Airearen kutsadura konfinamendu garaian jaitsi egin dela azaldu dute Eguzki talde ekologistatik. Egoera honetan herritar gehienen mugimenduak murriztuta egon dira eta hainbatean horrela jarraitzen du. Trafikoa asko murriztu da, beraz, eta hainbat lantegi itxita egon dira aldi batez, eta beste hainbat oso maila baxuan lanean. «Herrietan dauden neurgailuetan nitrogeno oxidoari begiratu behar zaio», esan du Garikoitz Plazaola Eguzki taldeko kideak. «Izan ere, nitrogeno konposatuak, eta bereziki nitrogeno oxidoa, dira garraioek sortzen duten kutsagai garrantzitsuenetakoa eta ugarienetakoa».
Donostian %49an jaitsi da apirilaren bukaeran nitrogeno oxidoaren kontzentrazioa. «Tolosaldeko kasuan, ez da zehazki neurtzen kontzentrazio totala, baina esan daiteke gutxienez %25-30ean jaitsi dela nitrogeno oxidoaren kontzentrazioa konfinamendua luzatzen joan den heinean», azaldu du Plazaolak. «Hasieran gutxiago, eta orain apirila bukaera aldera gehiago gertatu da». Aurreko urteko data berarekin, zein aurreko hilabetekoarekin alderatuta ere murriztu egin dela dio.
Partikulei dagokionez, ez da izan hain nabarmena beherakada. «PM 2,5eko neurgailuan atzeman da beherakada bat, eta PM 10ean askoz gutxiago», zehaztu du Plazaolak. «Izan ere, kutsaduraz hitz egitean ez da trafikoa eta industria jarduera bakarrik kontuan hartzen. PMren kasuan partikulak neurtzen direnez, naturan ere baditugu beste mota batekoak. Orain, udaberrian, oso ugaria izaten da polena. Ondorioz, kutsadura atmosferikoari begira, datuak distortsionatu egin daitezke pixka bat». Partikulei dagokionez, polena zein Saharatik haize boladek ekartzen dituzten hondar aleak izan daitezkeela azaldu du.
Garraio publikoa erabiltzeko baldintzak gogortzeak, epe labur-ertainera kutsadura datua handitzea ekar dezake. «Covid-19aren egoerak ekarri duena da segurtasun neurriak handitu beharra, garraio publikoa ingurune arriskutsutzat hartzea, leku txikian jendea ugari elkartzen delako», esan du Plazaolak. «Horrek ekarri dezake pertsona batzuk lanera joateko orain ibilgailu pribatua erabiltzea erabakitzea, aurretik garraio publikoa erabiltzen zutenean. Beraz, trafiko igoera bat ekarri dezake».
Horren aurrean Eguzkitik espero dute agintariek «dagozkien kanpainak» egitea, «alegia, informazio ona eta egokia emateko». Plazaolak uste du askotan ez dela oso informazio pedagogikoa ematen: «Agintariek benetan zehazten joatea, oraindik ez dutelako garbi, zenbaterainokoa izan daitekeen arriskutsua edo ez garraio publikoa erabiltzea, eta neurri horiek guztiak kontuan hartuta garraio publiko egoki bat eta ikuspegi sanitariotik ez kutsakor bat izatea. Hemendik aurrera gai hauetan ibiltzen garenoi geratzen zaigun lanetako bat izango da hori, bereziki agintariei».
«SAKONEKO HAUSNARKETA»
Kutsadura jaitsi izanak «sakoneko hausnarketa» uzten duela dio Plazaolak, eta osasun larrialdia iritsi aurretik, ingurumenaren alorrean hizpide zen gai nagusia larrialdi klimatikoa zela ekarri du gogora. «Lurraren berotze efektuak eta horrek sortu ditzakeen aldaketa posible guztiez hitz egiten ari ginen, eta gizakiak eragindako kutsadura murriztu beharraz», esan du Eguzkiko kideak. «Kasu honetan garbi geratu da, baten batek garbi ez bazuen ere, gure jarduerak benetan kutsadura ugaritu egiten duela era nabarmenean, eta, bestetik, neurri egokiak hartzen baditugu, eta bai administrazioak eta herritarrak erabiltzaile gisa kontzientziatzen bagara, egoerari buelta emateko bidean jartzea askoz errazagoa izan daitekeela».
Gobernuek egindako mundu mailako bileretan neurri murriztaileak hartu izan dituztela, baina gero praktikara eramateko «zailtasunak» ikusten zirela edo «kasu askotan borondate falta ere bai», zehaztu du Plazaolak. «Orain ikusi dugu neurriak hartuz gero emaitzak lortu daitezkeela. Beraz, jar gaitezen lanean neurri horiek hartzeko. Horrek ez du esan nahi orain mundu guztiak etxean geratu behar duenik, baina bai garraioa modu arrazional batean erabili behar dugula, kolektiboa zein banakakoa, herri eta hiriak era egokian antolatu behar ditugula garraioren premia murriztu aldera».
Larrialdi klimatikoari «benetako erantzun egoki bat» eman nahi bada, neurri horiekin aurrera egin behar dela gaineratu du. «Hobea da bai ikuspegi ekonomikotik, bai osasun ikuspegitik eta bai ingurumen ikuspegitik, arazoak etorri aurretik irtenbideak ematea. Larrialdi klimatikoarena gainean dugu, eta zenbat eta beranduago hartu erabakiak eta pausoak eman, orduan eta arrisku gehiago dugu ezinezko puntura iristeko, jada hortik gertu ez bagaude behintzat».
Prebentzioaren alde egin du Plazaolak, eta Zaldibarko zabortegiaren arazoa konpontzeko Eusko Jaurlaritza jartzen ari den dirua ekarri du gogora: «Ondoren hartu behar diren neurriak bai izaten direla garestiak, ikuspegi guztietatik. Aurretik hartzen direnak, nahiz eta garestiak iruditu, ziur askoz merkeagoak direla». Lehentasunak zehaztea dela gakoa gaineratu du eta, adibide moduan, galdera bat egin du: «Zein da lehentasuna, garraiobideak azkartzea edo gure osasuna eta benetako etorkizuna bermatzea?».