Zaborra kanpoan uzteagatik isunak jarriko dituzte

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 13a, 19:59

Ibarrako eta Villabonako udalek oharra zabaldu dute, udaltzaingoa isunak jartzen hasiko dela jakinarazteko herritarrei.

Konfinamendua ezarri ostetik errefusa eta organikoa botatzeko edukiontziak zabalik dituzte Ibarran. Bada, Igor Zapirain herriko alkateak azaldu duenez, jende multzo batek ez du errespetatzen edukiontzien erabilera. Izan ere, bere sare sozialetan herriko edukiontzien irudi bat zabaldu du eta bertan ikus daiteke jendeak edukiontziz kanpo uzten dituztela hondakinak. "Organikoa eta errefusaren edukiontziak irekita jarri ditugu, eta orain behintzat aitzakiarik ez dago".

Udaltzaingoa esku hartzen hasia dela azaldu du: "Norbait harrapatzen badugu zaborrak edukiontzitik kanpo uzten, txakur kakak ez jasotzen edo kaleko katuei jana ematen, udaltzainak zuzenean isuna jarriko dio". Azaldu duenez, dagoeneko isun batzuk jarri dituzte zaborragatik.  Bestalde, gogorarazi du zamalan guneetan autoak aparkatzen dituzten herritarrei ere isuna jarriko zaiela. "Bide ertzeetan dauden zamalan guneetan jendeak bere autoa uzten badu, kamioia errepide erdian geratzen da, eta errepidea libre mantendu behar dugu edozein larrialdi egoeretarako".

Villabonako Udalaren oharra, argazkiari erreferentzia eginez: Horrela zegoen atzo kale Berriko edukiontzien gunea. Zergatik ez dira poltsak edukiontzietara sartzen? Udaletik hondakinen poltsak edukiontzietan sartzea exijitzen dugu. Ohartarazten dugu udaltzaingoa poltsak lurrean utzen dituztenei zigor neurriak ezartzen hasiko dela".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!