Koronabirusa

Bihartik aurrera 6 urtetik gorakoek erabili beharko dute maskara Hegoaldean

Erabiltzailearen aurpegia Jon OrdoƱez Garmendia 2020ko mai. 20a, 10:06

Espainiako Gobernuak argitaratu du aldizkari ofizialean maskaren erabilera arautzen duen agindua; alarma egoerak iraun bitartean egongo da indarrean. «Ahal izanez gero», maskara higieniko edo terapeutikoak izan beharko dute. Bai aire zabalean eta bai erabilera publikoa duten espazio itxietan izango da derrigorrezkoa, bi metroko segurtasun distantzia ziurtatu ezin denean.

Espainiako Gobernuak argitaratu du leku publikoetan maskaren erabilera arautuko duen agindua. Bihar jarriko da indarrean, eta 6 urtetik gorako pertsonei eragingo die: erabilera publikoa duten espazio itxi guztietan eta aire zabalean izango da derrigorrezkoa maskara jartzea, bi metroko segurtasun tartea gorde ezin den tokietan. Arnasa hartzeko arazoak dituztenak salbuetsita daude, baita beren osasun egoeragatik edo mendekotasunen bat dutelako maskaren erabilerak kalte egin diezaiekeen pertsonak ere. 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat, beharrezkoa ez, gomendagarria izango da, arau horren arabera.

Maskara higienikoak edo terapeutikoak izan beharko dute «ahal izanez gero», eta ahoa eta sudurra estali beharko dute. Espainiako Gobernuaren aginduak dio maskara janztea ez dela derrigorrezkoa izango zenbait ekintza burutzeko, «euren izaeragatik»; esate baterako, jateko eta edateko kendu ahal izango da.

Igandean aurreratu zuen Pedro Sanchezen gobernuak neurri hori. Orain arte, garraio publikoan zen soilik derrigorrezkoa. Gaur argitaratu den aginduan Espainiako Gobernuak argudiatu du Osasunaren Mundu Erakundeak eskatu duela murriztu egin behar dela koronabirusa kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien leku itxietan eta jendea pilatzen den tokietan.

Gobernuak gaineratu du frogatuta dagoela maskarek gaitzaren hedapena saihesteko gaitasuna dutela. Arauak zehazten du, maskara jarrita izanagatik, COVID-19aren hedatzea eragozten duten gainontzeko osasun neurriak baliatzen jarraitu behar dela: segurtasun distantzia mantentzea eta eskuak garbitzea, besteak beste.

Alarma egoerak iraun bitartean erabili beharko dira. Gaur, hain zuzen, alarma egoera beste bi astez luzatzea eskatuko dio Espainiako Gobernuak Kongresuari. Hilabete bateko luzatzea nahi zuen Pedro Sanchez presidenteak, baina Ciudadanosekin hamabost egunekoa adostu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!