Larre gehienak udalen jabetzakoak dira betidanik, nahiz eta haien kudeaketa aldundiari lotuta izan, 2006ko Mendietako Foru Arauari jarraiki.
Lehenik, Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak Imanol Lasa diputatuari eskatzen dio abereen gaixotasunen gaineko osasun programa trinkoari eustea. Hain zuzen, gogoratu behar da 2015. urtetik aurrera EAJk garatu duen boikot larria, Xabier Arruti eta Arantxa Ariztimuño foru zuzendarien bultzadaz, Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroaren (REGA) animalien osasun-arautzearen eta mugimenduen kontrola eta lurralde eguneratzearen gain. Erregistro honen helburua edozein ukuilu, mugimendu eta aire libreko ustiategien baimentzea eta kontrolatzea da, ekoizpenerako abereak eduki, hazi edota kudeaketaren gainetik.
EAJk elikadura seguritateari eragiten dizkioten hainbat protokolo ezabatu zituen eta kontrol publikoaren mekanismoak gutxiagotu zituen, jelkideen inguruko abeltzainen eta presio taldeen ezkutuko kudeaketa eta ustelkeria erraztuz. Eta guzti honekin batera etorri zen bertako arraza mehatxatuen berreskurapen eta babes egitasmoen suntsiketa, besteen artean betizu behiena.
Bestalde, abeltzaintza profesionala gainbeheran aurkitzen da Gipuzkoan, aisialdiari lotutako abeltzain-kopurua handitze batekin ordezkatuz, eguneroko lanaldiaren ondoren eta asteburuetan beren denbora librea erabiliz. Honenbestez, Eguzkitik abeltzaintza profesionalaren egiazko sustapena eskatzen dugu. Ingurumenaren gainean sortzen diren egungo erasorik gabeko eta izaera agroekologikoko lehen sektorea eraikiz, hau dena tokiko ekoizpenaren eta elikadura burujabetzaren agertoki batean egonik.
Ariztimuño eta Arruti foru zuzendarien aurrekariak eta beren ingurumenaren eta bioaniztasunaren kontserbazioaren aurkako jarrera erasokorra ezagututa, ezinbestekoa da 22 mendi larre hauen kudeaketan hurrengo osagai hauen gaineko eragina gutxiagotzea eta ezabatzea: naturgune babestu publiko hauetako lurzoruak, ura, larreak, basoak, hezeguneak, eta basafauna eta flora. Abereen presioari eta jarduera pribatu hauetara zuzendutako diru publikoari mugak jarri behar zaizkio.
Gehiegizko larreratzea eta uretako kutsadura Natura 2000 Sareko legediarekiko bateraezinak dira: zenbat larre hektareak eutsi diezaiokete hondatu gabe 40.000 abereren larreratzeari? Larre eta mendi publikoetako abere gainkargaren arazo errepikakorraren jatorria sortzen da, abeltzain ugariren eskaera pribatuak, mendien kontserbazioa eta interes orokorraren gainetik jartzen direnean.