"Gogoz eta ondo pasatuz gero, askoz gehiago ikasiko du"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko mai. 20a, 11:59

Loatzo Musika Eskola eskualdeko zortzi herritan dago, eta bertako haur, heldu eta erretiratuak matrikulatu daitezke.

Loatzo Musika Eskolak Tolosaldeko zortzi herritan ematen ditu klaseak. Altzo, Alegia, Aduna, Anoeta, Ibarra, Irura, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo herritarrek dute izena emateko aukera hilaren 29a bitarte. Ainhoa Elizondo irakasleak hitz egin du TOLOSALDEKO ATARIA-rekin.

Matrikulazio kanpaina bete-betean zaudete?

Bai. Astelehenean hasi ginen, eta bi astez luzatuko da. Aste honetan ikasle direnentzat irekitzen da, eta datorren astean ikasle berriak izango direnentzat. Internet bidez egin beharko dute www.loatzo.eus webgunean matrikulazio atalean galdetegia betez. Zalantzaren bat argitu nahi duenak 943 692 619 telefono zenbakira deitu dezake.

Lau urtetik aurrerako ikasleekin hasten zarete. Garrantzitsua da hain txikitatik musika lantzen hastea?

Dudarik gabe oso garrantzitsua da. Orain Euskal Herrian ere zabaltzen ari den fenomenoa dago, eta dagoeneko batzuk urtea bete baino lehen hasten dira. Gu Loatzon lau urterekin hasten gara, eta gaitasun horiek zenbat eta txikiago hasi lantzen denbora gehiago dute garatzeko. Burmuina irekiago egoten da, eta garatzen ari da, eta lantzen diren atal guztiekin zenbat eta lehenago hasi hobeto izaten da.

Lau urtetik zazpi urtera bitartekoa jolas moduan edo erakutsiko duzue, ezta?

Musika tailerra deitzen diogu etapa horri. Musikarekin askok izaten duten lehen kontaktua izaten da; musika eskolarekin behintzat bai. Oso modu ludiko batean lantzen ditugu erritmoa, ahotsa, memoria,... eta horrekin batera perkusio txikiekin hasten gara. Eta oso garrantzitsua da guretzat emozioen lanketa egitea, edo kudeatzen laguntzeko egiten dugun lanketa hori.

Ondo pasatzea izango da helburuetako bat?

Bai, lehen helburua dudarik gabe. Zerbait gogoz eta ondo pasatuz egiten badugu, askoz gehiago ikasiko dugu haurrak. Umea gustura etortzea da lehen helburua eta seguru sentitzea. Eskolan, irakaslearekin, lagun berriekin eta sortu duen talde berriarekin.

Lagunak egiteko ere balio izaten die?

Bai. Herri batzuetan ikastetxe ezberdinetakoak elkartzen dira eta lagun berriak egiten dituzte. Eta helduagoak direnean ondoko herrietakoekin elkartzen dira, eta oso polita da ikustea luzaroan zein harreman politak eta aberasgarriak egiten dituzten.

Behin zortzi urte beteta musika tresna aukeratu behar dute. Garbi izaten dute?

Denetarik egoten da. Batzuk oso-oso garbi izaten dute txikitatik, eta beste batzuk ez. Lanketa egin behar izaten dute, eta zazpi urteko ikasturtea tresnak ezagutzeko eta probatzeko izaten da. Garbi ez duten ikasleentzat lanketa hori egitea oso garrantzitsua da. Gurasoekin batera gustuko dutena aukeratzen laguntzen diegu.

Helduek eta erretirodunek ere izena eman dezakete. Animatzen dira?

Bai, eta azken urteetako joera hori da. Gero eta heldu gehiagok ematen dute izena, eta orokorrean emakume gehiago dira animatzen direnak. Bai helduak eta baita erretiratuak ere. Eta aurten Villabonako Santiago egoitzako egoiliarrekin jarri dugun proiektua ere aipatu nahiko nuke. Batez beste 90 urte dituzten bi talde etortzen zaizkigu.

Esperientzia polita?

Oso polita. Aspalditik nahi genuen, eta nola egin buruari bueltaka ari ginen. Irakasle bat formatu zen, eta oso aberasgarria eta hunkigarria izaten ari den esperientzia izan da. Egoitzatik atera, eta zein harreman duten musikarekin eta nola on egiten dien ikustea benetan hunkigarria da.

Umeetan bezain garrantzitsu da musika helduetan?

Bai. Heldu bat musika eskolara etortzean berak aukeratu duelako izaten da; gogoa duelako edo aspaldiko amets bat bete nahi duelako. Motibazio eta dedikazio handia izaten dute. Askori lasaitzen laguntzen dio. Beste batzuk helburu oso zehatzak izaten dituzte. Inauterietan txaranga batean jotzen ateratzea edo familian lau kanta jo eta kantatzeko gai izatea. Gu beraien behar eta nahietara moldatzen gara.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!