Herritik ateratzeko aukera eman duten bezain pronto atera dira mendizaleak; Txindokik agerian utzi du bere erakarpena.

Herriko ateak zabaltzea nahikoa izan da mendizaleak mugitzeko. Txindoki mendiak astelehen goizean goiz jaso zituen lehen bisitariak. Aste eguna izanagatik, kotxe ugari elkartu ziren Txindokiren magalean. Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak horrela kontatu du: «Goizeko zortzietarako 22 kotxe zenbatu nituen Larraitzen. Eta geroz, egun osoan zehar nabaritu zen mugimendua. Mendizaleak, txirrindulariak, motozaleak...». Tabernak, ordea, itxita daude oraindik Abaltzisketan.

Eguraldi ederrak asko lagundu du horretan, eta atzo ere joan-etorria izan zen Abaltzisketan. Zalantzak zalantza, jendeak ez du aukera galdu nahi izan. Alegia, Amezketa, Amasa-Villabona edota Tolosako mendizaleak goizean goiz mugitu dira. Donostialdetik ere gerturatu dira. «Maskara eta eskuetarako gelak hartuta etorri gara», adierazi dute. Eta nondik etorri diren esateko zalantza ere izan dute. Bada kezka, zer, noiz eta non egitearekin. Ordutegiak eta biztanle kopurua ahoz aho.

Gogoa da mendizale guztiek aipatu dutena. Eta behin igota, orain gogo gehiago duenik ere bada. Giro ederra aipatu dute, eta goiko aldean, haizearekin giro atsegina. «Hau poza» izan da billabonatarrari atera zaiona barru-barrutik langara iristean. «Etxe inguruko mendietan ibili gara, baina Txindoki ezberdina da». Etxealdia nabaritu du. «Iturrira bitarteko bidea ondo, baina gero nabaritu dut etxean egondako denbora».

Amezketan bizi eta Larraitzera joan ezina nabaritu duenik ere bada. «Igandero dugu Larraitzera etortzeko ohitura, eta luze egin da. Gaur, paseo txiki bat ematera etorri naiz».

Goiztiar ibili dira batzuk, eta presa handiegirik gabe beste batzuk. Ia bi hilabete jenderik ibili gabe egonagatik bidean ez dute aldaketa handiegirik nabaritu mendizaleek. Naturak ez du biderik estali, eta hemendik aurrera naturaz gozatzeko bidea izango da Txindokirena.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!