Hilaren 25era atzeratu du Jaurlaritzak eskola itzulera

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Larretxea Agirre-Irati Urdalleta Lete 2020ko mai. 14a, 16:56

Hasieran maiatzaren 18an ezarri zuen eskolak irekitzeko eguna baina azkenean atzera egin eta astebete atzeratu du. Denis Itxasok atzo erran zuen lehenengo fasean ezin direla eskolak ireki. 

Hasieran hezkuntzako jarduera maiatzaren 18an hastea nahi bazuen ere, hasierako data hori astebete atzeratzea erabaki du orain Jaurlaritzak. Beraz, datorren maiatzaren 25etik aitzinera hasiko dira eskolak irekitzen. Borondatezkoa izango da irekiera hori eta eskola bakoitzak hartu beharko du  erabakia. 

Gaur eman du erabakiaren berri Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Bozeramaileak: «Eskola komunitatean arazo gehiago ez sortzearren, argitasuna eta segurtasuna emateko helburuarekin, eta kontuan hartuta oraindik ez dugula Madrildik jaso zehazketa juridikoa, erabaki dugu maiatzaren 25ean hasiko dela eskoletara itzultzeko dinamika guztia».

Cristina Uriarte Hezkutza Sailburuak gutun bat helarazi du ikastetxeetara, erabakiaren berri emateko. Bertan jasotzen denez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila joan den larunbatean Espainiako Gobernuak onartutako proposamen bat lantzen aritu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza eragileekin. Oharrak zehazten du Eusko Jaurlaritzak, proposamena onartzeaz gain, Espainiako Gobernuaren aldetik haren arautze juridikoa behar duela, estaldura juridikoa, akordioa aplikatzeko. «Eusko Jaurlaritzak, une honetara iritsita eta Espainiako Gobernuak oraindik hartu ez duen erabaki horren zain, ez du hezkuntza komunitatea tentsioan eta zain eduki nahi datozen egunotan, ezta Hezkuntza Saila egiten ari den elkarrizketa prozesuan maiatzaren 18rako geletara itzultzeko prest dauden hezkuntza sareak ere». Horrenbestez, Hezkuntza Sailak ziurtatu du eragileekin lanean jarraituko duela hurrengo egunetan eta datorren astean, maiatzaren 25ean ikasgeletara itzuli daitezen lehen aurreikusitako mailetako ikasleak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskolen itxiera atzeratzea ez da izan hezkuntzari lotuta gaur hartu duten erabaki bakarra. Isabel Zelaa Espainiako hezkuntza ministroak bilera izan du autonomia erkidegoetako ordezkariekin, eta bertan lanerako talde bat osatzea adostu dute irailean ikasgeletara nola itzuli prestatzeko, pandemiaren eboluzioan hiru egoera egon daitezkeela ikusita: eskola jarduera normaltasunez ekiteko aukera izatea, osasun distantzia bat mantentzea beharrezkoa izatea edo berragertze baten ondorioz ikastetxeak berriro itxi beharra. Balizko egoera guztietan beharrezkoa izango dela uste dute curriculumak eta mailetako, arloetako eta ikasgaietako programazioak egokitzea, arreta berezia emateko «ezinbesteko konpetentziei» eta berreskuratzeko aurrez aurreko hezkuntza jarduera bertan behera gelditzeak eragindako «aldaketa garrantzitsuak» sortutako galerak.

Irailean kutsatzeak ekiditeko pertsonen arteko distantziak mantentzea beharrezkoa bada, taldeak banatu beharko lirateke eta «ikastetxeko leku guztiak optimizatu, aurrez aurreko jarduera eta distantziara egindakoa konbinatu edo ordutegiak egokitu osasun baldintza guztiak betetzeko eta formakuntzaren jarraipena ziurtatzeko». Hezkuntza Ministerioaren ustez aukera gehien dituen egoera horretan, beharrezkoa izango da ikastetxeei osasun eta higiene materiala ematea ikasleentzat nahiz irakasleentzat; higienerako eta osasun kontrolerako neurriak ezartzea; mugikortasunerako protokoloak egitea, ikastetxera sartzeko eta handik ateratzeko; eta osasun alorreko heziketa ematea ikasleei eta irakasleei. Edozein kasutan, programatuko dituzten jarduerak eta edukiak egokiak izan beharko dira online eta distantziara egiteko, eta aurreikuspenak egin beharko dituzte ikasturtearen zatiren bat distantziara ebaluatu behar badute ere.

Gainera, konpromisoa hartu dute uda baino lehen dokumentu bat egiteko hurrengo ikasturterako orientazioarekin. Espainiako Hezkuntza Ministerioak azaldu duenez, gomendio horiekin, autonomia erkidegoek eta ikastetxeek euren kontingentzia planak diseinatu beharko dituzte, «hezkuntza jarduera bermatzeko, autonomia erkidego bakoitzaren konpetentziak eta ikastetxeek irakaskuntza autonomia errespetatuz».

Hurrengo ikasturtea hasi aurretik, unibertsitatera sartzeko proba egin beharko dute hainbat ikaslek. Gogorarazi dute autonomia erkidego bakoitzaren ardura dela proba horiek egitea «bertan dauden ikasleentzako eta irakasleentzako baldintza egokienetan».

Maiatzaren 7an iragarri zuen Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak eskolak maiatzaren 18an irekitzeko asmoa. Batxilergoko bigarren mailako ikasleak ziren hastekoak egun horretan, baita Lanbide Heziketako goi mailako zikloetako lehen eta bigarren mailako ikasleak eta erdi eta oinarrizko mailetako bigarren ikasturtekoak ere. Astebete geroago, maiatzaren 25ean, DBHko laugarren mailakoak, Batxilergoko lehen mailakoak eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako lehen mailakoak itzultzea espero zuten. 0-1 urteko haurrentzako haur eskolak irekitzeko aukera ere zabaldu zuen Uriartek. Sindikatuen haserrea eragin zuen erabakiak, jaurlaritzarik «aldebakarreko» erabakiak hartzea leporatu zioten, eta aurreratu zuten segurtasun baldintzak bete ezean protesta egin eta irakasleak ez zirela ikasgelara itzuliko. 

Astelehenean ordea, berriz ere irizpidez aldatu zuen jaurlaritzak eta ikastetxeak irekitzea «borondatezkoa» zela erran zuen. Erkorekak, orduan erran zuen beharrak non dauden erreparatuta eta «irizpide pedagogikoak» aintzat hartuta erabaki ahal izango dutela zer-nola jokatu eskola bakoitzak. Ondoren, Hezkuntzako ikuskaritzei adierazi beharko diete zer erabaki hartu duten. Ebatzi dezakete ikasle guztiek online amaitzea ikasturtea, zenbait ikasle bakarrik joatea aurrez aurreko eskoletara, edota den-denak. «Errealitate ezberdinak» daudela aintzat hartuta, hauturik onena hori dela adierazi dute. 

Atzo, ordea, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak mezua argia bidali zion Jaurlaritzari:  «Lehenengo fasean eskolekiko esaten den gauza bakarra da irekitzea, desinfektatzea, garbitzea eta prestatzea dela posible, baina ez eskoletako gelak ireki eta bertan haurrak sartzea». Haren hitzetan, hori «azkarregi joatea» zela-eta, printzipioz ez dago lehenengo fasearen aukeren artean. Itxasok nabarmendu zuen arintze prozesuan baldintza zorrotzagoak jarri nahi badira, ez dagoela arazorik; bai, ordea, arintze prozesua «gehiegi azeleratu» nahi duten neurriei buruz hitz egitean. «Ikusiko dugu, bigarren fasera begira, zein diren aukerak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!