"Igerilekura itzultzen garenean, nahiko gogorra egingo zaigu"

Imanol Garcia Landa 2020ko mai. 19a, 19:59

Triatloi bat antolatzeak berez du zailtasuna, eta aurrera begira ezarri daitezkeen neurriek gehiago konplikatu dezakete. Del Pozok eta Mujikak, halere, espero dute aurten probaren batean parte hartzea.

Paula Del Pozo (Alegia, 2002) eta Asier Mujika (Andoain, 1990) triatloilariak ahal duten moduan aurre egiten ari dira osasun larrialdiak ezarritako konfinamendu neurriei. Del Pozok laugarren urtea du Saltoki Trikideak taldean eta aurten Europako Kopan parte hartzeko asmoa zuen. Mujika Ibarran bizi da, eta seigarren denboraldia du Tolosaldeko Triatloi Taldean. Horrez gain, Del Pozoren entrenatzailea ere bada.

Nola ari zaizue eragiten konfinamendu egoera triatloi denboraldian?

Asier Mujika. Nire kasuan ez du gehiegi baldintzatu. Konfinamendua hasi baino bi aste lehenago osasun arazo bat izan nuen, pneumotorax espontaneoa. Ezin nuen inolako esfortzurik egin eta etxean egon behar nuen, eta esan daiteke nolabait egokitzen hasi nintzela konfinamenduari. Horrek hankaz gora jarri zizkidan denboraldi guztiko helburuak, ez nekielako noiz berreskuratuko nintzen. Azkenean denbora tarte hau beste entrenamendu mota batzuk egiteko erabili dut. Hasiera batean ezin nuen ezer egin eta korrika egin beharrean, prebentzio lan batzuk, malgutasuna eta urtean zehar normalean entrenatzen ez ditudan beste gauza batzuk entrenatzen aritu naiz.

Paula Del Pozo. Denboraldia hasita geneukan, eta duatloian Espainiako Txapelketa egina geneukan. Itxialdi hau hasi eta hortik hamar egunera Espainiako Txapelketa bat nuen, eta horren ondoren zazpi egunera triatloian Europako Kopako proba bat. Baina bertan behera geratu da guztia.

Nola joan zitzaizun duatloiko Espainiako Txapelketa hori?

P.D.P. Oso ondo joan zen, espero genuena baino askoz hobeto. Taldekako txapelketa zen, elite mailan, eta ni 16. geratu nintzen eta taldeka Espainiako txapeldunak. Orain denboraldi bikain horrekin jarraitzeko gogotsu geunden.

Aurrera begira probaren bat egiteko aukerarik badago?

A.M. Panorama zaila dago, ikusita zer higiene neurri hartu behar diren. Ekaina alderako planteatuta zeuden proben gehiengoa atzeratu egin da iraila eta urria aldera, baina ez dakit gero gauzatzeko moduan egongo diren. Espainiako Federazioak orain gutxi bidali zigun triatloi bateko antolaketan jarraitu beharreko protokoloa, eta egia esan, nahiko konplikatua da. Berez, triatloi bat antolatzeak nahiko buruhauste dauka, eta orain, higiene eta segurtasun neurri hauekin oraindik eta gehiago konplikatzen da.

Ezta proba edo txapelketa garrantzitsuren bat ere?

A.M. Egutegia oraindik geratzen da. Adibidez, Paularentzat, triatloiaren olinpiar distantziaren Espainiako Txapelketa irailean da. Ikusi beharko da pandemia honek nolako bilakaera duen. Egia da esperantza hori badaukazula, eta helburu bezala entrenatzen jarraitzeko motibazio bat behar dela. Pentsatu nahi dugu irailean eta urrian lehiatzeko moduan egongo garela.

Zer helburu zenituzten berez denboraldi honetarako?

A.M. Normalean, helburu nagusi bezala Zarauzko Triatloia izaten dut. Berez ekainean egitekoa zen, eta irailera atzeratu dute. Baina horretan parte hartzeko zozketa bidez banatzen dira dortsalak, eta aurten taldeko inori ez zaio egokitu. Orduan, EAEko zirkuituko probak, Gipuzkoa eta Bizkai aldean egiten direnak, eta Senpere eta Aritzalekuko probak geratzen zitzaizkigun.

P.D.P. Denboraldi hasierako Europako Kopako txapelketa hori zen helburuetako bat. Bertara joateko babesleak bilatu behar izan genituen. Tolosa Kirol Medikuntzak eta Alegisportek beren babesa eta laguntza eskaini ziguten, eta oraindik ere, ahal duten moduan, horrela egiten jarraitzen dute. Bestalde, Espainiako Txapelketa izango zen helburu garrantzitsuenetako bat. Aurten nire lehen urtea da junior kategorian, eta hor 18 eta 19 urtekoak gaude. Ea posible den txapelketa hori egitea. Podiumean sartzea zaila izango litzateke, baina amesten jarriz gero, emaitza polit batekin etxera bueltatu ahalko ginela uste dut.

Aurtengo urtean ze beste emaitza lortu dituzue?

P.D.P. Duatloian lehen aipatutakoa izan zen lehenengoa eta azkenekoa, eta horrez gain, kroseko denboraldi osoan parte hartu nuen. Horretan bigarren postua lortu nuen Euskadiko Txapelketan, eta nazioarteko probetan sailkapen onak izan nituen.

A.M. Osasun arazo horregatik ezin izan dut ere duatloietan parte hartu, martxoan hasten baitira. Bestela, herri krosetan parte hartzen dut entrenamendu moduan.

Iazko urteari begiratuta, ze balantze egiten duzue?

A.M. Helburua Zarautz izan zen, eta ez nuen esperotako maila eman, baina orokorrean denboraldi polita izan zen, bai emaitzen aldetik, eta baita asko gozatu nuelako. Adibidez, Senpereko triatloia irabazi nuen. Eguraldi txarra zelako, moldatu egin zuten eta bizikletako zatia kendu zuten eta duatloia bihurtu zen. Tena Bailarako triatloira, Jakan, normalean kuadrillan joaten gara asteburu pasa ere egiteko. Bertan hirugarren geratu nintzen, eta oso gustura. Horrez gain, Aritzalekuko triatloian seigarren bukatu nuen; oso polita izaten da, eta asko gustatzen zait. Bestetik, EAEko zirkuituan parte hartu nuen, baina hor maila oso altua da, eta emaitza onak lortzea kosta egiten da.

P.D.P. Espainiako Txapelketan laugarren postua lortu nuen, eta hurrengo eguneko Akuatloi Txapelketan zazpigarren postua egin nuen. Hemengo zirkuituan ez nuen parte hartu, baina bai Aritzalekuko triatloian, Asier bezala, eta bigarren postua lortu nuen sprint modalitatean.

Nola ari zarete entrenatzen?

A.M. Konfinamendua hasi zenean, Paulari dagokionez, hasieran planifikazioa mantendu nahi nion. Txapelketa garrantzitsuena, Espainiakoa, ekainean genuen, eta ahal zen sasoi onena mantentzea zen asmoa. Gero, egoera hau luzerako zihoala ikusterakoan, planifikazioa moldatu egin dugu eta egoera berrira egokitu. Helburua sasoia mantentzea da, eta konfinamendua bukatzen denean, egutegi aldetik zer panorama dagoen ikusi eta horren arabera estutu gehiago, edo bestela hanka altxa eta hurrengo denboraldira begira jarriko gara. Nire aldetik, etxean bizikleta estatikoa dut eta horri etekin pixka bat atera diot.

P.D.P. Nik arrabolean ordu batzuk pasa ditut. Indar zirkuituak egin ditut, luzapenak, eta igeriketa simulatzeko gomak erabili ditut. Garaje txiki bat daukat eta korrika egin ahal izan dut. Orain, ateak ireki dizkigutela, herritik korrika egiten dut, eta bizikleta ere hartzen dut.

Zuen kasuan hiru kirol praktikatzen dituzue. Nola eragingo dio egoera berezi honek zuen sasoiari?

A.M. Eragina izango du bai. Esaterako, igeri egin gabe sentsazioak galdu egiten dira, eta bi hilabete igerileku bat ukitu gabe egoteak bere ondorioak izango ditu. Igerilekura itzultzen garenean, nahiko gogorra egingo zaigu. Niri, batez ere. Paulari gutxiago, igeriketatik dator eta teknikoki abilezia handiagoa du. Ni lehenengo egunetan gehiago ariko naiz ur azpitik ur gainetik baino.

P.D.P. Asierrek dioen moduan, igeriketatik nator, eta ez dut uste hainbeste zailtasun izango ditudanik, baina edukiko ditut. Dauzkazun sentsazioak galdu egiten dituzu, eta gero bi hilabetetan miraririk ezin da egin. Azkenean, denok asko sufrituko dugu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!