Argi-ilunak Enirio-Aralarren

Erabiltzailearen aurpegia Landarlan Ingurumen elkartea 2020ko mai. 20a, 10:59

Maiatzaren 1ean ireki dira larreak urtero bezala Enirio-Aralarren, mendiak hiru hilabete eskaseko atsedena izan ondoren. Aurtengo datuen arabera, 130 abeltzain dira baimenduak larreak erabiltzeko, orotara 37 artzain eta 17.311 ardi, 35 behizale eta 985 behi eta azkenik, 58 behorzale eta 862 behor igoko direlarik Aralar Natur Parkeko goi larreetara.

Iazko datuekin konparatuz, aurten ganadu gehiago egongo da Enirio Aralarren, 30 ardi, 48 behi eta 84 behor gehiago. Oso kezkagarria iruditzen zaigu igoera hori, batez ere, behi eta behorrena, 2019ko larreen planaren arabera 5-7 urtetan behiak 550-650 burura eta behorrak 350-400 burura murriztu beharko liratekeelako.

40 artzain txabola ditu mankomunitateak Enirio Aralarren eta aurtengo datuen arabera, ez dira txabola guztiak beteko, hau da, 3 hutsik geratuko dira, eta jakin beharko genuke ia hutsik diren txabolak pisten inguruan dauden edo pistetatik urrun, pisten gertutasunaren arabera, txabolen banaketa egin beharko litzatekeelarik.

Bestalde albiste ona iruditzen zaigu mankomunitateak aurten abeltzain guztiei osasun-gida eskatu izana, hau da, abere guztien mugimendua aitortzen duen agiria eskatu izana. 2007ko dekretu baten agindua izanik aspaldi eskatu behar zitzaiela uste dugu. Gure aburuz, ez da ulergarria, Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Beasain eta Lazkaoko udal ordezkariek lege agindua ez betetzea eskatzea mankomunitateari.

Amaitzeko, koronabirusaren krisiak azken bi hilabeteetan Aralarrera jendea ez igotzea ekarri du, eta horrek hainbat bide berdetu ditu eta lasaitasuna eraman du bide nagusietara, mendietara eta oro har naturara. Baina, maiatzaren 1etik berriro kontrol eza nabari da Enirio- Aralarren, dagoeneko pistetatik kanpo dabiltzan ibilgailuen argazki eta bideoak iritsi zaizkigu. Beraz, Mankomunitate eta Aldundiari eskatzen diegu ibilgailuen kontrolak areagotzeko eta alarma egoera arintzen doan neurrian herritarroi ere mendian ibiltzeko jarraibideak emateko, mendian arduratsu ibil gaitezen, biodibertsitatea eta paisaia ahalik eta gutxien kaltetuz.

Edozein eratara, eguraldiak eta osasunak lagun, urte oparo bat opa diegu Aralarren ibiliko diren abeltzainei, bereziki profesionalei.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!