'Ataria irratiak' ohiko jardunari ekin dio

Ataria 2020ko maiatzaren 12a

Aste honetan hasi da eskualdeko euskarazko irratia ohiko saioekin; entzuleen mezuak 687 41 00 33 zenbakira bidali daitezke. Irratia entzuteko bi aukera daude: Tolosaldean 107.6 fm-n eta mundu osoan ataria.eus-en bidez.

Egoerak behartuta bere programazioa moldatu beharra izan du Ataria irratiak azken asteetan, eta aste honetatik aurrera, ohiko edukiez gozatu ahal da euskarazko Tolosaldeko irratian.

Hala, ohi bezala, informazioa eta entretenimendua izango dira goizeko osagai nagusiak. 09:00etatik 12:00etara luzatuko da Pasahitza magazina, eta lehen orduan bidaiek eta azpieskualdeko albisteek izango dute lekua. Bigarren orduan, eguna kokatzearekin batera, eguneko protagonistaren elkarrizketaren txanda izango da. Aste honi dagokionez, bihar, 10:30ean, Olatz Peon Tolosako alkatearekin azken bi hilabeteen balantzea egingo dugu, etzi, ostegunean, Tenpora musika taldeko kideak izango ditugu euren lan berriaz solasean, eta ostiralerako Garbiñe Biurrun epailearekin egin dugu hitzordua.

Solasaldiei dagokienez, asteazkenetan izango da helduen txanda, eta ostiraletan 11etatik aurrera aztertuko dugu aktualitate politikoa. Literaturak, lehen sektoreak, ingurugiroak eta kirolak osatuko dute magazineko azken ordua. Arratsaldeei dagokionez, Arrosa sareak ekoiztutako Zebrabidea magazina izango da ohiko moduan, eta gauean eta asteburuan, trikitia, bertsoak, erotika eta musika izango dira protagonista.

687 41 00 33 da Ataria irratiko whatsap zenbakia, agurrak, berriak edota aldarrikapenak zabaldu nahi dituen ororentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!