Koronabirusa

Osasun Sailak utzi dio udalerri eta osasun eremuen datuak emateari

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Hermosilla 2020ko mai. 15a, 14:00

Informazioa emateko irizpideak aldatu dituzte. Hildakoen kopuruak gora egin du, baina gainerako adierazleetan egoerak hobera egin du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aldatu ditu koronabirusaren izurriari buruzko datuak emateko irizpideak, eta, atzoz geroztik, utzi egin dio udalerri, erietxe eta osasun eremuen araberako datuak emateari.

Ez da informazioan egindako murrizketa bakarra: bezperan, utzi zioten oinarrizko birsorkuntza tasa —batez beste, koronabirusaz kutsatutako bakoitzak zenbat lagun kutsatuko dituen— herrialdeka emateari, eta orain datu bakarra ematen dute Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako.

Normalean, oinarrizko birsorkuntza tasa bat baino gutxiagokoa bada, datu positibotzat jotzen da, eta bat baino handiagoa, berriz, negatibotzat, horrek esan nahi duelako gaixo bakoitzak, batez beste, beste pertsona bat baino gehiago kutsatzen duela eta, hortaz, pandemia hedatzen ari dela. Espainiako Osasun Ministerioak behin baino gehiago aipatu du tasa hori bat baino txikiagoa izatea irizpide garrantzitsu gisa fase batetik bestera igaro ahal izateko.

Osasun Sailak datuak herrialdeka emateari utzi zionean, tasa hori bat baino handiagoa zen zenbait herrialdetan. Atzo emandako datuetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 0,85 zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat.

«Epidemiaren joera oraindik ere positiboa denez, emandako datuak egoerara egokitzen jarraituko dute», azaldu du Osasun Sailak; «beraz, datozen egunetan buletinean aldaketak egin ahal izango dira, eta behar bezala emango da aldaketa horien berri».

Beste aldaketa bat ere egin du Osasun Sailak datuak eskaintzeko moldean, oraingoan «[Espainiako] Osasun Ministerioak eskatutako irizpide aldaketei erantzunez»: orain arte, egunero eguerdian ematen duten informazioan, bezperan 20:00 arte bildutako datuen berri eman izan dute; aurrerantzean, baina, 24:00 arteko datuak jasoko dituzte eguneroko buletinean.

«Aldaketa horri esker, egun osoko datuak eman ahal izango dira eta, beraz, pandemiaren eguneroko argazkia zehaztasun handiagoz ezagutu ahal izango da», azaldu du Osasun Sailak.

Hamasei hildako

Oro har, erakundeek pandemiaren inguruan emandako azken datuek horren bilakaera positiboa adierazten dute, kutsatu berriez, sendagiria jasotakoez eta ospitaleetako egoeraz bezainbatean. Horren ifrentzua da hildakoen kopurua: azken orduetan 16 lagun hil dira Hego Euskal Herrian, bezperan baino bi gehiago.

Batez ere, Nafarroan hildakoen kopurua emendatu izanak ekarri du datuen okertze hori. Azken orduetan, koronabirusak jotako lau gaixo hil dira; bezperan bakarra izan zen.

Gainontzean, positibo berriak azken orduetan 357 izan dira, bezperan baino 13 gutxiago. Horietatik, 49 PCR proben bidez detektatu dituzte, eta 308, berriz, test azkarren bidez. Azken proba horrek detektatzen ditu koronabirusaren kontrako defentsak garatu dituztenak. Beraz, esan daiteke proba horretan positibo eman dutenek gaixotasuna izan dutela noizbait, baina horrek ez du esan nahi proba egiteko momentuan gaixo zeudenik.

Erietxeetako egoerari dagokionez, hori ere apurka-apurka hobera egiten ari da. Azken datuen arabera, 525 gaixo artatzen ari dira Hego Euskal Herriko ospitaleetan, bezperan baino 34 gutxiago. Horietatik, 76 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude ospitaleraturik.

Bizkaiak segitzen du ospitaleratu gehien daukan herrialdea izaten: 243 gaixo artatzen ari dira herrialde horretako erietxeetan. Nafarroak 110 ospitaleratu ditu, eta Arabak, berriz, 106. Gipuzkoako erietxeek daukate egoerarik onena: orain, 66 lagun baino ez dira artatzen ari Gipuzkoako ospitaleetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!