Apirilean %4,99 igo da hondakinen kopurua eskualdean

Irati Saizar Artola 2020ko mai. 13a, 20:00

Etxeetan sortutako hondakin kopuruak gora egin du konfinamenduan; ostalaritzatik eta komertzioetatik jasotzen duten hondakin kopurua, aldiz, jaitsi egin da.

Konfinamendua ezarri osteko datuak eman ditu Tolosaldeko Mankomunitateak. Martxoko bigarren hamabostaldian, aurreko urteko epe berarekin alderatuta, %7,4 igo da hondakin kopurua, eta apirila osoari dagokionez, %4,99ko igoera izan du. Azken datu hori ere iazko apirileko datuekin alderatuta eman dute. Gemma Eceiza ingurumen teknikariak azaldu duenez, «etxean konfinamenduan egon garen bitartean, etxeetan sortzen diren hondakin motak, hau da, organikoa, ontziak, papera eta errefusak gora egin du». Era berean, ordea, aktibitate ekonomikoetan sortutako hondakin nagusienak, hau da, ostalaritzako beira edo komertziotako kartoi bilketak behera egin duela esan du, «mota hauetako establezimendu gehienak itxita egon baitira».

Apirilean, beraz, ia ehuneko bosteko igoera izan du hondakinen bilketak: errefusean %6,88a igo da, organikoan %7,40a, ontzietan %9,81a eta paperean %8,58a. Beira eta kartoiaren kopuruetan nabarmen jaitsi dira ehunekoak, iazko datuekin alderatuta. Eceizak azaldu bezala, itxita egon diren komertzioetatik biltzen baitituzte hondakin horiek. Beiraren kasuan %8,03 jaitsi da eta kartoiaren kasuan, berriz, %21,05. Gaikako bilketaren ehunekoa ia ez da aldatu, apirilean %68,18koa izan baita, iazkoa baino %0,82 gutxiago.

Hala ere, konfinamendua hasi zenetik apirila amaitu arte lortutako datuetan, igoera hori apaltzen doala ikus daiteke. Martxotik ia bi puntu eta erdi murriztu baita igoera.

Maiatzean jasotzen dituzten datuetan ikusi egin beharko da komertzio eta ostalaritza lokaletatik jasotzen den hondakin kopuru horrek zein joera izaten duen. Izan ere, momentuz ez dira ehuneko ehunean lanean ari, baina pixkana irekitzen ari baitira saltoki horiek. Eta etxeetan sortzen diren hondakinek ere ea zein norabide hartzen duten.

GARBIGUNEA ZABALIK

Astelehenean ireki zuten Garbigunea erabiltzaile guztientzat. Ordura arte, alarma egoerak hala eraginda, gremio profesional eta udaletako zerbitzuek bakarrik erabili ahal izan dute. Gogorarazi dute astelehenetik ostiralera zabalik izango dela 09:00-14:00 eta 15:00-17:30 bitartean, eta larunbatetan 09:00-13:30 ordutegia izango du. Instalazio horretan, hainbat motako hondakinak jasotzen dira: altzariak, egurrak, burniak, obra hondakinak, lorategi-kimaketa hondakinak eta etxeko hondakin arriskutsuak, besteak beste.

Era berean, traste zaharren bilketa zerbitzua ere martxan da astelehenaz geroztik. Zerbitzu horren bitartez bolumen handiko hondakinak jasotzen da, hala nola, altzariak, koltxoiak, sofak eta etxeko tresna elektrikoak. Gaineratu dute garrantzitsua dela herri bakoitzeko bilketa egutegia errespetatzea eta hondakinak atera aurretik mankomunitatera abisua pasatzea. 943 67 62 16 telefonora deituta edo web orriaren bitartez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!