Gutun bidez proposamen zehatza bidali diote 24 udalek foru aldundiari

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko mai. 19a, 11:58

Gipuzkoako Foru Aldundiak %20 murriztea erabaki du Udal Finantzaketarako Foru Funtsa; udalak ez daude ados, eta aldebakarrez erabaki izana salatu dute.

Udal Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gipuzkoako 55 alkatek gutun bateratua bidali diote «erabakia atzera botatzeko» eskatuz, Jabier Larrañaga Ogasun foru diputatuari. Tartean dira Tolosaldeko 24 herri.

Garrantzi handiko erabakia da, bereziki herri txikientzat, diru sarreren %60 inguru funts horretatik lortzen dutelako. Gipuzkoako 65 alkatek EH Bildu, PSE-EE eta independenteak zuzenean adierazi diote beren «desadostasuna» aldundiari. Hasteko, erabakia hartzeko udalekin ez kontatu izana salatu dute alkate guztiek. Erabaki hori hartu aurretik udalekin hitz egin behar zutela uste dute.

Honen aurrean, Gipuzkoako 55 alkatek bat egin dute, eta aldundira proposamen zehatza bidali dute. Tolosaldeko hogeita bi udaletatik bidali dute alkateek gutuna. Gehiengoa EH Bilduren udalak badira ere, tartean dira independenteak: Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa eta Zizurkil.

Lehenik eta behin, «atzera bota dezala UFFF bueltatzeko onarturiko erabakia», eskatu dute. Bigarrenik, «2020ko aurrekontu aurreikuspenak bere horretan manten ditzala udalentzat», azpimarratu dute. Hirugarren puntuan, zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz, UFFFaren beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea proposatu diote, «2021ean hasita, inongo interesik gabe». Bukatzeko, azken proposamena, «Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 milioiko diru laguntza bat bidera dezala udaletara Covid-19aren krisiak sorturiko gain kostuak arintzeko».

Alkizako alkate den Inaki Irazabalbeitiak, esaterako, herrien egoera bereziak aintzat har ditzala eskatu dio, «batez ere industriarik ez duten landa herriena. Ez dut konpartitzen guztioi murrizketa ehuneko bera aplikatzea». Eta, aldi berean, beharrezkoak diren gestio politikoak egin ditzala eskatu dio, «udalen egoera ekonomikoa eragozten eta mugatzen duten 2/2012 Lege Organikoak ezartzen dituen baldintzak malgutzeko».

Eneko Maioz Orexako alkate eta EH Bildu Gipuzkoako koordinatzailea da. «Orexako Udalaren kasuan, diru sarreren %80 da foru funtsa. Erabat kolokan jartzen du erabaki honek gure egoera finantzarioa. Zerbitzu publiko guztiak kolokan jartzen ditu aldebakarreko erabaki honek», dio. Proposamenaren harira, «zuzenean erantzun zaigu ezezko borobila», esan du. «Ezinezkoa dela proposamen hori egikaritzea, erantzun dute, azalpen gehiago eman gabe. Negoziaketarako ate guztiak itxi ditu foru aldundiak, eta ez du ezer jakin nahi udalekin». Aldundiaren jarrera «erabat arduragabea» iruditzen zaiela adierazi du Maiozek. «Foru aldundiak udalen babesle izan beharko luke, eta ez udalen erasotzaile».

PSE-EE ERE AURKA

PSE-EE alderdiko Larraul eta Berrobiko udalak ere ez dira ados aldundiak hartu duen erabakiarekin. Maite Arana Larraulgo alkatea haserre agertu da erabakiarekin: «Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseilua deitu behar zen aipatutako akordioa onartu aurretik, eta are ezinbestekoagoa zen egoera honetan».

Aranak ere landa eremuetako udalerrien egoera jarri du mahai gainean: «Gure ezaugarriekin sentsibilitatea izateko eskatzen dugu. Larraulgo foru funtsa aurrekontuaren %72 da gutxi gorabehera, eta horrek egoera zailean uzten gaitu». Aldiz, eskua luzatu die laguntzeko, «herritarrengandik hurbilen dagoen planotik beharren ikuspegia emanez».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!