Koronabirusa

Hondakin datuekin, «harrituta»

Imanol Garcia Landa 2020ko mai. 12a, 18:00

Tolosaldean, eta oro har Gipuzkoan, konfinamendu garaian izan diren hondakinen bilketaren datuekin «harrituta» daudela azaldu dute Eguzkitik. «Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak adierazi duenez, Gipuzkoan, konfinamendu aldian, hiri hondakin kopurua %6,7 handitu da», azaldu du Plazaolak.

Tolosaldeko kasuan, mankomunitateak eman dituen datuak martxoaren bigarren hamabostaldikoak dira, aurreko urteko epe bereko datuekin alderatuta. Orokorrean, %7,4 igo da hondakin kopurua: errefusan %7a, organikoan %2a, ontzi arinetan %18a, eta paperean %16a. Kartoiaren datuak egin du behera, %34an. «Horren arrazoia komertzioak itxita egon direla da, eta, beraz, ez dela horietatik kartoirik bildu», esan du Plazaolak. Gaikako bilketaren portzentajea ia ez da aldatu, hamabostaldi horretarako aurtengoa %63,74 izan baita, iazkoa baino %0,15 gehiago.

Harrituta egoteko argudioen artean, batetik, aurreko ekonomi krisian gertatu zen gaietako bat hondakinen gutxitzea izan zela azaldu du Plazaolak. Bestetik, konfinamendu garaian jende ugari egon dela etxean, supermerkatuetan lehentasunezko produktuak ez direnak ezin izan direla erosi edota turismorik ez dela egon ekarri du gogora. «Beste lurralde batzuetan eman dituzten datuei begiratuta, gutxitu egin da hondakinen kopurua. Esaterako, Kanariar Uharteetan %25a jaitsi da, logikoa dena turismoak han duen garrantziarengatik. Valentzian %23 inguru jaitsi da, Madrilen ia %20a, Bartzelonan eta inguruko herriak hartuta %17a inguru... Euskal Herrira etorrita, Bilbon martxorako emandako datua %12ko murriztu dela da. Beraz, zer gertatu da Gipuzkoan?».

Eguzkitik ez dutela oraingoz erantzunik dio Plazaolak. Apirilean jasotako datuekin zer gertatzen den ere ikusi egin beharko dela gaineratu du. «Hori bai, ez badago distortsiorako daturik eta martxoko datuak errealak badira, zerbait ez gara ari batere ondo egiten. Egon garen egoeran egonda, hondakinen kopurua igotzeko gai izan bagara, zer begiratua badugu», zehaztu du Plazaolak, eta eskaera bat egin die herritarrei: «Kontziente izatea zer kontsumitzen dugun, eta beharrezkoak bakarrik diren produktuak erosteaz aparte, behin hondakinak sortzen direnean horiek ahalik eta ondoen kudeatzen saiatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!