldeko festak ez direla «jai hutsak», besteak beste, eragileen arteko «auzolana» sustatzen dutelako, «euskal kulturari bost plaza handi» eskaintzen dizkiotelako, «euskarari bozgorailu handi bat» jartzen diotelako eta hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketaren oinarri direlako. «Ez dugu etsi nahi», nabarmendu dute.

Gauzak horrela, maiatzaren 10ean aurreratu zuten Herri Urrats irailaren 20an egingo zutela. Egun hartan zen egitekoa festa Senperen, baina, kaleak bete ezinik, Kanaldudek antolatutako programazio berezi batean eman zuten albistea. Kilometroak dira data aldaketarik izango ez duen jai bakarra. Iragarri bezala, urriaren 4an egingo dute, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen, Korri, Punpa, Ttak lelopean.

Data aldaketak eragindako unerik bereziena urriaren 18koa izango da. Egun berean egingo dituzte Araba Euskaraz eta Ibilaldia. Gainera, bi jai horien arteko lotura egiteko asmoa iragarri dute, bi herri eta lurralde ezberdinetan egin arren.

Nafarroan, ezin

Ikastolen Elkarteak adierazi du «tamalez» Lizarrako Ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak aurtengo jaia bertan behera uzteko erabakia hartu dutela, «ustekabean heldutako pandemiak» eragindako egoera medio. Izan ere, festak ospatzeko erabakia bost antolatzaileen artean aztertu duten arren, Nafarroa Oinez jaiaren antolatzaileek ez dute uste hura aurrera ateratzeko baldintzak daudenik. Beraz, datorren urtera atzeratu dute.

Atsekabea adierazi dute, baina «elkartasun egitasmoak bultzatuz» aurrera egiteko asmoa azpimarratuta. Lizarrako ikastolaren 50. urteurrena zuten ospatzekoa, eta, besteak beste, haur eskola berritzeko helburua zuten.

Euskal Herriko ikastolen aldeko Tanta zozketaren eguna ere atzeratu egin dute: «Txartelak eskuratu nahi dituzuen guztiongana iritsi ahal izateko». Ekainaren 25ean zen egitekoa, baina urriaren 21era aldatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!