Azken bi hilabeteetan, etxean konfinatuta egon beharra tokatu zaigu. Beharrezkoak ez ziren jarduera guztiak eten zituzten eta bizitzeko beharrezkoak ziren horiek bakarrik utzi zituzten martxan. Horietako bat, komunikabideak izan dira, ATARIA izan da. Krisialdi guzti honetan hor egon gara, goizean esnatzean egunkaria eskura izan duzu, irratiak ere konpainia egin dizu eta webgunea uneoro eguneratua izan duzu. Etxean egon zarenean, egunerokoari beste begi batzuekin begiratzen lagundu dizu.
Etxean sartuta egon zaren honetan, guztia izan dezazun, ATARIA-n lan egin dugu. Ohikoa baino gehiago, estresatuago eta urduriago, baina noski, babes neurriak hartuta. Ia guztiek etxetik egin dute lan, lana eta zaintza partekatuz; distantziari neurria hartuz.
Denbora guzti honetan asko ikasi dugu eta krisialdi honetatik atera dugun ondorioetako bat hau izan da, talde bikaina daukagula. Talde diogunean, kazetariez bakarrik ez gara ari. Gure lana osagarri egiten duten beste kideak ere hor ditugu: banatzaileak, inprentetakoak, teknikoak… Prebentzio neurriekin eta beldur guztiekin lan egin dutenak. Asko gara, asko behar ditugulako. Ezin ahaztu era berean, garai zail hauetan publizitatea mantendu duten iragarleekin eta baita noski, beti hor egon diren erakunde publikoekin ere. Mila-mila esker guztiei.
HAINBAT DATU
Koronabirusaren krisi honek gainera garbi erakutsi digu tokiko informazioak zer garrantzi duen. ataria.eus webguneko audientzia nabarmen igo baita azken bi hilabete hauetan. Otsailean 126.984 bisita eta 39.915 erabiltzaile izan genituen, martxoan aldiz 201.814 bisita eta 58.075 erabiltzaile, %59 eta %46a igoz. Eta apirilean berriz, 194.246 bisita eta 45.897 erabiltzaile. Alde honetatik ere oso pozik gaude, krisialdi honetan euskal komunikabideek duten garrantzia argi ikusi delako.
Baina datozen asteak oso zailak izango direla jakin badakigu eta kezkatuta gaude. Krisi honek gure sektorea ere asko kolpatu du eta gure diru-iturri propioak asko murriztu dira. Honek ekonomikoki asko eragingo digu ATARIA-n, harpidetzak, publizitatea eta zerbitzuak asko jaitsiko dira, uztaila arteko aurreikuspenen arabera, 30.000 euro, eta urte amaiera ere gogorra izatea aurreikusten dugu.
Egun berezi hauetan ATARIA-k zer eman dizun ez dugu ahazterik nahi. Hor egon garelako, egiten dugun hori zuentzat egiten dugulako. Egun hauetakoa eskertzeaz gain, laguntza ere eskatu nahiko genizueke. Aurrerantzean ere, zuen guztion laguntzarekin, egiten jarraitu nahi dugulako.
Mesedez, ez ahaztu ATARIA-k zer ematen dizuen, eta hori ematen jarraitzeko, guztion laguntza beharrezkoa da. Egoera on eta txarretan, ATARIA, beti, hor egongo delako. Beraz, gogoratu zuek ere gurekin eta egin Atarikide!